Hizkuntza:
eu
es
en
Basque Research Elhuyar - Zientzia

BASQUE RESEARCH
 Euskal ikerketa, garapena eta berrikuntzaren webgunea

Kontaktua:
Komunikazio Bulegoa
UPV/EHU
Harremanetarako datuak:
komunikazioa@ehu.es
(+34) 946012065
UPV/EHU

2011/1/20

Aerosorgailuak potentzia altuetan eta sare-konexio egonkorragoarekin jardun dezaten, hobekuntzak proposatu dituzte tesi batean

Energia eolikoak aurrea hartu die lehiakide berriztagarriei. Hori dela eta, turbinen presentzia eta tamaina gero eta handiagoa da, eta egokitzapenak behar dituzte, hainbat arrazoi direla eta. Batetik, aerosorgailu berriek oso potentzia altuetan jarduteko beharra dute, eta, horretarako, gaur egun elektronikak eta azpiegiturek ezartzen dizkieten mugak gainditu behar dituzte. Bestetik, araudiak eguneratu egin dira, gaur egun energia eolikoak sare elektrikoan duen erabilera handiari erantzuteko, eta, beraz, turbinek kontrol zorrotzagoa izatea derrigorrezkoa da orain, sarea egonkorragoa izan dadin. Eider Robles Tecnaliako ingeniariak irtenbide-multzo bat diseinatu du, turbinek baldintza horiek bete ditzaten. UPV/EHUn defendatu du tesia, eta Grid connection and control of multipole synchronous wind turbines du izenburua.

Roblesek konexio zuzeneko mekanismo bat (ez du abiadura-biderkatzailerik behar) aukeratu du, potentzia guztiaren bihurgailu batez lagundua. Horixe litzateke oinarria, potentzia eta eraginkortasun handiagoa eskuratzeko. Mekanismo hori, era berean, oso zorrotza da, sistema osatu behar duten elementuen propietateei dagokienez. Horrenbestez, zorroztasun horri men egiten dion diseinu bat proposatu du ingeniariak.

Sorgailua eta bihurgailuak

Sorgailu-motari dagokionez, tesian zehaztutakoaren arabera, iman iraunkorren sorgailu sinkrono (IISS) kanpo-errotoredun bat litzateke egokiena. IISS sorgailuak ez du eraztun kolektoreen beharrik, elektrizitatea igortzeko. Hala, errotorearen mugimendu birakariak ez du marruskadurarik eragiten, kobrean galerak murrizten dira, eta ez du horrenbesteko mantenurik behar. Gainera, errotorea kanpoan dagoenez, palak zuzenean atxiki dakizkioke, eta horri esker azpiegitura mekanikoaren pisua murriztuko litzateke.

Bestalde, tesiak alternatiba bat proposatu du, potentzia handiagoarekin lan egin ahal izateko. Gaur egun, gailu erdieroaleek mugak dituzte, tentsioari eta korronteari dagokienez. Horregatik, potentzia guztiaren bihurgailuak txertatzea (hala planteatu du Roblesek diseinuaren oinarria) ezinezkoa litzateke, zenbait megawatteko aerosorgailuetan. Beraz, maila anitzeko bihurgailuak erabiltzea proposatzen da tesian, hala erdieroaleak seriean erabil baitaitezke, eta kasu horretan bai, posible litzateke mugak gainditu eta tentsio handiagoa lortzea. Kalitate are handiagoa eskuratzeko, kanpo-perturbazioak (haize-aldaketak, kasu) indargabetzen dituen sistema bat gaineratzea proposatu du ikertzaileak. Feedforward edo aurre-elikatze kontroletan datza, eta inguruan dituzten aldaketen aurrean erreakzionatzeko ahalmena dute.

Ekarpen nagusia, sekuentzia positiboaren detektagailuak

Sarera konektatutako potentzia-sistema batek bete beharreko baldintzen artean, nabarmentzekoak dira kontrol-lanak, sareko tentsioan gertatzen diren desorekak eta distortsioak indargabetzeko. Gainera, kontrol hori ezinbestekoa da araudi berriak betetzeko. Izan ere, turbinak etengabe funtzionatzera derrigortzen dituzte araudi horiek, desorekak, distortsioak eta bestelako perturbazioak egonda ere.

Sare-konexioan egonkortasuna eta eraginkortasun handiagoa lortu nahian, sekuentzia positiboa detektatzeko metodo sendoak diseinatzea zen, hain zuzen ere, tesiaren helburu nagusia. Sareko tentsioak sekuentzia positiboa dauka (horixe da alde erabilgarria), baina baita desorekek eta distortsioek eragindako beste osagai batzuk ere. Detektagailuek (sekuentzia algoritmikoetan oinarritzen dira) isolatu egiten dute sekuentzia positiboa.

Sekuentzia positiboen egungo detektagailuak eta sinkronizazio-teknikak zehatz-mehatz berrikusi ditu Roblesek. Tesian azaltzen duenez, detektagailu horiek perturbazio-mota jakin bat detektatzen dute, oro har, baina ez perturbazio-mota guztiak aldi berean; horixe da azterketa horretan aurkitu duen eragozpen handiena. Azkenean, Roblesek irtenbidea aurkitu dio arazo horri: sekuentzia positiboaren lau detektagailu erabili ditu, MAF izeneko iragazkietan (batezbesteko lokalerako iragazkiak; Moving Average Filters ingelesezko esalditik dator) oinarrituta. Detektagailu horiek azkar egonkortzen dira, eta iraunkorrak dira edozein perturbazio-mota dagoela ere, baita hainbat perturbazio aldi berean gertatzen direnean ere.

Egileari buruz

Eider Robles Sestafe (Bilbo, 1980) ingeniari automatikoa eta elektronikoa da, Deustuko Unibertsitatean lizentziatua. José Luis Martín González (UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Elektronika eta Telekomunikazioa Saila) eta Josep Pou Félix (Ingeniaritza Elektronikoa, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa) irakasleen zuzendaritzapean idatzi du tesia. Robles Tecnaliako ikertzailea da gaur egun, eta bertan egin du tesia, Energia Bihurtzeari buruzko Ikerketa Taldean. Tesia nahiz taldeko jarduna elkarlanean egin ditu Kataluniako Unibertsitate Politeknikoarekin eta UPV/EHUko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoarekin.

Energia, Energia berriztagarriak, Ingurumena, Ingeniaritza, Teknologia, Ikerketa-zentroak Itzuli orriaren hasierara
Interneteko helbidea
www.ehu.es
Informazio osagarria
Irudiak
Itzuli orriaren hasierara

Bilaketa bat egin

Basque Research-en bilatu [ Bilaketa aurreratua ]

Saioa hasi

Erabiltzaile-datuak

Nabigazio-menuak

Menu nagusia

Itzuli orriaren hasierara

Tesi Saria eta Nazioarteko sarea

Itzuli orriaren hasierara Itzuli orriaren hasierara

Estatistikak

Itzuli orriaren hasierara

XML RSS Jarioak

Itzuli orriaren hasierara

Estandarrak eta irisgarritasuna

Itzuli orriaren hasierara

Erregistroa

Itzuli orriaren hasierara

Erabiltzaile erregistratuentzako menua

Itzuli orriaren hasierara


BR Eraberritzen Bloga


Zerbitzuak

Itzuli orriaren hasierara Itzuli orriaren hasierara

Babesleak:

Eusko Jaurlaritza

Webgune honetako edukiak ezin dira erabili baimenik gabe.

Copyright © 2007 Elhuyar Fundazioa

basqueresearch@elhuyar.com