2008/4/15
Ontzietako motorrek gaur egun dituzten muga tekniko nahiz ekonomikoak gainditzeko asmoarekin, OFIENGINE proiektua jarri du abian INASMET-Tecnaliak; ihesbide-sistemaren eta, oro har, motorraren osagaien iraupena luzatzea da azken helburua. Horretarako, proiekzio termikoan oinarritutako estaldura teknologiko berria erabiltzeari ekin diote: OFI (Oxy-Fuel Ionisation). INASMET-Tecnalia teknologia hori lantzen aritu da azken lau urteotan, plasma bidezko konbustio-prozesu supersonikoan oinarritutakoa, alegia.
Aurreikuspenen arabera, teknologia hori aplikatzearen ondorioz, higatze-mekanismoei aurre egiteko beharrezkoak diren estaldura teknikoak sortzeaz gain, egungo proiekzio termikoko prozesuak hobetu ahal izango dira, bai kostuan, bai fidagarritasunean, bai eta industria-arloan erabiltzeko orduan ere.
Proiektuak hiru urteko iraupena izango du, eta parte hartuko dute Limogeseko Unibertsitateko Ikerketa Zientifikorako Zentro Nazionalak (CNRS), eta enpresa ugarik, besteak beste, Euskal Herriko Javikan, Arain eta Mecanizados Kanter, eta Europako beste enpresa batzuk, hala nola PyroGenesis (Grezia) eta BPE International Dr. Hornig GmbH (Alemania).
Bi aldiko diesel motorra da ekonomikoena eta fidagarriena ozeanoetan zeharreko merkataritzako flotetan.
Hala ere, ontzigintza-industriarentzat eta itsas merkataritzarentzat bada bestelako helburu garrantzitsuagorik: mantentze-lanen beharrizanak murriztea eta erabiltzeko unean fidagarritasuna bermatzea, betiere lehiakortasuna sustatze aldera.
Motor horren osagai ugari aztertu dira (hala nola gas-ihesbidearen osagaiak, zilindroaren estalkia, pistoiaren burua, segmentuak eta zurtoina), haien bizitza erabilgarria luzatzeko asmoz. . Kontuan izan behar da ihesbide-sistema dela motorraren alderik garestienetarikoa; izan ere, korrosibitate- eta tenperatura-maila handietan funtzionatzen du. Horregatik, kostu handia duten material aurreratuak erabili behar dira elementu horiek egiteko.
Irteera-balbulak sortzeko, adibidez, material bereziak erabili behar dira, bai muturreko higadurari nahiz korrosibitate-baldintzei aurre egiteko, eta bai sistemaren berezko presio handiei erantzuna emateko. Nimonic izeneko aleazioa da balbula-mota hori egiteko materialik aproposena; hala ere, ohiko balbulak egiteko, tenperatura handietan eginiko altzairua erabiltzen da oraindik ere, balbula-asentua zati batez gogortuta.
Material horien kostua eta berrikuste-aldiak murrizteko beharrizanaren ondorioz, prozedura eraginkorrak garatu dira, bai balbulen osagaiak berregokitzeko, bai mantentze-lanak modu egokian gauzatzeko.
Ohiko prozedurari jarraituz gero, esteliteak birkargatu behar dira, balbula-asentuetan soldadurak eginez; horrez gain, zeramika eta metalezko estaldurak erabiltzen dira, balbularen ardatzean aplikatuak. Horretarako, teknika berezi bat erabiltzen da: abiadura handiko proiekzio termikoa edo HVOF (High Velocity Oxy-Fuel). Ekipoak fabrikatzen dituzten eta mantentze-lanez arduratzen diren enpresa askok eta askok beren zehaztapenetan teknika horiek barne hartzen badituzte ere, horien erabilerak muga tekniko zein ekonomiko batzuk ditu eta, beraz, osagai horien fabrikazioa mugatuta dago, hein handi batean.
Proiektuaren helburu praktikoak honako helburu teknologiko hauetan oinarritzen dira:
Babesleak:
Webgune honetako edukiak ezin dira erabili baimenik gabe.
Copyright © 2007 Elhuyar Fundazioa