Hizkuntza:
eu
es
en
Basque Research Elhuyar - Zientzia

BASQUE RESEARCH
 Euskal ikerketa, garapena eta berrikuntzaren webgunea

Kontaktua:
Komunikazio Bulegoa
UPV/EHU
Harremanetarako datuak:
komunikazioa@ehu.es
(+34) 946012065
UPV/EHU

2012/11/26

Kooperatiba-ikastetxeetako ikasleak gehiago inplikatzen dira

Ikastetxe-motak badu eragina ikasleen inplikazioan. Ikastetxeen antolamenduan ere bai. Antolamendu-estiloak eragina du irakasleen lanean, eta horrek, aldi berean, eragina dauka ikasleen errendimenduan eta inplikazioan. UPV/EHUko ikertzaile Iker Rosek bere doktore-tesian ondorioztatu duenez, faktore horiek aldatu egiten dira eskola publikoetatik itunpekoetara, bai eta itunpekoetatik kooperatibetara ere: azken horietan lortzen dira emaitzarik onenak.

“Inplikazioa aztertzea oso gai interesgarria da niretzat, uste baitut ikaslea ikastetxearekin inplikatua baldin badago inguruarekin ere inplikatuko dela”, dio Iker Rosek. Psikopedagogian doktorea da Ros, eta aztertu du ikastetxe-motaren arabera antolaketa-eredua nola aldatzen den eta ikasleen inplikazioa zenbaterainokoa den. Emaitzarik onenak Gasteizko ikastetxe elkartuan izan direla azpimarratzen du. Tesiaren izena hau da:“Desarrollo organizacional de una cooperativa de trabajo asociado y la Implicación de sus estudiantes y docentes” (Lan elkartuko kooperatiba baten antolamendu-eredua eta ikasle nahiz irakasleen inplikazioa” eta lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleekin egin da ikerketa. Ondorioetako batzuk berriki argitaratu dira Psicodidáctica aldizkarian.

Antolaketa-eredua zenbat eta garatuagoa izan, orduan eta inplikazio handiagoa

Emaitzen arabera, antolamendu-eredua itunpeko ikastetxeetan baino garatuagoa dago kooperatibetan, eta bien tarteko neurri batean daude eskola publikoak. “Diferentzia estatistiko adierazgarriak aurkitu ditugu”, dio Rosek; “kontuan izan behar da langile-kooperatibak askoz ere horizontalagoak direla. Halako ikastetxeetan lankidetza handiagoa izaten da, eta horrek antolamendu-ikasketa handiagoa ekartzen du. Halako antolakundeek ikasi egiten dute”.

Ikasleei dagokienez ere kooperatiba-ikastetxea ereduan aurkitu da inplikaziorik handiena, eta eskola publikoetan txikiena, kasu horretan. “Langileen inplikazioan, diferentziarik handiena kooperatiben eta itunpeko eskolen artean dago; ikasleen inplikazioari dagokionez, ez da gauza bera gertatzen. Ikasleen inplikazioan, diferentziarik handiena kooperatiben eta ikastetxe publikoen artean gertatzen da, eta horrek erakusten digu badela eskola publikoetan egin beharreko lan bat, antolamendu-eredu antzekoa izanik ere inplikazio txikiagoa baitute”, adierazi du Rosek.

Inplikazioak hiru osagai ditu: osagai emozional edo psikologikoa, eskolako partaidetza-sentimendu gisa agertzen dena; osagai konduktuala, ikasleek eskolako eta eskolaz kanpoko jardueretan duten parte-hartzearen datuetatik ondorioztatzen dena; eta osagai kognitiboa, lan akademikoaren pertzepzioari eta ikasleen etorkizunerako itxarokizunei dagokiena. “Hezkuntzan, garrantzi handia du gai horrek mundu anglosaxoniarrean, eta Txinan eta Taiwanen ere bai”, dio tesigileak, “baina hemen oraindik ez da horri buruzko azterketa askorik argitaratu”.

Ikasleen sexuaren eta adinaren araberako desberdintasunak ere atzeman ditu Rosek. Adibidez, neskek inplikazio handiagoa dute mutilek baino, eta bi kasuetan ere inplikazioa jaitsi egiten da adinarekin, batez ere bigarren hezkuntzan eta batxilergoan.

Ikerketa honen arabera, tesigileak argitu nahi izan du —aurreko ikerketa batzuek erakutsi zutenaren arabera— ikasleengan eraginik handiena duen faktorea irakasleak diren. Abiapuntuko hipotesitzat harturik antolaketa-eredu garatuago batek irakasleen lana handitu eta hobetu egiten duela, eta, ondorioz, ikasleen inplikazioa ere bai, Rosek dio emaitzak eztabaidaezinak direla. “Emaitzek erakusten dute, hain zuzen, hobeto tratatu beharko litzatekeela irakaslearen lana eta haren inplikazioa, murrizketa-garai honetan horri kalte egiten ari baitzaio”, azpimarratzen du. Alde horretatik, Rosek uste du ugaldu egingo direla irakaskuntzako kooperatiba-ikastetxeak, bi arrazoi nagusirengatik: alde batetik, krisi ekonomikoa, eta, beste alde batetik, irakaskuntzako erlijiosoen gutxitzea. Gero eta gehiago, irakasleen esku uzten du horrek ikastetxeen kudeaketa, kooperatiba-formulen bitartez.

Ikerketa Euskal Herriko eta Kataluniako 14 zentrotan egin da (10 publiko eta 4 itunpeko), Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin lankidetzan, eta Gasteizko lan elkartuko irakaskuntza-kooperatiba batean. Denera, 9 urtetik 17ra bitarteko 1.273 ikaslek hartu dute parte ikerketan, eta 343 irakaslek.

 

Unibertsitateak, Giza zientziak Itzuli orriaren hasierara
Interneteko helbidea
www.ehu.es
Erreferentziak
Student Engagement in the School: Interpersonal and Inter-Center Differences. Revista de Psicodidáctica, 17. liburukia, 2. zkia. (2012) http://www.ehu.es/ojs/index.php/psicodidactica/article/view/4557
Informazio osagarria
Irudiak
Itzuli orriaren hasierara

Bilaketa bat egin

Basque Research-en bilatu [ Bilaketa aurreratua ]

Saioa hasi

Erabiltzaile-datuak

Nabigazio-menuak

Menu nagusia

Itzuli orriaren hasierara

Tesi Saria eta Nazioarteko sarea

Itzuli orriaren hasierara Itzuli orriaren hasierara

Estatistikak

Itzuli orriaren hasierara

XML RSS Jarioak

Itzuli orriaren hasierara

Estandarrak eta irisgarritasuna

Itzuli orriaren hasierara

Erregistroa

Itzuli orriaren hasierara

Erabiltzaile erregistratuentzako menua

Itzuli orriaren hasierara


BR Eraberritzen Bloga


Zerbitzuak

Itzuli orriaren hasierara Itzuli orriaren hasierara

Babesleak:

Eusko Jaurlaritza

Webgune honetako edukiak ezin dira erabili baimenik gabe.

Copyright © 2007 Elhuyar Fundazioa

basqueresearch@elhuyar.com