#GaiNagusiak

Lurzoruak eta urpeko urak berreskuratzeari buruzko kontzeptu berri eta berritzaileak garatu ditu Tecnaliak

Noiz argitaratua: 12/12/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena #Teknologia

Europako UPSOIL proiektuak —zeinean partaide baita Tecnalia, beste kide batzuekin batera— etorkizuna hurbiltzeko aukera eman du lurzoru eta urpeko uren berreskurapenean, kontzeptu berri eta berritzaile batzuei esker.

Lurzoru kutsatuen berreskurapenaren sektoreak, nahiz ez den bereziki berria (1990eko hamarkadaz geroztik ezaguna da Europan lurzoruen erremediatzea, bai indusi eta hondakindegiratzearen bai ponpatu eta tratatzearen alternatiba gisa), eragozpen asko izan ditu merkatuan bere tokia aurkitzeko. Alde batetik, kostu handia duelako eta denbora asko behar delako hura gauzatzeko; bestetik, hartan aplikatzen den teknologiarekin esperientziarik ez dagoelako, eta ez direlako ezagutzen epe luzera izango dituen ondorioak.

Azken hiru urtean, UPSOIL proiektuak lortu du eragozpen horietako batzuk suntsitzea, ideia berri eta interesgarri batzuei esker. Ideia horien artean dago, esate baterako, dagoeneko existitzen diren tratamendu-teknologia biologiko edo kimikoen konbinazio adimenduna, haien arteko sinergiak bilatzen dituena eta eraginkortasuna handitzen duena, alde batera utzirik ideia bat, kutsatzaile bati teknologia bat dagokiolakoa.

Ildo horretan, esperientzia-sorta handi bat egin da laborategian, eta haietan arrakastaz zehaztu da oxidazio kimikoko tratamendu bakoitzak nolako ondorioak dituen konposatu organikoentzat zoruaren matrizean eta hartako biota naturalean, eta halaber metal astunen lixibiatzean eta haien toxikotasunean. Edo, adibidez, oxidatzaile paketatu mota berriak garatu dira (geruza mineral edo organiko batean doazenak), hartara lurzoruaren matrizearekin erreakziona ez dezaten eta kontsumoa gutxitu dadin, tratamenduaren kostua eta iraupena murrizteko. Tecnaliak, ildo horretan, burdina zerobalentearen paketatze-mota batzuk ikertzen aritu da.

Ekimen berri hauek praktikan jarri dira hala laborategian nola zenbait probalekutan, Europan (Polonia, Flandria, Alemania, Austria, Espainia), hau da, egoera errealetan.

Proiektuaren emaitzek aukera eman dute hauek garatzeko:

- zorua berreskuratzeko gaur egungo teknologiak akoplatzeko eta errentagarri egiteko metodoak eta prozedurak
- lurzoruaren erremediatzeak biota naturalaren jasangarritasunaren eta bideragarritasunaren gainean duen efektu totala ebaluatzeko metodologiak
- deskontaminazio selektiborako erreaktibo hobetuak
- konposatu organikoen erremediatzeak metal astunetan dituen albo-ondorioak aurreikusteko metodoak
- konposatu organikoen detekzio eta tratamendu konbinaturako teknologia berriak
- denbora errealean erremediatzeko proiektuak aplikatzeko metodo eta tresna informatiko berriak

Proiektuan parte hartzen ari dira hamabost bazkide, alor desberdinetakoak: ikerketa teknologikoko sei zentro (Tecnalia, VITO-MPT, Deltares/TNO, IETU, ECOIND, SGI), unibertsitate bat (WUR), zazpi ETE (enpresa txiki eta ertainak) (ENACON, ECOREM-Baltic, Dekonta, POWIZ, Ejlskov, RDS, Biutec) eta kontratista bat (Geocisa). Bazkideak Europako hamar herrialdetakoak dira, eremu zabala hartzen dutenak.

Hiru urtez ikerketa emankorrean aritu ondoren, proiektua burutu egin da; oso emaitza onak lortu dira, eta, horri esker, emaitzak ustiatzeko plan komertzial bat garatu ahal izango da.

Kontzeptu horiek eta beste batzuk, proiektuaren emaitzak eta etorkizunerako izan ditzakeen ondorioak xeheki deskribatuta daude gure UPSOIL webgunean: www.upsoil.eu. Gonbidatuta zaude informazio horretaz baliatzera eta guri zure inpresioen berri ematera.

 

Anais Silban

Egilea: Anais Silban (Tecnalia Eraikuntza Unitatea)

Laguntzailea: