Hizkuntza:
eu
es
en
Elhuyar zientziaren komunikazioa

BASQUE RESEARCH
 Euskal ikerketa, garapena eta berrikuntzaren webgunea

Kontaktua:
Prentsa Bulegoa
UPV/EHU
Harremanetarako datuak:
comunicacion@sv.ehu.es
(+34) 946012178
UPV/EHU

2010/7/30

Hiesaren birusarekin infektatzea saihesteko "koraza" berri bat sortu dute

HIESaren birusari ateak ixten ari zaizkio. Zientzialariek ez dute etsi azken urteetan beren arreta gehien erakarri duen birusari aurrera egitea galaraziko dion formula aurkitzeko ahaleginean. Hiesaren birusari erasotzeko metodo bat garatu dute CSICen eta UPV/EHUren zentro mistoko Biofisika Unitateko zuzendari Félix Goñik gidatutako ikerketa batean. Metodoaren oinarria prebentzio-sistema bat sortzea izan da, hau da, infekzioa jasateko arriskua duten zelulei “koraza” bat jartzea, eta, hala, birusari haietara iristeko eta immunitate-sisteman eragiteko bidea mozteko. Zientzia Ikerketen Kontseilu Gorenaren (CSIC) proiektua izan da ikerketa.

Etorkizunean hiesaren birusari hasierako fasean erasotzeko gai izan litekeen medikamentu bat sortzeko oinarriak ezarri ditu azterlanak, eta Cell taldearen Chemistry&Biology aldizkarian argitaratu dute. Ikerketan, Goñiren taldeaz gain, Espainiako Bioteknologia Zentroko (CSIC-Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) talde batek eta Kataluniako Kimika Aplikatuko Institutuko (CSIC, Bartzelona) beste batek parte hartu dute. Hau da artikuluaren izenburua: “Dihydrosphingomyelin impairs HIV-1 infection by rigidifying liquid-ordered membrane domains”.

Orain arte aztertu ez den ikuspegi bat ekarri du lanak ikerketa zientifikora. Zelulen mintzaren jariakortasuna erregulatzea da hiesaren biruserako ekarpen aitzindari horren oinarria, eta mintzen fusioa deritzon fenomenoa saihestea du helburu. Zelulen mintzen eta birusaren mintzaren arteko kontaktuaren emaitza da fenomeno hori.

Zelulen zitoplasmaren "estalkia" da mintza, zelulak kanpoko eragileetatik babesten dituena. Bada, hiesaren birusaren mintzen antzeko egitura du. Bi mintzak kontaktuan jartzen direnean, zelularen mintza oso “ahula” denez, zulo bat sortzen da —fusioa—, eta hortik sartzen da hiesaren birusa. Zelularen “hartzaile” jakin batekin lotzen da, eta bi mintzak kontaktuan jartzen direnean, lanari ekiten dio birusak.

Azterlanean, mintzaren egitura indartu nahi izan dute, zurrunago bilakatu eta mintzen arteko fusioa saihesteko, eta, ondorioz, hiesaren birusari zelulan sartzea galarazteko.

Gaur egun, hiesaren aurka erabiltzen diren tratamendu gehienek birusaren bilakaera moteltzea bilatzen dute, jada zelularen barruan dagoenean.Tratamendu bakarra dago, Enfurvitide izen komertziala duena, birusa zelulan sar dadin saihesten saiatzen dena. Chemistry&Biology aldizkarian argitaraturiko azterlanak ere helburu bera du, baina guztiz ezberdina eta berritzailea den bide bat jorratuz.

“Zelularen eta birusaren mintzak elkartzeko eta birusari sartzen utziko dion zulo hori irekitzeko, nolabaiteko jariakortasuna edo mugikortasuna izan behar dute mintzek. Guk, zelulen mintzak pixka bat zurrunago egiteko prozedura bat aurkitu dugu. Baliteke gure aurkikuntzaren ondorioz medikamentu berri bat sortu ahal izatea, mintzak zurrunago bilakatu eta hiesaren birusaren sarrera galaraziko duena. Mintza malgua izan ordez, jartzen zaion koraza antzeko horrek zeharkaezin bihurtzen du”, azaldu du Félix Goñik.

Duela hiru urte hasi zuten ikerketa, eta kimikako eta biologia molekularreko hainbat teknika erabili dituzte.

Kataluniako Kimika Aplikatuko Institutuan (CSIC), Gemma Fabriàsek GT11 molekula sintetizatu du, kimika organikoko sintesi-tekniken bitartez; Espainiako Bioteknologia Zentroko Santos Mañesek, bestalde, zelulen infekzio birikoa aztertu du, eta, Biofisika Unitateak (CSIC-EHU), molekula-mailako lana egin du. Hau da, frogatu du mintzen zurruntasunak aldaketak jasaten dituela,GT11 molekula ezartzean, eta mintzak zurrunago daudenean birusa ezin dela sartu/fusionatu. Bestalde, Biofisika Unitateko José Luis Nieva irakasleak ere zeregin garrantzitsua izan du hiesaren birusak induzitutako mintz-fusioa aztertzeko lanetan.

Goñiren esanean, partzuergoak eginiko aurkikuntza zientifikoa “birusa erasotzeko modu guztiz berria da, eta horregatik da originala”.

“Birusa zelulan sartu ondoren aurrera egin dezan saihesten duten eta oso ondo funtzionatzen duten medikamentuak badaude. Birusari zelulan sartzea galarazten dion medikamentu bakarra dago gaur-gaurkoz, ordea: Enfurvitide. Eta medikamentu horren oinarriak ez du zerikusirik guk garatutakoarekin. Mintzen zurruntasuna aldatzeko ideia berria da oso, bai eta mintzak zurrunago bilakatuta hiesaren birusa sartu ezin dela erakusten duen lana ere”, dio Goñik. Estrategia horrek berak mintza duten beste birus batzuentzat balio lezake; esaterako, gripearen birusarentzat.

Itzuli orriaren hasierara
Informazio osagarria
Irudiak
Dokumentuak
Itzuli orriaren hasierara

Bilaketa bat egin

Basque Research-en bilatu [ Bilaketa aurreratua ]

Saioa hasi

Erabiltzaile-datuak

Erregistroa

Itzuli orriaren hasierara

Erabiltzaile erregistratuentzako menua

Itzuli orriaren hasierara

Zerbitzuak

Itzuli orriaren hasierara Itzuli orriaren hasierara

Babesleak:

Eusko Jaurlaritza FECYT SINC Ministerio de Ciencia

Webgune honetako edukiak ezin dira erabili baimenik gabe.

Copyright © 2007 Elhuyar Fundazioa

basqueresearch@elhuyar.com