#GaiNagusiak

Gainazal manipulagarrien aukera

Noiz argitaratua: 13/01/04 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Fisika, Kimika eta Matematika #Teknologia
 Proiektuaren egilea, Leire Ruiz, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. (Argazkia: Marisol Ramírez/ Argazki Press).

Material berriak sortzeko modu bat da polimero ezagunen konbinazio berriak erabiltzea. Lan horretarako, bereziki interesgarriak dira kanpo estimuluei erantzuten dieten polimeroak erabiltzea, eta bide horretatik egin du Leire Ruiz Rubio kimikariak doktoretza-tesirako ikerketa. Inguruaren kondizioak aldatuta (pHa edo tenperatura, adibidez) kontrola daitezkeen polimero batzuen nahasteak ikertu ditu. Polimero horien jokabidea ezagututa diseina daitezke material berriak, hainbat aplikaziotan erabiltzeko. “Guk oinarrizko kimika egiten dugu; alegia, polimero hauen jokabidea ikertzen dugu, gero eta kondizio aurreratuagoetan, eta gero bilatuko da zer aplikazio gara daitezkeen material horiei esker. Izan ere, polimeroen nahasteak lehendabizi disoluzioan eta gero gainazal solido baten gainean daudenean ikertu ditu Ruizek.

Helburua zen jakitea polimero-kateak zer kondiziotan sakabanatzen diren eta noiz geratzen diren elkartuta. Hori aztertuta, Ruizek aztertu du nola manipula daitezkeen kondizioak, polimeroen nahasteak osatzen duen materiala geruza trinko bat izatetik zuloak izatera pasarazteko.

Ikerketa honetako nahasteak bi polimero-multzotatik bana gehituta egin dira. Multzo batean poliazidoak zeuden, hau da, protoi-emaileak (poliazido akrilikoa eta poliazido metakrilikoa eta polibinil fenola). Bigarren multzoan zenbait poli(N-binilamida) daude, hau da, aurrekoen protoiekin hidrogeno-zubiak sor ditzaketen polimeroak.

“Polimeroen arteko harremana ikertu dugu. Alegia, nahaste bateko polimeroek elkarren artean aldentzen diren edo kontrakoa gertatzen den, hots, elkarri itsasten zaizkion”. Eta harreman hori lehendabizi disoluzioan ikertu dute, disolbatzaileak horretan eragin handia izan dezakeelako. Polimero-kateak elkarrengandik aldendu egingo dira disolbatzailearen molekulekin elkartzeko joera handiagoa baldin badute (jarrera dispertsiboa). Aldiz, polimeroen arteko hidrogeno-zubiak disolbatzailearekiko harremana baino egonkorragoak baldin badira, polimero-kateek elkarrekin geratzeko joera izango dute (portaera asoziatiboa).

Oreka zaila da, mota guztietako elkarrekintzak daudelako. “Hor dago koska”, dio Ruizek. “Poliazidoek, adibidez, disolbatzailearekin eta beste polimeroarekin ez ezik, beren buruarekin ere izaten dituzte elkarrekintzak. baina poliamida batzuek, adibidez, nahiago dute beste polimeroekin elkartzea. Gauza bera gertatzen da disolbatzailearen kalitatearen arabera. Disolbatzailea oso ona bada, polimeroek harekin elkartzeko joera dute”.

Lan honetan erabili dituzten disolbatzaile gehienak alkoholak dira (metanola, etanola, propanola eta abar)eta haien molekularen tamainaren efektua ikertu dute. Hain zuzen ere, tamainak zerikusi handia du disolbatzaile ona edo txarra izatearekin: alkohol txikiak disolbatzaile hobeak dira handiak baino.

Disoluzioan egindako ikerketa hori gainazal baten gaineko kondizioetan errepikatu zuten Ruizek eta haren lankideek. Jakin nahi zuten nolako jokabidea zuten polimeroen nahaste horiek gainazal baten gainean. Siliziozko gainazalak ziren, kopolimero-geruza batez estalita eta geruza horretan hainbat talde funtzional gehituta. “Ileak balira bezala geratzen dira”, dio Ruizek. Gainetik, polimeroen nahasteak jartzen zituzten, bigarren geruza bat osatuz. Horrelako sistemak manipula daitezke, pHa edo tenperatura aldatuta adibidez, eta gainazalaren propietate kimikoak eta fisikoak aldatu egiten dira. Eta, azken batean, polimeroen nahasteak horren arabera jokatuko du modu batera edo bestera.

“Guk oinarrizko kimika egiten dugu, baina beti dituzu aplikazioak buruan. Adibidez, geruza horien artean farmakoak sar litezke eta gainazalaren ileetan itsatsi. Sandwich moduko bat geratuko litzateke barrukoa farmakoa izanda”. Kasu horretan, pH edo tenperaturaren manipulazioarekin, polimero nahastea desegin liteke, eta farmakoak askatu nahi den unean. Beraz, ustezko aplikazio bat nahi den unean irekitzen den kapsula bat osatzea da. “Baina oraindik hori urruti dago. Guk disoluzioan zer gertatzen den ikertu dugu, eta gero inguru konplexuago batean, gainazal batean. Hori ikertu duzunean beste pauso bat eman ahal izango duzu”. Baina kapsulen aplikazioa oraindik urruti dago. Tesi honen helburua da polimero batzuen jokabidea ikertzea.

Leire Ruiz Rubio (Bilbo, 1979), kimikan lizentziatu zen UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Gero, doktoretza egin du toki berean, Maria Teresa Garay Perez irakaslearen zuzendaritzapean. Gaur egun, Kimika Fisikoa Saileko ikertzailea da, eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko kimikako irakaslea.

Informazio osagarria

  • Proiektuaren egilea, Leire Ruiz, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. (Argazkia: Marisol Ramírez/ Argazki Press)., UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, ingelesa, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: