#GaiNagusiak

Tecnaliak itsasoko energia eolikoa irauliko du aerosorgailu txikiagoekin

Noiz argitaratua: 13/01/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena #Teknologia
 Suprapower

SUPRAPOWER ikerketa aplikatuko proiektua, EBren 7. Esparru Programak finantzatua, mugarri bat izango da itsasoko aerosorgailuen berrikuntza teknologikoan, sorgailu elektriko trinko bat garatuko baitu supereroaleen teknologian oinarritua.

Proiektu iraultzaile honen bidez, aurreranzko jauzi bat egin nahi da itsasoko energia eolikorako teknologian, 10 MW-eko haize-turbina berritzaile bat diseinatuko baita, arina, sendoa eta fidagarria, barnean sorgailu supereroale bat izango duena. Beste alderdi batzuk ere kontuan hartu beharrekoak dira, hala nola bihurketa elektrikoa, integrazioa eta fabrikagarritasuna.

Gaur egungo sorgailu elektrikoak (hala biderkagailudunak nola iman iraunkorrak eta eragintza zuzena dituztenak) nekez handitu daitezke potentzia jakin batetik gora. Tamaina eta pisu handiaren ondorioz, kostuak handiegiak lirateke hala oinarri finkoetan nola flotagarrietan, baita eragiketa- eta mantentze-lanetan ere. Irtenbide berriak behar dira, sistemari potentzia-eskalagarritasun hobea, pisu txikiagoa eta fidagarritasun handiagoa emateko. Supereroankortasuna da helburu horiek lortzeko gai den teknologia bakarra eta 10 MW-era/-etik eskalatzeko aukera emango duena aerosorgailuaren goialdearen pisua errotik murriztuz.

Hauek dira SUPRAPOWERen helburuak:

  • Makineria-kaxaren masa eta itsasoko aerosorgailuen tamaina eta kostua % 30 murriztea, sorgailu supereroale trinko bat erabiliz.
  • Bai eragiketa- eta mantentze-lanak, bai garraio-kostuak murriztea, eta, gainera, bizitza-zikloa handitzea eragintza zuzeneko sistema berritzaile bat erabiliz.
  • Potentzia handiko aerosorgailuen fidagarritasuna eta eraginkortasuna handitzea makineria-kaxaren transmisio-sistemaren integrazio espezifikoaren bidez.

Lau urteko berezko garapenaren ondoren eta lan horretan oinarriturik patentatutako kontzeptu bat abiapuntutzat harturik, koordinatzaileak (TECNALIA) goi-mailako europar partzuergo bat antolatu du, 7 estatutako erakundez osatua, kide industrial hauek dituena: aerosorgailu-fabrikatzaile bat (ACCIONA WP), energia-konpainia bat (ACCIONA E), hari supereroaleak garatzeko enpresa bat (COLUMBUS), sistema kriogenikoen hornitzaile bat (OLV) eta offshore ingeniaritzako konpainia bat (D2M). Koordinatzaileaz gainera, hauek dira kide ikertzaileak: supereroankortasunean eskarmentu handia duen laborategi garrantzitsu bat (IEE), unibertsitate bat (SOTON) eta institutu nazional bat (KIT). Proiektuaren emaitza nagusia Europan teknologia giltzarri baten kontzeptua baliozkotzea izango da, aukera emango duena aerosorgailuak 10 MW-era edo hortik gora eskalatzeko, sorgailu supereroale bat eskalan eraikiz.

Informazio osagarria

  • Suprapower, Tecnalia
Leire Agüero Suárez

Egilea: Leire Agüero Suárez (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: