#GaiNagusiak

Plastikozko filmak eta poltsak birziklatzea hobetzeko Filmsort europar proiektuaren liderra da GAIKER-IK4

Noiz argitaratua: 13/01/31 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena
 Birziklatzeko makina

Gaiker-IK4 da Filmsort europar proiektuaren liderra. Proiektu horren bidez, makina berri bat egingo da filmak eta poltsak birziklatzean lortzen den plastikoaren kalitatea hobetzeko, aukera emango duena gaur egungo prozesuaren kostu ekonomikoak eta ingurumen-inpaktua gutxitzeko.

Plastikozko poltsak egiteko materiala aldatuz joan da azken urteotan, eta saltoki eta azalera handi askok ordeztu dituzte pixkanaka erosketak eramateko kontsumitzaileei eskaintzen dizkieten poltsak. Garai batean, polietilenoz (PE) eginak zeuden (material erresistentea eta birziklagarria, baina ez biodegradagarria), baina gaur egun oxodegradableak (hauek ere PEzkoak dira, baina azkarrago degradatzeko aditibo bat dute) edo biodegradableak (normalean, almidoiz, azido polilaktikoz edo antzeko materialez eginak) erabiltzen dituzte. Aldaketa hori egiteko arrazoien artean, zera dago: ahal den aplikazioetan,ingurumena gehiago errespetatzen duten poltsak erabiltzeko konpromisoa; hala, galarazi nahi da gutako bakoitzak urtean erabiltzen dituen 238 poltsa horiek naturan utzita uztea birziklatzeko aukerarik gabe.

Baina aldaketa horren beste ondorioetako bat da material berriek dituzten zailtasunak hondakin horiek birziklatzeko. Horregatik sortu da Filmsort Europako proiektua. Hain zuzen ere, ikerketa horren liderra GAIKER-IK4 zentro teknologikoa da (aditua plastiko eta konpositekin eta ingurumen eta birziklatzearekin lotutako I+G+Bn), eta garapena elkarlanean egiten ari da plastikoak berreskuratzen dituen Espainiako CORDOPLAS enpresarekin eta birziklatze-instalazioetarako ekipoak egiten dituen Alemaniako RTT-Steinert enpresarekin.

2012ko irailean martxan jarri zen proiektua, eta 36 hilabeteko iraupena izango du. Helburua da FSM (Film-Sorting Machine) izeneko ekipo berri bat egitea, jatorri desberdineko hondakin plastikoak identifikatzeko eta sailkatzeko gai izango dena. FILMSORT (Eco/11/304458) proiektuak 658.000 euroko aurrekontua du, eta ingurumen-inpaktua gutxitu, kutsadurari aurre egin eta hondakinak hobeto erabiltzeko aukera emango duten produktu, prozesu eta zerbitzuak garatzeko Eco-Innovation ekimenaren barruan dago,. Ekimena Europako Batzordeko lehiakortasunerako eta berrikuntzarako esparru-programaren barruan dago (CIP); haren bidez, lagundu nahi da merkatuan sarrarazten teknologia eta aplikazio berritzaileak eta ingurumena errespetatzen dutenak, eta batez ere enpresa txiki eta ertainei (ETE) zuzenduta dago.

FSMaren diseinuak eta ondorengo fabrikazio eta merkaturatzeak hobetu egingo du berreskuratutako plastikoen kalitatea; izan ere, gaur egun kalitate hori jaitsita dago material desberdinekin egindako poltsa, kutxatila, bilgarri eta filmak birziklatze-prozesuan nahastearen ondorioz. Ikerketa honetan parte hartzen ari diren hiru partner-en jakintza eta esperientzia elkartzeari esker, kontsumitu osteko filmak birziklatzetik datozen pikorren kalitatea asko hobetu ahal izango da (eta, hala, material berriaren kontsumoa % 40raino murriztuko da), eta, gainera, jotzen da CO2-isurpenak % 10 murriztu ahal izango direla, energiaren kontsumoa % 8 eta gaur egun prozesuan erabiltzen den ur-kantitatea % 10.

Ikerketaren inguruan egindako kalkuluen arabera, 2015ean proiektua amaitzean garatuko den teknologiaren merkatu zuzena 250 birziklatze-instalazio ingurukoa izango da Europan. Instalazio horiek (gehienak ETEak) 1,6-2,0 milioi tona film-hondakin kudeatu zuten 2010ean.

Informazio osagarria

  • Birziklatzeko makina, Gaiker-IK4
Ana  Erostarbe

Egilea: Ana Erostarbe (GAIKER-ik4)

Laguntzailea: