#GaiNagusiak

Ikerketa genetiko baten arabera, baliteke Urdaibaiko gaur egungo populazioa Santimamiñeko leizeko biztanleengandik etortzea

Noiz argitaratua: 13/01/15 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Humanitateak
 None

UPV/EHUko BIOMICs taldeak egindako ikerketa arkeogenetiko batek erakusten du euskal lurra jendeztatuta egon dela, gutxienez, Goi Paleolitoaz geroztik.

Duela 4.000 urte inguru Santimamiñeko koban bizi izan zen Homo sapiens baten matrailezurretik hartutako DNA —eta kobazulo berean aurkitutako beste 6 hezur-aztarnatan aurkitutakoa— gaur egun Urdaibai eskualdean bizi diren 158 pertsonaren DNArekin alderatu da, eta alderaketak erakutsi du aztarna arkeologikoetan aurkitutakoen oso antzekoa dela gaur egungo biztanleen amagandiko leinua. Gaur egungo herritarrak Santimamiñe leizeko antzinako biztanleengandik etorriak direlako hipotesiari eusteko aukera ematen du aurkikuntza horrek.

Urruneko garai haiekiko bat-etortze genetiko handi hori hasieran harrigarria gerta daitekeen arren, joan zen mendeko 90eko hamarkadaren amaierarako baziren nazioartean zenbait ikerketa, euskal biztanleen amagandiko leinuaren antzinatasunaren zantzu nabarmenak ematen zituztenak, zeinek adierazten baitzuten zenbait eremutan Paleolitoraino egin zitekeela atzera.

Dena den, orain arte ez zegoen biztanle haien eta gaur egun lur horietan bizi diren biztanleen arteko jarraitutasun genetikoaren froga erabakigarririk, eta, beraz, ikerketa horiek sortutako hipotesia baieztatuko luke EHUko taldeak egin duen azterketak.

EHUko BIOMICs taldeak egindako azterketa duela bi urte baino gehiago hasi zen, AGIRI Arkeologia Elkartearekin lankidetzan hasi zirenean, Santimamiñeko leizeko indusketa batean aurkitutako duela 4.000 urte inguruko hominido baten hezur-aztarnen azterketa erraztu baitzuen lankidetza horrek. Bi urte baino gehiagoz, EHUko ikertzaileek aztarna horiek aztertu zituzten Estrasburgoko Unibertsitateko genetistekin lankidetzan, aurkitutako aztarnen DNA mitokondriala deszifratzea lortu zuten arte.

Aztarna arkeologiko horien DNA atera ostean, azterketa genetiko hori Urdaibaiko gaur egungo biztanleen DNArekin alderatzean zetzan azterketaren bigarren fasea. Prozesu hori iazko udaberrian hasi zen, eta nahiko erraza zen, eremu horretako zenbait familiatako kideen listu-laginak hartu (158 lagin hartu ziren) eta Santimamiñeko leizean aurkitutako historiaurreko leinuekin alderatu baino ez baitzen egin behar.

Urdaibai eskualdeko biztanleriaren bereizgarri da eremu horretan nahiko egonkor mantendu izana denboran zehar; horri esker, antzinako leinu ugari ditu, espero zitekeen bezala, eta horren adierazle dira eremu horretako jatorrizko abizenei eustea edo lekuaren bereizgarri diren adierazpide eta esaerak erabiltzea, ingurune horretan belaunaldi asko bizi izanaren erakusgarri. Orain, lehengo azterketei datu genetikoak gehitu zaizkie, biztanleria horren historia biologikoa hobeto ezagutzen laguntzeko.

Ikerketa hori osatu ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Urdaibai Eskualdearen finantziazioa jaso da. Azterketa hori amaitu ondoren, ikerketa-esparrua Euskal Herriko beste eremu batzuetara zabaltzeko ahalegina egingo da etorkizun hurbilean, garai bereko edo beste garai batzuetako (Kobre Aroa, Brontze Aroa eta abar) hobi-aztarnategien azterketen bidez, euskal biztanleriaren ezaugarri bereziei buruz gaur egun dauden ezagutzak sakontzeko. Biztanleria-talde horrek interes zientifiko handia pizten du, dituen ezaugarri bereziak direla eta, jatorri preindoeuroparreko hizkuntza bati eusten baitio eta beste herri eta kultura batzuen eraginaren aurrean nahiko isolatua baitago.

Informazio osagarria

  • , UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, UPV/EHU
  • icono_documento
    Santimamiñe & Busturialdea, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: