#GaiNagusiak

Afrikako Batasunak Neiker-Tecnalia aukeratu du Ghanan eta Senegalen nekazaritzako ureztatze-sistema modernizatzeko

Noiz argitaratua: 13/01/15 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak

Neiker-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea aukeratu dute teknologia berrietan oinarrituta ureztapenaren eraginkortasuna hobetzeko proiektu bat garatzeko, Ghanan eta Senegalen. Afrikako Batasunak hainbat erakunde internazionalek aurkeztutako 400 proiektu baino gehiagoren artean aukeratu du proposamena. Jardueraren helburu nagusia ureztapen-praktikak modernizatzea da, baliabide hidrikoak ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta nekazaritzako produktibitatea handitzeko, eta, horrenbestez, biztanleriaren elikadura hobetzen eta pobrezia murrizten laguntzeko.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak (IKT) dira Neiker-Tecnaliaren proposamenaren oinarri nagusia ureztatze-sistema berriak lortzeko, bi afrikar herrialdeetako klimaren eta nekazaritzaren beharretara egokitzeko. Jardueraren funtsezko produktuak zerealak —batez ere arroza— eta barazkiak dira, Afrikako mendebaldean zabalduen daudenak baitira. Labore-lurretan jarritako sentsoreen bitartez, lurrean dagoen ur-maila jakin ahal izango da, eta horrek aukera emango du ureztatzeko dauden beharrak zehatz-mehatz definitzeko eta dagoen ura alferrik ez galtzeko.

Neiker-Tecnaliako adituek sentsoreen sare bat diseinatu eta ezarriko dute, ingurumenari buruzko hainbat parametro jasoko dituztenak, hala nola tenperatura, prezipitazioak eta airearen hezetasuna, besteak beste. Lortutako informazioak aukera emango du ureztapena egokitzeko, une bakoitzean dauden beharren arabera. Teknikariek garatzen duten jarduera guztia bertako nekazariei eta Ghanako eta Senegalgo nekazaritza-arloko erakunde publikoei transferituko zaie.

Proiektuari esker, uzten produktibitatea handitu eta uraren kontsumoa murriztu ahal izango da, kontuan hartuta Afrikan gero eta urriagoa den ondasuna dela. Bertako biztanleen elikadura, funtsean, uzten emaitzen mende dagoela kontuan hartuta, Neiker-Tecnaliaren proposamenak, interes zientifikoa izateaz gain, ekarpen humanitario handia ere egiten du. Izan ere, proiektuaren beste helburu bat da emaitzak Afrikako beste herrialde batzuetara ere zabaltzea, nekazarien komunitateen bizi-baldintzak hobetzen laguntzeko.

Ureztatze-sistema berriak hartuko dituzten herriez gain, Ghanako eta Senegalgo hainbat ikerketa-zentro eta herrialde horietako elikagaien industria ere baliatuko dira ekimenaz; baita administrazio publikoak ere, ureztatzeko eredu eraginkorra izango baitute, herrialde horietako baldintza agroklimatikoetara egokituta.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Neiker-Tecnalia
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: