#GaiNagusiak

AZTI-Tecnaliak gazta berri bat sortu du, gatz gutxikoa eta omega-3 eta omega-6 gantz-azidoak dituena

Noiz argitaratua: 12/12/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Osasuna
 Gazta

AZTI-Tecnaliako Elikagai berrien guneak egindako ikerketa baten emaitza da gazta berria; gatz gutxi du, eta, animalia-koipeen ordez, kolesterolik gabeko landare-koipeak eta omega-3 eta omega-6 gantz-azidoak ditu. Produktu berritzaileak hipertentsioa dutentzat eta adinekoentzat oso komenigarria den nutrizio-profil orekatu eta osasungarria du. Gaztaren nutrizio-propietateez gain, dastaketak egin dira askotariko kontsumitzaileekin, eta haiek ontzat eman dituzte gaztaren zaporea, usaina eta testura.

AZTI-Tecnaliaren ikertzaileen erronka izan da gazta egiteko metodo berri bat garatzea, gaztaren elikagai bioaktiboak areagotu, eta gantz asea eta gatza gutxituko dituena. Nutrizioaren ikuspegitik ahalik eta osasungarriena den produktua lortzeko, gantz butirikoaren ordez —esnearen koipearen ordez— omega-3 eta omega-6 gantz-azidoetan aberatsa den landare-koipe kolesterol gabea erabili da.

Sodio-murrizketa sodio kloruroa (gatz arrunta) potasio kloruroarekin ordeztuz lortu da. Azken produktuak gaztaren berezko zapore gazia izan dezan, AZTI-Tecnaliako teknikariek behin gazta lehortutakoan gazitu dute, beti bezala gazta egiten den bitartean gazitu ordez. Prozedura berritzaileak zapore gazi bereizgarria ematen gaztari, eta, aldi berean, gaztari gehitzen diogun gatz-kantitatea hobeto zehazteko aukera ematen digu.

Gazta berriaren gainean hainbat ikerketa egin dira kontsumitzaile-talde heterogeneoekin, eta oso emaitza onak lortu dira zaporeari, usainari eta testurari dagokienez. Dastaketetan eta azterketa sentsorialetan parte hartu dutenek kontsumorako erabat egoki iritzi diote produktuari, eta ontzat eman dituzte haren propietate osasungarriak.

Ikerketa Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak finantzatutako SAIOTEK programaren barruan gauzatu da, eta Quesos Ibar eta Gomiztegi enpresek kolaboratu dute.

Teknologia-transferentzia

AZTI-Tecnaliako Elikagaiak Ikertzeko Unitatearen helburuetako bat da elikadura-sektoreko enpresei teknologia berriak transferitzea. Bide horretatik, gazta berria ekoiztu eta merkaturatu nahi duten enpresekin harremanetan jartzeko asmoa du. Osasungarriagoa da produktua, merkatuan berezia, eta potentzial handia duena elikagai-behar espezifikoak dituzten kontsumitzaileen artean.

Informazio osagarria

  • Gazta, Azti-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Azti-Tecnalia
Irantzu Zubiaur

Egilea: Irantzu Zubiaur (AZTI-Tecnalia )

Laguntzailea: