#GaiNagusiak

Retro arima duten bideoklip garaikideak

Noiz argitaratua: 12/12/21 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Humanitateak #Teknologia
 Arantza Lauzirika tesiaren egilea, Robert Smithsonen <i>Spiral Jetty</i> lanarekin, Utahko (AEB) Aintzira Gazi Handian. (Argazkia: Arantza Lauzirika).

Bideoklip asko hartualdi luzean filmatzen dira oraindik ere, ikus-entzunezko industriak ediziorako nahi adina baliabide dituen arren. Autore batzuek aspaldiko teknikak baliatu ohi dituzte, nahiz eta horrek, itxuraz, alferrikako lanak hartzea eta irudiaren kalitatea kaskartzea ekarri. Fenomeno horren zergatiak aztertu ditu Arantza Lauzirika ikertzaileak: “Egoera hori guztia ikertu dut. Noraino iritsi garen teknologikoki, zer bitarteko ditugun eskura, eta askotariko autoreek baliabide horien aurrean eman duten erantzuna”. UPV/EHUn defendatu du tesia, izenburu honekin: La limitación como eje creativo en las prácticas artísticas visuales. Camino de regreso a la génesis de la producción de imágenes después del conocimiento y uso de la tecnología (Mugak, jardunbide artistiko bisualetarako sormen-ardatz. Irudi-ekoizpenen sorrerara itzulera-bidean, teknologiaren ezagutza eta erabileraren ondotik).

Lauzirikak teknologiarekin lotutako irakasgaiak ematen ditu Arte Ederren Fakultatean, eta horren haritik topatu du tesia egiteko motibazioa: “Ikasleen artean mito bat dago. Uste dute zerbait txarto egiten badute gero ordenagailuarekin konpondu dezaketela eta kito. Eta edozer gauza egiteko teknologia asko, programa mordoa, kamerarik onenak… behar dituztela”. Puntako teknologiaren behar gorri hori desmitifikatzeko, baliabide tekniko gutxirekin egindako “gauza oso potenteak” bilatzeari ekin zion, eta besteak beste, hartualdi luzean egindako bideoklip garaikide askorekin egin du topo: “Teknologia digitalak guztion eskura dauden garai hauetan, digitalki ekoizteko aukera dagoenean, atentzioa eman zidan hartualdi luzera bueltatze horrek. Zerk eragiten du baliabide zaharrak berreskuratzea, teknologia ezagutu ondoren?”.

Bi hipotesi

Galdera horri erantzuteko, bi hipotesi ibili ditu Lauzirikak. Lehena, hain zuzen ere teknologia berriak direnez eta aurreneko bertsioak beti eskasagoak izan ohi direnez, sistema batzuk ez daudela autoreek behar adina garatuta, eta gabezia horri aurre egiteko irudimena eta baliabide zaharrak aplikatu beste erremediorik ez dutela. Lehenengo sakelako telefono multimediak, horren erakusgarri: “Bideoak grabatzeko aukera ematen zuten, baina ezin genituen editatu, edo askok ez genekien nola egin. Orduan, baliabide moduan, jende mordoa hartualdi luzeak egiten hasi zen”.

Lauzirikak adierazi duen bigarren hipotesiaren arabera, denboran atzera egite horrek ez du zerikusirik muga teknikoekin, norberak bere buruari jarritakoekin baizik. Hau da, egileak berak aukeratu du bide hori, askotariko arrazoiak direla medio: “Joera irudi asko erabiltzea bada, agian nik hartualdi luzea erabiliko dut pizgarri moduan. Edo atentzioa emateko. Beste batzuek nostalgiagatik egiten dute, irudiaren forma zaharrak berreskuratu nahi dituztelako. Eta beste batzuek, teknologia desfasatuak gustuko dituztelako; adibidez, Nintendo kontsolarekin egiten dute lan, txikitan hori zeukatelako”.

Spiral Jetty, adibide

Bigarren hipotesi horren haritik, prekarietatea eta sistema analogikoen akatsak “aldarrikatu” egiten dituzte artista batzuek. Teknologia berriak ondo menderatu eta, hala ere, ezagutza hori ez aplikatzea erabakitzen dute. “Antzinako moduak berreskuratzen ditugunean, beste ikuspuntu batetik berreskuratzen ditugu, ez gara abiapuntura bertara bueltatzen”, azaldu du Lauzirikak. Ikus-entzunezkoetan izandako bilakaera horrek ekarritako zenbait ondorio ere azaldu ditu bere tesian.

Esaterako, ikus-entzunezko horien eta museoek piezak erakusteko duten moduaren arteko talka. Robert Smithsonen Spiral Jetty (argazkian) artelana aipatu du ikertzaileak, horren erakusgarri. Basalto beltzez eginiko espiral formako eskultura hori Aintzira Gazi Handiaren ertzean dago (Utah), etzanda, eta egileak berak bideo bat egin zuen haren gainean. “Smithsonek helikoptero batetik egin zuen, eta pelikulan filmatu zuen, proiektorearen soinua helikopteroarenarekin nahastea nahi zuelako. Baina lan hori museo batean jartzen dutenean, DVDan jartzen dute. Hori ez da Smithsonen lana, Smithsonen lanaren dokumentu bat baizik. Ez da txarra, baina konturatu behar dugu hori gertatzen ari dela”, dio.

Ikus-entzunezkoen bilakaerak terminologia irauli du, gainera. Izan ere, bideoak ikustetik kontenplatzera egin dugu jauzi, eta artea kontenplatzetik ikustera. Gaur egungo erakusketetan horrenbeste artelan metatzen denez, ez dago guztien aurrean gelditzerik, eta begi-kolpeekin konformatzen gara, “planoz plano pelikula bat eraikiko banu bezala. Hori ez da kontenplatzea, ikustea baizik”. Eta artelan horien guztien artean, paradoxikoki, ikus-entzunezko lanei eskaintzen diegu arreta handiena gaur egun. Hartualdi bakarreko lanak direlako, hain zuzen, eta irudiaren bilakaera erakusten zaigulako bertan. “Hartualdi horren barruan zer gertatzen den ikusten geratzen naiz. Denbora gehiago eskaintzen diot. Bideoa ez dut ikusten jada: kontenplaziorako bidea hartzen dut”, esan du.

Egileari buruz

Arantza Lauzirika Morea (Barakaldo, 1964) Arte Ederretan lizentziaduna da, ikus-entzunezkoen espezialitatean. Rita Sixto Cesteros UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle titularraren zuzendaritzapean idatzi du tesia, eta Irudigintza Sailean defendatu du. Gaur egun, fakultate horretako bertako Arte eta Teknologia Saileko irakaslea (unibertsitate-eskolako titularra) da Lauzirika.

 

Informazio osagarria

  • Arantza Lauzirika tesiaren egilea, Robert Smithsonen Spiral Jetty lanarekin, Utahko (AEB) Aintzira Gazi Handian. (Argazkia: Arantza Lauzirika)., Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Spiral Jetty, Euskal Herriko Unibertsitatea
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: