#GaiNagusiak

Hilekoaren aurreko nahasteari neurria hartzen

Noiz argitaratua: 12/12/19 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Gizarte-zientziak #Osasuna
 Leire Aperribai psikologian doktorea (Marisol Ramirez / Argazki Press).

Emakumezko askok hilekoaren aurretik ezer berezirik nabaritzen ez duten arren, beste batzuek egunerokotasunean eragozpenak sortzen dizkieten asaldurak izaten dituzte: gogo-aldarte depresiboa, herstura, sentiberatasun emozional areagotua, nekea, kontzentratzeko arazoa, zefalea... Alabaina, Leire Aperribai UPV/EHUko psikologian doktoreak azaldu duenez, ez dago asaldura hori definitzeko eta diagnostikatzeko irizpide adosturik, “eta, horren ondorioz, zaila da sintomak pairatzen dituzten emakumeekin esku-hartze egokiak bideratzea”.

Gauzak horrela, hutsune hori betetzea bilatu du bere doktore-tesian. Lehen lana asaldura definitzea izan da. Horretarako, Estatu Batuetako Psikiatria Elkartearen buru-nahasteen diagnosi- eta estatistika-eskuliburuaren laugarren bertsio berrikusian oinarritu da.

Eskuliburu horrek hilekoaren aurreko nahaste disforikoa definitzen du, eta hura diagnostikatzeko irizpideak proposatzen ditu. Besteak beste, sintomak jendartean edo lanean kalte nabarmena eragiteko bezain larriak direla azaltzen du, eta fase luteinikoan gertatzen direla zehaztu; hau da, obulatu eta hilekoa izan bitartean.

Horrez gain, sintomak hilekoarekin desagertzen direla ere azaltzen du eskuliburuak, eta nahastearekin erlazionatutako gutxienez bost sintoma pairatu behar dituela nahastetzat hartzeko. Gainera, sintometako batek gutxienez lau hauetako bat izan behar du: gogo-aldarte depresiboa, etsipen-sentimenduak edo autogaitzespen ideiak izatea; barne-herstura nabarmena, tentsioa, gehiago ezin izatearen sentimendua; labilitate emozional nabarmena izatea, hau da, bat-batean triste edo negarti egotea, edo hipersentiberatasun emozionala azaltzea, besteen gaitzespenaren aurrean; eta haserrekortasuna edo suminkortasuna.

Aperribairen iritziz, eskuliburuan oraindik “Nahaste depresibo zehaztugabeen” artean azaltzen bada ere, izaera bereizia ematen zaio hilekoaren aurreko nahaste disforikoari, eta proposamen sendoa da, sintoma-multzo nagusiak aintzat hartzen baititu. Halaber, egun dauden sailkapenen artean, babes handiena jaso duena dela esan du Aperribaik.

Fidagarria eta erabilgarria

Hala, eskuliburuan azaltzen diren definizio eta irizpideetatik abiatuta, Aperribaik galdera-sorta bat sortu du, eta hura balioztatu du, UPV/EHUko hiru campusetan lanean edo ikasten dabiltzan emakumezkoei egindako elkarrizketen bitartez. Horren bidez, fidagarria dela frogatu du. Izan ere, kalkuluen arabera, populazioaren % 3-10ek pairatzen du hilekoaren aurreko nahaste disforikoa, eta, Aperribaik egindako ikerketan, detektatutako positiboak %15 izan dira.

Egileak azaldu duenez, alde hori “normala da, screening test bat baita. Hau da, ez da diagnostikoa egiteko tresna bat, baizik eta iragazki bat, nahastea izan dezaketen emakumezkoak eta ez dutenak bereizteko”. Alderdi horretatik, oso erabilgarria dela adierazi du Aperribaik, bai ikerketan, bai mediku-zentroetan. “Testa egiteko nahikoak dira 10 minutu, edo are gutxiago, eta horrekin asko aurreratzen da. Gero, positiboak izan diren kasuetan, diagnostiko-probak etortzen dira, eta horiek bi hilabete ere iraun dezakete.

“Hilekoaren Aurreko Nahaste Disforikoaren ebaluazioa: screening tresna baten eraikuntza” izenburua du tesiak, eta, orain, testa euskaratzeko lanean ari da: “Zati bat egina dugu, baina oraindik geratzen zaigu lan pixka bat”.

Ikertzaileari buruzko zenbait datu

Leire Aperribai (Arrasate, 1974) psikologian doktorea da, eta UPV/EHUko Psikologia Fakultatean dihardu, Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua sailean. Itziar Alonso Arbiol Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua saileko irakasle agregatuaren eta Nekane Balluerka Lasa Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia saileko irakasle katedradunaren zuzendaritzapean burutu du doktore-tesia, eta, gaur egun, Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakasle atxikia da.

Tesiak UPV/EHUko Euskara Errektoregoak emandako hainbat laguntza jaso ditu. Gainera, EAEko hainbat enpresak ere parte hartu dute dute ekonomikoki, materialki eta teknikoki (Athletic Club Fundazioa, Eroski Fundazioa, Euskal Irrati Telebista, Fagor Arrasate, Fortaleza Kafeak, In Faradis, Sintasys).

 

Informazio osagarria

  • Leire Aperribai psikologian doktorea (Marisol Ramirez / Argazki Press)., Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Leire Aperribai psikologian doktorea (Marisol Ramirez / Argazki Press)., Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Leire Aperribai psikologian doktorea (Marisol Ramirez / Argazki Press)., Euskal Herriko Unibertsitatea
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: