#GaiNagusiak

VALORLACT: gaztandegietan sortzen den esne-gazuraren balorizazio integralerako proiektu bat

Noiz argitaratua: 13/01/10 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Valorlact

Esne-gazurak ingurumenean kalterik ez egiteko, hura eraldatu eta gizakiarentzako nahiz animalientzako elikagaiak sortzea eta bioerregaia sortzea: horra hor VALORLACT proiektuaren helburuak. Europako Batzordearen LIFE+ Programak finantzatu du proiektua. Ekimenaren helburua da, besteak beste, esne-gazura hondakin gisa ez tratatzea, eta, aitzitik, elikagai-katean sartzea, negozio-aukera berri bat izan bailiteke gaztagileentzat eta elikagai-sektorearentzat oro har. Proiektuaren koordinazio orokorra Eusko Jaurlaritzako Berrikuntzaren eta Elikagai Industrien Zuzendaritzak darama; koordinazio teknikoa, Azti-Tecnaliak; eta gainerako partaideak Neiker-Tecnalia, BM Ingeniaritza eta Iberlact dira.

Gazta egiteko prozesuan esnea gatzatu eta kaseina eta koipea bereizitakoan gelditzen den likidoa da gaztandegiko gazura. Materia organikoa denez, kutsatzailea izan daiteke, ez bada egoki kudeatzen. Horregatik, Azti-Tecnaliako teknikariek, proiektuko beste erakundeekin batera, ekintza-plan bat diseinatu behar dute, helburu honekin: gaztandegiek sortzen duten gazuraren % 80 baino gehiago birziklatzea.

”VALORLACT-Gaztandegiek sorturiko gazuraren aprobetxamendu integrala” teknologia berriez baliatuko da esne-gazuratik balio handiko elikagaiak lortzeko, gizakiaren eta abereen kontsumorako egokiak. Programaren bitartez, irtenbide globalak eman nahi zaizkio gaztagintza-sektoreari, eta bereziki, haren barruan, ekoizle txiki eta ertainei, eskaintza dibertsifikatzeko aukera bat baita haientzat, eta, ondorioz, lehiakorrago izateko aukera.

Gaztandegi txiki eta ertainek ez dute gaur egun lanabes egokirik esne-gazura kudeatzeko eta balorizatzeko; beraz, proiektu hau oso onuragarri gerta dakieke gazurari irtenbide jasangarri bat emateko. Era berean, aukera ematen die ingurumen-legeriaren eskakizunak betetzeko eta isurien ondoriozko gastuak gutxitzeko.

Elikagai berri osasungarri eta funtzionalak

VALORLACT ekimenetik onura aterako dute giza elikagaien eta animalientzako elikagaien sektoreek ere. Parte hartzen ari diren erakundeetako espezialistek elikagai berriak lortu nahi dituzte —esnekiak, zopak, edariak eta beste—, funtzionalak eta kontsumitzaileentzako osasungarriak. Animalien elikagaien sektorearentzat, berriz, aukera bat da lehengai merke bat eskuratzeko, pentsuen nutrizio-ezaugarriak hobetzen dituena, balio erantsiko osagaiak dituenez.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Azti-Tecnalia
  • Valorlact, Azti-Tecnalia
Irantzu Zubiaur

Egilea: Irantzu Zubiaur (AZTI-Tecnalia )

Laguntzailea: