2007/2/9
Berriki, leuzemia zorrotz linfoblastikoa duten gaixoentzako tratamendu-lerro berri bat aurkitu du Espainiako ikertzaile-talde batek. Ikertzaile horien artean, Nafarroako Unibertsitate Klinikako eta Ikerkuntza Mediko Aplikatuaren Zentroko (CIMA) zenbait ikertzaile daude. Ikerketaren ondorioak Hematologiaren Ameriketako Erakundearen Blood aldizkarian argitaratu dituzte.
Leuzemia zorrotz linfoblastikoa gaixotasun onkologiko ohikoena da haurretan. Horren harira, litekeena da aurkikuntza horren aplikazioak hainbat onura ekartzea gaixotasun hori duten haurrentzat,; zelulen kontrol-bidea, WNT deritzona, asaldatuta duten gaixoentzat, hain zuzen ere. Tumore-gaixotasun horren pronostikoa larria den kasuetan, alegia.
WNT bidea da zelula arruntak bere hazkuntza-prozesua hasteko aktibatu behar duen mekanismoa. Prozesu hori aktibatu ostean, bide hori desaktibatu egin behar da. Hala ere, ikusi dute zelulen kontrol-bide hori etengabe aktibatuta dagoela leuzemia zorrotz linfoblastiko larria duten gaixoetan. Hori guztia gertatzen da bide hori kontrolatzen duten mekanismoak isilduta egoten direlako, geneen transkripzioan eragiten duen prozesu bat dela eta. Prozesu horri metilazio deritzo. WNT bidea etengabe aktibatuta dagoenean, hainbat gene espresatzen dira, eta horien funtzioa tumore-zelulen hazkuntza aktibatzea da.
Ikerketak in vitro egiaztatu du hainbat botikak metilazio-prozesu hori eragozten dutela, edo WNT bidea desaktibatzen dutela. Hala, zelulen kontrol-bide hori normaltzea lortzen dute. Beraz, tumore-zelulen garapena eragozten dute eta leuzemia-zelulen heriotza bultzatzen dute. Botika horiek kimioterapiaren emaitzak hobetuko lituzkete, eta gaixo horiek luzeago biziko lirateke.
Laburbilduz, aurkikuntza horrek, oinarrian, gaixotasun hori tratatzeko hainbat botika eskaintzen ditu, besteak beste, kertzetina edo Decitabina® botikak. Lehenengoak leuzemia zorrotz linfoblastikoaren zelulen heriotza programatua eragiten du. Bi botika horiek beste hainbat patologiatan erabiltzen dira. Ikerketa horren hurrengo urratsa azterketa horiek guztiak saguetan aplikatzea litzateke, botika horiek eraginkorrak diren edo ez egiaztatzeko. Hori baieztatu ostean, gaixoekin entsegu klinikoak egiten hastea aztertuko litzateke.
Ikerketa bide onetik joanez gero, litekeena da leuzemia zorrotz linfoblastikoa duten gaixoen sailkapena WNT bidearen aktibazio-egoeraren arabera egitea. Izan ere, arrisku-faktorea da gaixotasunaren larriagotzean eta haren sendatzeko aukeretan.
Itzuli orriaren hasieraraBabesleak:
Webgune honetako edukiak ezin dira erabili baimenik gabe.
Copyright © 2007 Elhuyar Fundazioa