#GaiNagusiak

Genero-indarkeriak emakumeen garapen psikikoan dituen ondorioak aztertu dituzte ikerketa batean

Noiz argitaratua: 13/01/31 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Gizarte-zientziak

Deustuko Unibertsitatean defendatutako tesi batean, genero-indarkeriak emakumeen garapen psikikoan duen eragina aztertu dute. Carmina Serrano Hernández doktore berriak egin du ikerketa, xedetzat harturik genero-indarkeriaren fenomenoa ulertzea eta haren kausak eta ondorioak zein diren jakitea. Horretarako, gaiari buruzko ikerketa teoriko bat egin zuen eta fenomenoa azaltzeko eredu teoriko bat eraiki zuen, Gaitasun Psikikoen Eredua izenekoa.

Hauxe da ikertzailearen abiapuntuko ideia: pertsonen gogoa ez da errealitate estatiko bat, haren garapenean nahiz narriaduran eragina baitute bizi-inguruneak, generoak, botereak eta harremanek. Ikertzailearen ustez, genero-estereotipoak eta -rolak eta maitasun erromantikoaren ideala dira genero-indarkeriaren kausetako batzuk, eta, gainera, faktore horiek murriztu egiten dituzte norberaren nia garatzeko eta bikote-harreman osasungarri eta berdintasunezko bat izateko aukerak.

Tesiaren emaitzen arabera, emakumeek abusuzko harremanetan irautearen eta kontraesanezko jokabideak izatearen arrazoia zera da, lotura traumatikoak haien gogoan sortzen duen narriadura. Berdintasunezko harremanak izango badituzte, pertsonek aski egoki moldatu behar dute honako bost gaitasun hauetan: erregulazio emozionala, autoafirmazioa, asertibitatea, mentalizazioa eta balorazioa. Eta gaitasun horiek higatu egiten dira tratu txarrak jasoz gero.

Ikerketa egiteko, MARA galdetegia prestatu zen, 90 adierazle oinarri hartuta, ikusteko gaitasun horiek nola baliatzen diren hiru esparrutan: jatorriko familia, norberarekiko harremana eta bikotea.

Ondorioak

Ikerketa honetatik atera diren ondorio adierazgarrienetako bat da, alde batetik, MARA galdetegia oso proba fidagarria dela genero-indarkeria neurtzeko. Bestetik, ondorioztatu da tratu txarrak jasaten dituzten emakumeek alterazioak dituztela funtzionamendu fisiologiko, motor, emozional eta kognitiboan, eta narriadura bat erregulazio emozionalean, autoafirmazioan, asertibitatean, balorazioan eta mentalizazioan. Tratu txarrak eragina dauka, orobat, atxikimendu-estiloan eta afektibitatean. Tratu txarra jasaten duten pertsonek neurri handiagoan erakusten dituzte kezkazko atxikimendua, autoestimu apala, onespen-beharra eta gaitzespenaren beldurra.

Ikerketan lortutako datuek, bestalde, auzitan jartzen dituzte abusuzko harremanetan harrapatuta dauden emakumeen jardunbideari buruz indarrean diren teoriek zabaldutako irizpide batzuk. Serrano doktorearen arabera, ez emakumeen ustezko masokismoa, ez nartzisismoa, ez jatorri-familiako tratu txarra dira faktore aski erabakigarriak haien funtzionamendu psikikoan. Aitzitik, ondorioztatu du emakumeen gogamenean pisurik handiena duen faktorea beren buruarekin duten harremana dela, eta hori ia-ia bikotekidearekin duten harremanaren maila berean dagoela.

Horiek horrela, proiektu eta harreman terapeutikoak eraikitzea proposatzen du Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak, tratu txarrak jasandako emakumeei gaitasun kaltetuak berreskuratzen edo eskuratzen laguntzeko.

Iker Ormazabal

Egilea: Iker Ormazabal (Deustuko Unibertsitatea)

Laguntzailea: