#GaiNagusiak

30.000 herritar boluntarioren sare bat laguntzen ari da minbiziaren kontrako estrategia berriak bilatzen

Noiz argitaratua: 13/01/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Osasuna

Hogeita hamar mila herritar —informatikari boluntarioak— laguntzen ari dira minbizia tratatzeko eta ehun kaltetuak birsortzeko proiektu batean. Proiektuak Biosoft du izena, hartan partaide dira CEIT-IK4, Materialen Fisika Zentroa (CSIC-UPV/EHU) eta Donostia International Physics Center (DIPC), eta asmoa da proiektu teknologiko bat aurrera ateratzea minbiziaren tratamenduarekin eta ehun kaltetuen birsortzearekin zerikusia duena.

Iturria:Teknopolis

 

Proiekturako, beharrezkoa da milioika orduko lana egitea datu-prozesamenduan eta eragiketetan, minbiziaren kontrako botikak askatzeko sistemak egiaztatzeko eta bideragarri diren ikusteko. Sustatzaileek ez dute behar adinako ekipamendu teknologikorik —milaka ordenagailu beharko lirateke—, eta boluntario informatikariak eskatzen dituzte, ordenagailuan erabiltzen ez dutenaren parte txiki bat lagatzeko.

“Haien ordenagailua lanean ari ez denean, komunitate zientifikoari laga diezaiokete ordenagailua geldi dagoen denbora hori”, dio CEIT-IK4ko ikertzaile Javier Aldazabalek. IberCivis plataforma informatikoak erabiltzaileen ordenagailuen memoria lagatzen du, egin beharreko eragiketetan behar den datu-prozesamendurako milioika orduak hornitzeko.

“Egin nahi duguna da botikak askatzeko portaerak ordenagailuan erreproduzitu. Orduan, simulazio horiek —sortutako eredu batzuk— dauzkagunean, parametroak aldatu nahi ditugu eta ikusi zer eragin izango luketen kasu errealetan, eta konparatu egiten ditugu kasu errealekin”, dio CEIT-IK4ko ikertzaile Gaizka Erkiziak.

Herritarren konputazioak aukera eman du hiru astean 140.000 simulazio egiteko. DIPC eta Materialen Fisika Zentroa (CSIC-UPV/EHU) arduratu ziren Biosoften eredua Ibercivis sarean integratzeaz. “Erraztasuna ematen digu era jakin bateko kalkuluak egiteko, eta, hartara, gure ordenagailu handiak erabil ditzakegu egiazki halakoak behar dituzten beste zenbait kalkulu espezifikotarako”, gehitu du Materialen Fisika Zentroko Iñigo Aldazabalek.

 

Alvaro Vilallonga

Egilea: Alvaro Vilallonga (CEIT-TECNUN)

Laguntzailea: