Hizkuntza:
eu
es
en
Elhuyar zientziaren komunikazioa

BASQUE RESEARCH
 Euskal ikerketa, garapena eta berrikuntzaren webgunea

Kontaktua:
Raul Lopez de Gereñu
AZTI Fundazioa
Harremanetarako datuak:
rgerenu@suk.azti.es
(+34) 946029400
AZTI Fundazioa

2006/12/10

Antxoaren arrantzak arriskuan jarraitzen du

AZTI-Tecnaliak JUVENA06 kanpaina zientifikoa egin zuen 2006ko irailean eta urrian, Eusko Jaurlaritzako Arrantza, Nekazaritza eta Elikadura Sailak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako Ministerioko Itsas-arrantzako Idazkaritza Nagusiak finantzatuta. Kanpaina horren emaitzen arabera, joan zen udaberrian jaiotako antxoen generazio berria txikiegia da populazioa suspertzeko. Beraz, antxoaren arrantzak arriskuan jarraitzen du.

Bi itsasontzirekin egindako kanpaina zientifikoak Bizkaiko Golko osoan aztertu du antxoa gazteen presentzia, baita 50 metrotik beherako sakonerako uretan ere. Sakonera txikiko ur horietan aurkitu zuten, hain zuzen ere, populazioaren parte handi bat. Egindako kanpaina akustikoen emaitzek diote 2005ean baino % 30-50 antxoa gutxiago dagoela.

Urtero udazken-hasieran Bizkaiko Golkoko antxoa gazteen populazioa neurtzeko helburuarekin bultzatu zuten JUVENA kanpaina, eta antxoa gazteen ugaritasun-indize horren eta hurrengo urteko helduen ugaritasunaren arteko erlazioa ezartzea da azken helburua.

Oraingoz, erlazio horren hiru puntu baino ez daude: (2003ko udazkena-2004ko udaberria, 2004ko udazkena-2005eko udaberria eta 2005eko udazkena-2006ko udaberria). Aurtengo udazkenean egindako kanpaina burutu ondoren, 2007ko udaberrian arrautzen eguneroko ekoizpenaren metodoaren kanpaina (BIOMAN 2007) egitea izango da hurrengo puntua (2006ko udazkena-2007ko udaberria).

Erreklutamenduaren ugaritasuna eta helduen stock-arena erlazionatzen dituzten serieen balioa seriearen hedaduraren baitan dago batez ere, baita aztertutako denboran egindako behaketen tartearen baitan ere. Kasu honetan, seriea oso motza izateaz gainera (3 puntu soilik), balio ertain edo txikia du behaketen tarte potentzialaren barruan. Beraz, serieak balio orientagarria baino ez du, oraingoz.

Hau da azken bi urteetako antxoaren arrantzaren historia:

- 2005eko lehen hiruhilekoan, harrapaketa eskasak egin zituzten arrantzale frantziarrek.

- 2005eko udaberrian, harrapaketa deusezak egin zituen Kantauriko inguraketa-ontzidiak.

- AZTI-Tecnaliaren kanpaina zientifikoa 2005eko maiatzean. Mugako biomasaren azpitik egoteko probabilitate handia kalkulatu zen.

- 2005eko uztailean, datu zientifikoen bateratze-lana. Baieztatu zen populazioaren biomasa maila seguruen azpitik zegoela.

- Arrantzategiaren itxiera, 2005eko uztailean.

- 2005eko udazkenean, AZTI-Tecnaliaren beste kanpaina zientifiko bat. Antxoa gazteen biomasan suspertze bat ikusi zen, baina ez stock-a suspertzeko adinakoa. Beraz, biomasaren balioak arrisku biologiko handikoak ziren artean.

- 2006an arrantzategiaren itxierarekin jarraitzeko gomendioa egin zuen Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluak (ICES). Europako Batzordeko arrantzaren batzorde zientifiko, tekniko eta ekonomikoak (STECF) onartu egin zuen gomendioa.

- Batzordeak Ministroen Kontseiluari gomendatu zion 2006an arrantzategia ixteko, udaberriko kanpainan stockaren suspertzea baieztatu arte.

- Ministroen Kontseiluaren erabakia, 2005eko abenduan: 5.000 tonako TACa eta arrantzategia ixteko edo irekitzeko arauak. Udaberrian biomasa 28.000 tonaren azpitik badago, itxi; bestela, TACa handitu.

- 2006ko kostera oso eskasa izan zen (1.800 t). Ezin izan zen kuotara iritsi.

- 2006ko maiatzean AZTI-Tecnaliak beste kanpaina bat jarri zuen abian. Berriz ere, kalkuluek erakutsi zuten biomasa mugako balioen azpitik egon zitekeela. Beraz, baieztatu zuten arrantzategia arrisku-egoeran zegoela.

- 2006ko ekainean, datu zientifikoen bateratze-lana. Populazioaren biomasa maila seguruen azpitik zegoela berretsi zuten.

- 2006ko uztailean, arrantzategiaren itxiera.

- AZTI-Teknaliak beste kanpaina bat egin zuen 2006ko udazkenean. Generazio berriaren ugaritasuna ez zen nahikoa biomasa berreskuratzeko.

Aztergai dugun baliabidearen biologiaren ezagutzaren arabera, bizitza laburra (3 urte), heriotza-tasa altua (bai naturala, bai arrantzak eragina) eta helduen biomasak generazio berrien ugaritasunarekiko duen menpekotasuna direla eta, antxoa oso espezie kaltebera da, eta gorabehera handiak izaten ditu urte batetik bestera; arrantzategiaren krisi larriak eragin ditzake horrek. Antxoaren suspertzea bermatzeko, irizpide zientifikoetan oinarrituriko kudeaketa egokia egiteko lan egin behar dute administrazioek eta sektoreak berak.

Beraz, datu horien arabera:

1. AZTI-Tecnaliak egindako kanpainan zenbatetsitako biomasak adierazten du stock-a babesteko beharra dagoela, generazio joriak emateko gai izango den stock ugaltzaile osasuntsua bermatuko duten mailetatik gorako suspertzea baieztatu arte.

2. JUVENA kanpainako datuak balio orientagarria baino ez badu ere, ICESek eman eta STECFek onarturiko gomendioa berresten du. Gomendio horren arabera, arrantzategia ixtea komeni da ugaltzaileen biomasa suspertzeko beharrezkoa den erreklutamendua baieztatu arte.

3. Beharrezkoa da arrantzategia itxirik mantentzea, udaberriko kanpaina berrien bidez irizpen zientifiko berri bat izan arte.

Itzuli orriaren hasierara
Itzuli orriaren hasierara

Bilaketa bat egin

Basque Research-en bilatu [ Bilaketa aurreratua ]

Saioa hasi

Erabiltzaile-datuak

Erregistroa

Itzuli orriaren hasierara

Erabiltzaile erregistratuentzako menua

Itzuli orriaren hasierara

Zerbitzuak

Itzuli orriaren hasierara Itzuli orriaren hasierara

Babesleak:

Eusko Jaurlaritza FECYT SINC Ministerio de Ciencia

Webgune honetako edukiak ezin dira erabili baimenik gabe.

Copyright © 2007 Elhuyar Fundazioa

basqueresearch@elhuyar.com