#GaiNagusiak

Salmonellaren erresistentzian eragina duten mekanismoetako batzuk ikertu dituzte doktore-tesi batean

Noiz argitaratua: 13/02/06 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Osasuna
 Ikertzailea, Victoria Zorraquino

Bakterioak, beren ingurune naturalean, biofilm deritzen mikroorganismo-komunitateak eratuz garatzen dira, horrek erresistentzia handiagoa ematen baitie. Biofilm horiek diru-galera handiak eragiten dituzte nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiakuntzetan eta elikagaiak prozesatzen diren lekuetan, eta, horrez gain, gaitza kutsatzeko eta transmititzeko iturri bihurtzen dira. Violeta Zorraquino Salvok, bere doktore-tesian, proteina-mota bat aztertu du, Salmonellan biofilma eratzea aktibatzen duena eta bakterioaren mugikortasuna erregulatzen duena. “Halako prozesuetan zerikusia duten mekanismoak hobeto ezagutzea lagungarri gertatuko da biofilma eratzearen kontrako estrategia eraginkorragoak diseinatzeko, eta biofilmak osasunaren, elikagaien eta industriaren arloetan egin dezakeen kaltearen kontra egiteko”, dio ikertzaileak.

Duela bi hamarkada aurkitu zen c-di-GMP izeneko molekula txiki batek bazuela ahalmena, berak bakarrik, mugikortasuna inhibitzeko eta biofilma eratzea aktibatzeko. “Molekula hori seinale-transdukzioko sistema baten parte da: bakterioaren mintzean, badira proteina detektatzaile batzuk kanpoko estimuluak jasotzen dituztenak eta zelularen barneko c-di-GMP maila batera edo bestera itzultzen dituztenak, biofilmaren eraketa eta beste prozesu biologiko batzuk erregulatzeko”. Tesiaren lehenbiziko partean, Zorraquinok ezabatu egin zituen Salmonellaren genomaren proteina detektatzaile guztiak. “Salmonella mutatzaile bat sortu genuen, bera bizi den ingurutik datozen estimuluak hautemateko gai ez dena eta, beraz, ezein kondiziotan ere biofilma eratzeko gai ez dena”. Gero, banan-banan sartuz joan zen proteina detektatzaileak, ikusteko zer ekarpen egiten zuen haietako bakoitzak, inguru-kondizio desberdinetan, biofilma eratzeko garaian. “Testatutako egoeretako bakoitzean, frogatu genuen proteinetako batzuk bakarrik direla aktiboak, eta, beraz, seguruenik haietako bakoitza kondizio jakin batean biofilma eratzearen erantzule dela”.

Emaitza horiei esker, ikertzaileek hobeto ezagut dezakete Salmonellak zer mekanismoren bitartez aktibatzen duen biofilma eratzea. “Lortu ditugun ezagutza hauei esker —dio Violeta Zorraquinok— estrategia berriak diseinatu ahal izango dira gure industrietan eta ustiakuntzetan biofilma eratzea eragozten laguntzeko”.

Bakterio-mugikortasuna

Ikerketaren bigarren fasean, Zorraquinok aztertu zuen zer eragin duen molekula berak (c-di-GMP) Salmonellaren beste prozesu biologiko batean: bakterio-mugikortasunean. Bakterio bat libreki mugitzeko gai da flageloen errotazioaren bidez, eta, gainazal egoki batera iristen denean, hari itsasten zaio eta biofilma eratzen hasten da. “Bada bitarteko pauso bat —mugikor izatearen eta gainazal bati itsatsita egotearen artekoa—, zeinean bakterioak erabak gelditu behar duen bere flageloen errotazioa. Ikusi dugu bitarteko pauso horren erantzulea zelulosa dela, biofilmaren osagaietako bat, c-di-GMP molekularen presentzian aktibatzen dena”.

Violeta Zorraquinok Nekazaritza Ingeniaritza ikasi zuen NUPen, eta Bioteknologiako masterra egin zuen Wageningengo Unibertsitatean (Herbehereak). Doktore-tesiaren izenburua hau da: Análisis de la vía de transducción de señal mediada por c-di-GMP en Salmonella: mecanismos de especificidad y regulación de la movilidad (Salmonellan c-di-GMP proteinak bideratutako seinale-transdukzioaren analisia: espezifikotasun-mekanismoak eta mugikortasunaren erregulazioa). Tesiaren zuzendariak Cristina Solano Goñi eta Iñigo Lasa Uzcudun izan dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ekoipenaren Saileko irakasleak. Gai cum laude kalifikazioa lortu du tesiak.

Informazio osagarria

  • Ikertzailea, Victoria Zorraquino, NUP
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: