#GaiNagusiak

NUPek soluzio domotikoak diseinatu ditu abeltzaintza-ustiapen intentsiboen kontrola eta segurtasuna errazteko xedez

Noiz argitaratua: 12/12/19 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Teknologia
 ezkerretik eskuinera, proiektuan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak: Eduardo Jaunsaras, Ignacio Matías eta Juan Manuel Galindo

Etxebizitzetarako domotika-sistemak abeltzaintza-ustiapen intentsiboetan erabiltzea kontrola eta segurtasuna hobetzeko. Horixe izan da duela hiru urte hasitako “Erabilgarritasun handiko telezerbitzu-zentroa abeltzaintza-ustiapen intentsiboetarako, soluzio domotikoetan eta telekomunikaziokoetan oinarritua" izeneko proiektuaren helburua. Proiektua Nafarroako Gobernuak finantzatua dago, eta Nafarroako Oskotz herrian abian jarri den proba pilotu batean gauzatu da. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ignacio Matías, Eduardo Jaunsaras eta Juan Manuel Galindo ingeniariak arduratu dira sistema diseinatzeaz eta dauden abeltegien behar eta eskakizunetara egokitzeaz.

Ignacio Matías Maestro Teknologia Elektronikoko katedradunak dioenez, "kudeaketarako teknologia mugikorra erabiltzea aukeratu dugu, abeltzainak Interneten edo telefono-aplikazio baten bidez abeltegiaren erabateko kontrola eduki baitezake horrela". Zehazki, NUPeko ingeniariek etxebizitzetan erabiltzen diren domotika-sistemak egokitu dituzte hainbat motatako abeltzaintza-ustiapen intentsiboetara (ardiak, behiak, untxiak, oiloak, eta abar). "Etxebizitza batean, erosotasuna da funtsezkoena, eta abeltzaintza-ustiapen batean, berriz, animalien segurtasuna eta kontrola —azaldu du Eduardo Jaunsaras Munarriz industria-ingeniari eta proiektuaren laguntzaile nagusiak—. Erabiltzaile bakoitzak ezartzen ditu parametro nagusiak, ustiapen-mota bakoitzak bere ezaugarriak baititu: hegazti-granja batean, tenperaturaren kontrola funtsezkoa da arrautzak jartzeko; beste batzuetan, esaterako, gas-metaketa monitorizatu behar da, gas-metaketak abere guztiak itota hiltzea ekar dezakeelako".

Instalazioaren diseinuan, bi motatako gailuak daude: sentsoreak, aldagaiei antzemateko, eta eragileak, zein ekintza egingo den erabakitzeko. Adibidez, sistemaren akats edo aldaketa baten aurrean, sentsoreek antzeman egiten diote, eta eragileek erabiltzaileak aurrez ezarritako ekintzak betetzen dituzte: leihoak ireki, gasa eten, ur-hornidura moztu, tenperatura igo eta abar. “Alarma jotzen hasten denean —dio Ignacio Matíasek—, abeltzainak erabakitzen du nola nahi duen jardun. Teknikoki, dena gauza daiteke: ateak edo leihoak ireki, tenperatura igo edo jaitsi eta abar".

Kontrola sakelako telefonoaren bidez

Sistema Interneten bidez edo abeltzainak bere sakelakoan deskargatzen duen aplikazio baten bidez kontrolatzen da. Etxaldean webcamak instalatu baditu, kamerak grabatzen ari direna ikus dezake. Gainera, sentsoreek jasotzen duten informazio guztia dauka eskura (tenperatura, hezetasuna, gasa eta abar), eta berogailuak gehiago berotzea eragin dezake tenperatura baxua bada. Beste aukera bat da alertak programatzea sakelakoan abisu bat jasotzeko egoera ohiz kanpokoren bat badago. Esaterako, sumatzen badu jendea dabilela ibili behar ez den lekuan, edo aretoaren hezetasun-maila aurrez ezarritako muga baino handiagoa dela eta abar.

"Garrantzitsuena da abeltzainek jakitea badela horrelako teknologia, etxalde bakoitzean aplikatu eta egokitu daitekeena, eta oporrak har ditzaketela dena kontrolpean dagoelako ziurtasunaz, eta jakinda zerbait gertatzen bada azkar jarduteko aukera edukiko dutela", diote ingeniariek.

Horren harira, proiektu honetan jarduteak "kolektibo baten beharrei buruzko ezagutza ekarri digu, lehen ez genuena. Adibidez, ez genekien behien ustiapenean beharrak desberdinak direla behiak haragitarako izan, edo esnetarako izan. Era berean, ez genekien etxalde bateko instalazioan egon daitekeen akats batek oilo guztiak hiltzea ekar dezakeela. Horrelakoak nahiko maiz gertatzen dira, eta, batzuetan, aseguru-etxeek ez dute erantzuten horien aurrean. Akats horiek saihets daitezke teknologia berriaren bidez".

Hainbat eragile sartu dira proiektuan. Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Elkarteak eta Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegitura Institutuak arloari buruz duten ezagutza jarri dute, eta ezarri dute zein parametro diren garrantzitsuak etxalde-mota bakoitzerako. Ingeniería Domótica eta EGA Informática enpresak, berriz, sistema informatikoaren instalazioaz eta kontrolaz arduratu dira, hurrenez hurren. “Gu —dio Eduardo Jaunsarasek— instalazioaren diseinuaz arduratzen gara. Hortik aurrera, enpresak arduratuko dira garatutako produktua merkaturatzeaz eta instalatzeaz".

Oraingoz, sistema Oskotzen ari da funtzionatzen. INTIAk hazi jartzeko zentro bat dauka han, eta, batez ere txerriak eta untxiak hazteko erabiltzen dena. Sistema etxaldeetara egokitzean ingeniariek aurkitu dituzten desberdintasunen artean daude etxebizitzetan erabiltzen ez diren zaintzarako webcamen kokapena, instalazioen konplexutasuna —etxeetan, elektrikari batek egin dezke lan hori—, eta behar diren sentsoreak desberdinak direla, ez daudelako aterpean.

Ignacio Matíasek hau nabarmendu du: "Berrikuntza egin behar da: existitzen dena erabiltzen saiatu, inguru berrietara egokituta, esaterako etxaldeetara". Gainera, beste berezitasun bat ere bada: "Orain arte egon diren kontrol-sistemak sistema itxiak dira, eta, horrelakoetan, ez dago jarduteko aukerarik. Adibidez, abeltzainak ezin du esan bere etxaldea hegoaldera begira dagoenez gauza bat behar duela baina ez bestea. Proiektu honen bidez, erantzun egiten diegu horrelako eskaera eta beharrei.

 

Informazio osagarria

  • ezkerretik eskuinera, proiektuan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak: Eduardo Jaunsaras, Ignacio Matías eta Juan Manuel Galindo, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: