#GaiNagusiak

Leuzemia linfoblastiko akutua: tratamendu hobea eta biziraupen luzeagoa, markatzaile berriei esker

Noiz argitaratua: 12/12/18 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Osasuna #Teknologia
 Elixabet López López, tesiaren egilea. (Argazkia: Marisol Ramirez / Argazki Press).

Arrisku-taldeak sailkatzeko eta tratamenduaren toxikotasuna aurreikusteko zenbait markatzaile genetiko aurkeztu ditu UPV/EHUko Elixabet Lópezek bere doktore-tesian.

Leuzemia linfoblastiko akutua —haurren minbizi ohikoena— izan du aztergai Elixabet Lópezen doktore-tesiak. Markatzaile genetiko berriak aurkeztu ditu bere lanean (New genetic markers for treatment personalization in pediatric Acute Lymphoblastic Leucemia) UPV/EHUko biologo honek. Arrisku-taldeen sailkapena hobetzeko eta tratamenduak pazienteari eragiten dion toxikotasuna aurreikusteko baliagarriak izan litezke markatzaile berriak. Hartara, tratamenduak hobeto egokituko lirateke paziente bakoitzaren premietara.

Azken hamarkadotan, % 10etik % 80ra igo da gaitz hori dutenen biziraupen-portzentajea. Terapia konbinatuekin eta pazienteak arrisku-taldeka sailkatuta lortu da hobekuntza hori. Erantzun okerragoa aurreikusten zaien taldeekin, adibidez, tratamendu gogorragoa erabiltzen da. Hartara, areagotu egiten da pronostiko txarreko taldeen biziraupena, eta, bide batez, gutxitu egiten da kimioterapiaren toxikotasuna pronostiko hobeagoko pazienteen artean.

Alabaina, ez da guztiz zehatza arrisku-taldeen sailkapena (markatzaile klinikoekin egiten da egun; adibidez, linfozito-kantitatea edo pazientearen adina kontuan hartuta) eta zenbait markatzaile genetikorena. Hasieran arrisku txikikotzat jotako paziente batzuek, esate baterako, ez diote ongi erantzuten tratamenduari, eta arrisku handiagoko terapia batera aldatzen dituzte. Kasu horietan, Lópezen ustez, “biziraupen-portzentajea hobetu liteke, hasieratik intentsitate handiagoko tratamendua aplikatuta”.

Bestalde, kimioterapia-dosi oso gogorrak jaso ohi dituzte leuzemia linfoblastikoa duten haurrek, eta sarri agertu ohi dira toxikotasun-arazoak (oso larriak, batzuetan). Bestalde, “haurrak direnez eta gerta litekeenez toxikotasunak bizi osorako ondorioak uztea, komeni da hori saihesten ahalegintzea”, dio Lópezek. Egun, ez dago modu estandarrean erabiltzen den toxikotasun-markatzaile bakar bat ere.

Markatzaile berrien bila

Arrisku-markatzaile berriak eskuratzeko ahaleginean, tumore-zelulen genoma osoa arakatu zen, delezio eta bikoizketa bila. Errepikatzen zirenak eta arrisku-talde batek bakarrik zituenak hautatu ziren, baita taldez aldatutako pazienteetan ageri zirenak ere. “Arrisku baxuko pazienteetan bakarrik agertzen den arrisku txikiko markatzaile bat aurkitu dugu, eta arrisku handikoetan bakarrik agertzen den beste bat. Lehendik erabiltzen direnen osagarri izan litezke, beharbada, markatzaile berriak. Arrisku txikitik arrisku handira aldatu diren pazienteetan eta arrisku handikoetan agertzen diren beste bost markatzaile ere aurkitu dira. Horrek esan nahi du paziente horiek arrisku handikoak zirela eta talde horretan sailkatu beharrekoak”, dio ikertzaileak.

Toxikotasun-markatzaileak, bestalde, zelula normaletan bilatu ziren, pazientearen beraren aldaketak (ez tumorearenak) detektatzeko. Metotrexatoa —toxikotasuna eragin dezaketen farmako nagusietako bat— izan du aztergai ikerketak, eta markatzailetarako balio lezaketen zenbait aurkikuntza egin dira; besteak beste, metotrexatoa garraiatzen duen genearen aldagai bat eta gene horiek erregulatzen dituzten mikroRNAekin (azido erribonukleikoko molekula txikiak, proteinarik sortu ez arren erregulazio-lan ona egiten dutenak) lotutako beste aldagai batzuk.

Lópezen hurrengo helburua da genearen adierazpenean aurkitutako aldaketa genetikoek zer eragin duten ikertzea, eta jakitea, zehazki, zergatik erregulatzen duten aldaketa horiek tratamenduaren toxikotasuna edo tratamenduarekiko erantzuna. Horrez gain, markatzaileak baliozkotzeko entsegu klinikoak ere egitekoak dira. “Gure populazioan aurkitu ditugu markatzaile horiek, baina egiazki baliagarriak diren jakiteko, entsegu klinikoak egin behar dira eta, hartara, markatzaile horiekin biziraupena areagotzen eta toxikotasuna jaisten den ikusi”, diosku Lópezek.

Ikertzaileari buruzko zenbait datu

Elixabet López López (Barakaldo, 1984) biologian lizentziatua eta doktorea da (UPV/EHU), “Nazioarteko doktore” izendapenarekin. Tesiaren zuzendari izan ditu África García-Orad —UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisiko eta Animalien Fisiologia Saileko irakasle titularra— eta Aurora Navajas, haurren onkologoa eta Gurutzetako Ospitaleko Irakaskuntza Unitateko irakaslea. Medikuntza Fakultateko Medikuntza Molekularreko Sail Arteko Laborategian (UPV/EHU) egin du tesia, hauen lankidetzarekin: Gurutzetako Ospitalea, Donostia Ospitalea, La Paz Ospitalea (Madril), Vall d’Hebrón Ospitalea (Bartzelona), IMIM-Hospital de Mar (Bartzelona) eta Erasmus MC-Erasmus Unibertsitatea (Herbehereak) Aipatutako taldean jarraitzen du Lópezek, ikertzaile-lanean, UPV/EHUk doktoreentzat berriki onartutako laguntza bati esker.

Informazio osagarria

  • Elixabet López López, tesiaren egilea. (Argazkia: Marisol Ramirez / Argazki Press)., Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Elixabet López López, tesiaren egilea. (Argazkia: Marisol Ramirez / Argazki Press)., Euskal Herriko Unibertsitatea
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: