2009/5/25
Nekazaritza-lurren etengabeko degradazioa ingurumenari eta gizarteari loturiko arazo larria da. Horregatik, beharrezkoa da nekazaritza-eredu jasangarriagoak garatzea.
Tesiaren egilea Iker Mijangos Amezaga da, Biologian lizentziaduna, eta tesiaren izenburua, berriz, Impacto de las prácticas agrícolas sobre la salud del suelo (Nekazaritza-jarduerek lurzoruaren osasunean duten eragina). Tesiaren zuzendariak Carlos Garbisu Crespo eta Isabel Albizu Beitia izan dira, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia sailekoak. Mijangosek NEIKER-Tecnaliarekin lankidetzan egin du tesia, eta gaur egun ikertzaile lanetan ari da zentro teknologiko horretan.
Tesian, Mijangosek aztertu du zenbait nekazaritza-teknika alternatibok —lugorri uzteak, ongarriztapen organikoak, kareztatzeko kareharria edo zur-errautsa erabiltzeak— laborantzaren ekoizpenean eta lurzoruaren osasunean duten eragina. Lurzoruaren osasuna neurtzeko, adibidez, lurzoruaren hainbat ezaugarri fisiko, kimiko eta, batez ere, biologiko aztertu ditu.
Kareharria kare biziaren ordez
Ikerketaren lehen zatian, ikertzaileak ondorioztatu du mendiko larre estentsiboetarako kareharria aukera bideragarria izan daitekeela, aspalditik erabiltzen den kare biziaren aldean. Izan ere, produktu biek lurzoruaren azidotasuna murrizten dute neurri batean, eta lurzoruaren aktibitate biologikoa, belar-kantitatea eta belarraren kalitatea handitzen dituzte.
Bazka-txandatze intentsiboei dagokienez, azterketaren arabera, ustiapen-kostuak murriztu egiten dira behien mindarekin ongarrituz (ongarri organikoa), lugorri uztearen teknika erabiliz, eta neguan lekadunak ereinez —ongarriztapen mineralarekin, ohiko laborantzarekin eta landare gramineoen monolaborantzarekin alderatuta, hurrenez hurren—. Behien mindek, batez ere lugorri uztearekin batera erabiltzen direnean, lurzoruko mikroorganismoen aktibitatea eta dibertsitate funtzionala handitzen dituzte, baita zizare-kopurua ere. Hala ere, lugorri uzteak trinkotze-arazoak sor ditzake, bigarren urtetik aurrera, ehundura fineko lurzoruetan.
Bazka-landareekin egindako azterketan, ikertzaileak ikusi du glifosatoak, gomendaturiko dosian erabilita, errizosferako —sustraien ondo-ondoko lurzoruko— mikroorganismoen dibertsitate funtzionala aldarazten duela.
Adierazle baliagarriak
Ikerketa horietan oinarrituta ondoriozta daiteke nekazaritza-jarduerek lurzoruaren osasunean duten eraginaren adierazle baliagarriak direla mikroorganismoen biomasa, aktibitatea eta dibertsitate funtzionala, eta zizare-kopurua.
Nekazaritza-lurren etengabeko degradazioa ingurumenari eta gizarteari loturiko arazo larria da, eta, munduko biztanleria hazten ari denez, guztion elikadura-segurtasuna arriskuan jar dezake. Hori dela eta, nekazaritza-eredu jasangarriagoa garatzea beharrezkoa da, besteak beste, uzta oparoak eta lurzorua zaintzea bateratzen dituzten nekazaritza-teknikak erabiliz.
Itzuli orriaren hasieraraPrimero felicitar el trabajo de esta tesis y donde nos damos cuenta que ya se esta empezando a estudiar mas de fondo lo que es la salud del suelo desde el punto de vista biologico.
Hay alguna forma de saber el contenido de esta tesis? Lo que me ayudaria bastante en Colombia saber sobre la salud de los suelos tropicales. Gracias
Babesleak:
Webgune honetako edukiak ezin dira erabili baimenik gabe.
Copyright © 2007 Elhuyar Fundazioa