#GaiNagusiak

Gune arriskutsuetan konpontze-lanak egiteko robot autonomoa

Noiz argitaratua: 12/12/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 MIRoR proiektuaren robota

IK4-Tekniker MiRoR europar proiektuan ari da parte hartzen —Acciona eta Rolls Royce enpresekin batera, besteak beste—, iritsi ezineko bazterretan konpontze- eta mantentze-lanak beregain egiteko gauza den robot miniaturizatu bat garatzeko.

Zenbait industria konplexuk (energiarena, esate baterako), inguru debekatu edo arriskutsuak dituztenez (zentral nuklearrak eta petrolioa erauzteko plataformak, adibidez), langileentzako arrisku berezia ekar lezaketen konponketak eta mantentze-lanak egin behar izaten dituzte. Beste batzuetan, haien diseinu korapilatsua dela eta, iritsi ezineko tokietan egin behar izaten dira lanak, eta pertsonek ezin dituzte egin. Konponketak edo ohiko mantentze-lan arruntak egitea oso zail gertatzea eta premia berriak sortzea ekarri du batzuetan.

Gauzak horrela, IK4-TEKNIKER eta beste zazpi kide (unibertsitate, enpresa zein zentro teknologiko) partaide dituen Europako partzuergo batek MiRoR proiektua abiarazi du Europar Batasuneko Ikerketako VII. Esparru Programaren barruan, non konpontze- eta mantentze-lanak doitasun handiz eta malgutasunez egiteko gauza den robot miniaturizatu bat diseinatuko baita.

Bere ezaugarriak direla eta, inbertsio handiak behar dituzten sektoreetan erabiltzeko pentsatua da MiRoR proiektua. Alde batetik, energiarekin zerikusia duten sektoreak, hala nola zentral nuklearrak edo gasa zein petrolioa erauzteko plantak. Bestetik, ingeniaritza zibileko obra handiak. Robotak, gainera, beste sektore batzuetan ere badu aplikagarritasuna; besteak beste, aeronautikako erreakzio-moto handien produkzioan. Hori dela eta, enpresa handiek ere parte hartzen dute proiektuan: Areva, Acciona, Petrom eta Rolls Royce, esaterako.

Proiektua aurten hasia da, eta 2015ean robota garatuta amaitzea espero da.

Doitasun eta malgutasun handia

Malgutasun handia ematen dioten bi sistema robotiko osagarriz osatuta dago robota. Lehenak sei hankako oinarri bat dauka, gaitasun bikoitz batekin: alde batetik, beregain lekuz aldatzeko gaitasuna, eta, bestetik, prezisiozko mekanizatuko lanak zinematika bidez egitekoa. Bigarren sistema beso-robot erdizurrun bat da, oso eremu estuetara sartzeko aukera ematen duena. Besoaren segmentuak zurruntzeko sistema patentatuari esker, iritsi ezineko tokietan ikuskatze- eta mekanizatze-lanak egiteko gauza da beso hori.

Bi sistemen arteko bateratzea hiru mailako sistema batek kontrolatzen du: maila baxuko kontrola mekanizatze-prozesuetarako, erdi-mailako kontrola robota lan-eremuan mugitzeko, eta maila altuko kontrola, sistema adimenez hornitzeko.

Kontrol adimentsuari esker, nabigazio-funtzio ugari ditu robotak, hala nola ibilbideak lokalizatzea eta lokalki eta globalki planifikatzea edota mekanizatuko kalibrazioa egitea eta robotaren hankak ezin hobeto kokatzea.

Halaber, lan-eremura iristeko modurik onena zein den erabakitzeko aukera ematen dioten sistemak ditu robotak. Sistema horiek berek lehenago egindako lanetan 'ikasitakoan' oinarritutako ezagutzara egokitzeko aukera ematen diote. Bestalde, inoiz arrisku-egoeraren batean gertatuz gero, bere burua babesteko sistema bat ere badauka.

Robotak ezin hobeto jardun dezan, azkenik, saiakera-banku birtual bat ere badu sistemak. Hari esker, hobeto hauteman daiteke gailuaren konfigurazioa lan-eremu industrial bakoitzean, eta aurreikusi gabeko egoeretan robotak zer portaera izango duen simulatu eta aurresan daiteke.

 

Informazio osagarria

  • MIRoR proiektuaren robota, IK4-Tekniker
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, IK4-Tekniker
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: