#GaiNagusiak

Zaintzaren krisiari aurre egiteko aukeren azterketa

Noiz argitaratua: 13/01/28 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Gizarte-zientziak
 Enekoitz Etxezarreta, Ekonomian lizentziatua  eta Gizarte- eta Kultura- antropologian lizentziatua, UPV/EHU

Gure gizartean, desoreka bat dago pertsona nagusien zaintzaren esparruan. Populazioa gero eta zaharragoa da, eta pertsona nagusiak zaintzeko ditugun gizarte-mekanismoak ez daude egokituta eskaera horri aurre egiteko. Gaur egun, mekanismo horiek lau esparrutakoak dira: familiaren esparrukoak, ongizate-estatuarenak, merkatuko erakunde pribatuen bidezkoak eta esparru komunitario izenekoarenak.

“Desoreka nondik dator? Bada, une batean apustua egin zen zaintza horiek ongizatearen estatuaren bitartez eman zitezen, eta gaur egun, krisiarekin, ikusten da zerbitzu horiek ez direla garatu, eta zaintza-lanak familiaren esparrura itzultzen ari direla berriz ” azaldu du Etxezarretak.

Tesi honen abiapuntua zaintzaren krisia bera da. Etxezarretak bi arlo aztertu ditu. Alde batetik, pertsona nagusiak zaintzeko zerbitzu publikoak analizatu ditu; gizarte-zerbitzuak sistema gisa hartuta, ikusi du zenbat baliabide bideratzen diren zaintza horretara. Eta, bestetik, esparru komunitarioa aztertu du, eta eragile horri gizarte-ekonomia deitu dio Etxezarretak: “Batzuetan, hirugarren sektorea deitzen zaio, baina nik gizarte-ekonomiaren kontzeptuaren bitartez definitu nahi izan dut esparru hori, ikusi nahi nuelako zer toki betetzen duen gizarte-ekonomiak zerbitzu horietan ”.

Berez, gizarte-zerbitzuak lau motatako hartzaileetara iristen dira: pertsona nagusiak, ezgaitasunen bat duten pertsonak, gizarte-bazterketan daudenak eta haurrak eta familiak. “Erabiltzaile-kolektiborik handiena pertsona nagusiena da, zalantzarik gabe. Horregatik aukeratu dut sektore hori tesia egiteko. Horregatik, teorian, pertsona nagusien sektorean dauden gizarte-joerak gainerako sektoreetara estrapola daitezke”.

Gipuzkoan

Tesi-lana, gainera, Gipuzkoako kasurako bakarrik egin du Etxezarretak. “Gizarte-zerbitzuen sistema deszentralizatuta dagoenez, eta foru-aldundietako eskumena denez, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban politika ezberdinak egin izan dituzte. Nik Gipuzkoa aukeratu dut, hirugarren sektorearekin hitzartutako eredu bat duelako. Eta horrek bat egiten du nire tesiaren planteamenduarekin: alegia, sektore publikoak baliatu izan dituela hirugarren sektoreko edo gizarte-ekonomiako eragileak zerbitzu horiek eman ahal izateko” dio egileak.

Datuak eskuan

Tesian, analisi enpiriko bat egin du Etxezarretak. Alde batetik, EUSTATeko estatistiken bitartez, aztertu du hirugarren sektoreak (gizarte-ekonomiak, egilearen hitzetan) zer garrantzi kuantitatibo duen gainerako eragile pribatu eta publikoen artean. EUSTATek gizarte-zerbitzuen hornitzaileen estatistikak egiten ditu, eta analizatzen ditu zein diren pribatu kapitalistak, zein diren publikoak eta zein diren hirugarren sektorekoak. Gizarte-ekonomiaren dimentsioaren azterketa bat da, azken batean.

Gainera, Etxezarretak gizarte-ekonomiari lotutako elkarteak, kooperatibak eta fundazioak aztertu ditu. Esparru jakin horretako erregistro bateraturik ez dagoenez, datuak bildu ditu, pertsona nagusiei bideratutako zerbitzuetan zenbat erakunde dauden jakiteko. “Nik gizarte-ekonomiaren nolabaiteko mapa bat osatu dut” dio. Eta erakunde horiei inkesta bat bidali die, besteak beste, sistemaren balorazioa egin dezaten.
Azkenik, analisi kualitatibo bat egin du aditu-talde batekin; sektoreko 16 aditu hartu ditu, eta sakoneko elkarrizketak egin ditu. Elkarrizketa horien transkripzioak ere sartu ditu tesian.

Tesiaren lanak balio izan du aztertzeko zer aukera dauzkan gizarte-ekonomiak gizarte-zerbitzuen etorkizuneko diseinu batean. Aukera horiek azter daitezke sektorea ikuspuntu politikoago batetik nola garatuko den ikusteko. “Osasuna irudi publiko batetik diseinatu zen. Hezkuntza, aldiz, sare publiko eta sare itundu batekin egituratu da. Eta nik planteatzen dudan galdera da nola egituratuko duten gizarte-zerbitzuen sektorea, gaur egun oraindik garatu gabeko sektorea delako; posible ote den gizarte-zerbitzuen etorkizuneko sistema hau sistema publiko itundu batean oinarritzea”.

 

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskeraz, UPV/EHU
  • Enekoitz Etxezarreta, Ekonomian lizentziatua eta Gizarte- eta Kultura- antropologian lizentziatua, UPV/EHU , UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: