2007/1/17
Gaiker-IK4 zentro teknologikoak, Bioteknologia Sailaren bidez, eta Bilboko Oftalmologia Institutu Kliniko Kirurgikoak (ICQO) ikerketa-proiektu batean parte hartzen dihardute. Proiektu horren helburua da begietako gaixotasunak sendatzeko, malkoetan proteina-markatzaile espezifikoak aztertzeko diagnostiko-sistema bat garatzea, immunokromatografia-tekniketan oinarrituta.
Diagnostikorako tresnak zerrenda-itxura izango du, haurdunaldi-testen antzera. Hasiera batean, begietako bi gaixotasunen markatzaile espezifikoak detektatuko ditu, hala nola konjuntibotxalasiarenak eta keratokonoarenak. Malko-lagin batekin, gaixotasuna baden edo ez esango digu.
Sistema erabilerraza izango da, eta azkarra eta sinplea denez, noiznahi erabili ahal izango da klinikan. Seinale positiboa koloreztatuko banda gisa azalduko da. Sistema hori hainbat markatzailetan oinarrituko da, eta, hain justu, markatzaile horiek ikertzen eta balioesten dihardute proiektu horretan. Horretarako, gaixotasun horiek dituzten gaixoen malko-laginetan markatzaile horien antigorputz espezifikoak aztertzen dihardute.
Etorkizunean, 2008aren bukaeran, sistema anizkuna garatzea espero dute proiektu horren arduradunek. Alegia, hasierako helburuetan finkatutako bi gaixotasunez gain, begietako beste hainbat gaixotasun detektatzeko gai den sistema bat. Ondoren, litekeena da sistema hori merkaturatzea.
Keratokonoa edo kornea konikoa giza begiaren asaldura bat da. Oro har, ez du itsutasunik eragiten, baina ikusmena nabarmen eragotz dezake. Gaixotasun horrek kornearen ohiko itxura biribildua desitxuratzen du, eta kono-itxurako tontorra sortzen du. Bi mila pertsonatik bakarrean agertzen da gaixotasuna, eta, oro har, pubertaroan azaltzen da.
Konjuntibotxalasia konjuntiba bulbarraren erlaxazioa da, eta ondorioz, konjuntiba-pleguak era ditzake behe-betazalaren ertzetan.
Proiektua 2004an hasi zuten, eta datorren urtean amaitzea espero dute. Proteomaren azterketan oinarritzen da, hau da, keratokonoa eta konjuntibotxalasi gaixotasunak dituzten gaixoen malko-laginen eta osasuntsu daudenen malko-laginen proteomak alderatzen dituzte.
Proteomikaren bidez, malko-lagin bakarrean, gaixotasun batekin lotuta dauden proteina guztiak aldi berean aztertzen dira. Proteina-multzo horri “proteoma” deritzo, eta hori aztertzeak begietako gaixotasunek zein proteinaren espresioan eragiten duten argitzen laguntzen du. Hala, Gaiker-IK4ko ikertzaileek garatu nahi duten diagnostiko-sistema horretarako zein markatzaile erabili beharko diren esaten lagunduko du.
Hurbilketa hori garrantzitsua da. Izan ere, lagin bakarrarekin, begietako edozein gaixotasunen garapenean zeresana izan dezaketen proteina guztiak aztertzeko aukera ematen du. Hala, litekeena da diagnostiko-sistema anizkunetan erabil daitezkeen hainbat markatzaile aurkitzea. Sistema berri horiek hainbat onura ekarriko dituzte osasun publikorako, eta etorkizunean teknologia berritzaileekin osatu ahal izango dira, besteak beste, nanoteknologiarekin eta mikroteknologiarekin.
Itzuli orriaren hasieraraBabesleak:
Webgune honetako edukiak ezin dira erabili baimenik gabe.
Copyright © 2007 Elhuyar Fundazioa