#GaiNagusiak

HIESaren birusaren ahulguneak agerian jartzen

Noiz argitaratua: 12/11/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Osasuna #Teknologia
 Beatriz Apellaniz Unzalu (Argazkia: Marisol Ramirez/ Argazki Press).

Beatriz Apellaniz UPV/EHUko doktorea GIBaren aurkako txertoa diseinatzeko abiapuntu izan litezkeen eskualdeak aztertu ditu bere doktore-tesian. Ikertzaileak GIB giza immunoeskasiaren birusaren proteina-eskualde jakin batean jarri du arreta. Izan ere, GIB birusak eragiten du Hartutako Immunoeskasiaren Sindromea (HIES), gizakian morbilitate eta heriotza-tasa handienak eragiten dituzten gaixotasunetako bat.

Ikertutako eskualde hori, MPER deritzona (mintzaren gertuko kanpo-eskualdea; ingelesez, Membrane-proximal external region), birusak eta infektagai den zelulak bat egiten duten domeinuetako bat da, eta bereziki interesgarria da; izan ere —Apellaniz doktoreak adierazten duen bezala—, jakina baita infektatutako pertsona batzuen immunitate-sistema gai dela eskualde jakin horretara zuzendutako antigorputzak ekoizteko. Erakutsi ahal izan denez, antigorputz horiek infekzioari hastapenetatik eutsiko liokete, eta hori lortu nahi da prebentziozko txertoekin.

Gainera, Apellanizek dioenez, eskualde hori ez da erraz mutatzekoa: “GIBa oso azkar mutatzen den arren, eskualde jakin hori oso egonkorra; beraz, aski abiapuntu egokia da GIBa mutatu arren eraginkortasuna galduko ez duten tratamenduak edo txertoak diseinatzeko”.

Hori dela eta, haren tesiak —Functional and structural characterization of peptides derived from HIV-1 gp41 membrane-proximal and transmembrane domains. Implications for anti-HIV inhibitor and immunogen developement— helburu argi bat du: MPER eskualdea karakterizatu eta inhibitzeko modua aurkitzea, hala birusak ezin izango baitu infektatu nahi duen zelulan sartu, edo, bestela, eskualdea mimetizatzea, immunitate-sistemak antigorputzak ekoitz ditzan. Azken estrategia horri alderantzizko txerto esaten zaio. Teknika horrekin egiten dena da maila molekularrean ikertu antigorputzak zer eskualdek eta egiturak ezagutzen dituzten, eta, hala, txerto bat diseinatu antigorputz neutralizatzaile horiek banako guztietan ekoiztea eragingo duena.

Kolesterol-portzentajea, giltzarrietako bat

Kolesterola, ospe txarrekoa den arren hiperkolesterolemia dutenen artean, ezinbestekoa da organismoarentzat, eta, kasu honetan, Apellanizek egindako ikerketaren giltzarrietako bat da.

Izan ere, birusaren mintzeko kolesterol-maila oso handia da, eta MPER eskualdea, hain zuzen, kolesteroletan aberats den mintz horretan dago. Ikertzailearen hitzetan, “laborategian aurrez egindako lanetatik eta ikerketa honetatik ateratzen den ondorioetako bat da mintzak kolesterola izan behar duela GIBaren eskualde jakin horrek hartuko duen posturak antigorputz neutralizatzaileak ekoiztea ahalbide dezan. Beraz, laborategian proposatzen den txerto posible bat litzateke MPER eskualdea kolesterol-eduki handiko mintzetan txertatuta edukiko lukeen bat. Hain zuzen, lipido-konposizioaren arabera, GIBeko eskualde hori asko edo gutxi barneratuko da mintzean, eta itxura bat edo beste bat hartuko du. Baina mintzean asko barneratzen bada, ezkutuan geratuko da, eta antigorputzek ez dute ezagutuko. Horregatik komeni zaigu eskualde hori agerian geratzea”.

Beraz, ikertzaileak ikusi du kolesterol-kontzentrazioa handia denean MPER eskualdea agerian geratzen dela, eta horrek immunitate-sistemaren erantzuna ahalbidetzen duela. Gainera, Apellanizek dioenez, lipido-konposizioaren karakterizazioa oso erabilgarria da farmakoak diseinatzeko ere, hau da, MPER eskualdearen eta mintzaren arteko bat-egitea inhibituz birusak zelula infektatzea eragotziko duten farmakoak diseinatzeko.

Ikerketa horietan, nazioartean oihartzun handia duten hainbat aldizkaritan argitaratu diren zazpi artikuluetan irakur daitekeen bezala, birusaren mintza imitatzen duten ereduak eraiki dira. Eta, peptido garatuak eta lipido hautatuak erabiliz, untxiak immunizatu dira erantzun immune neutralizatzaileak eragin ditzaten. Horiek horrela, hau esanez bukatzen du autoreak: “aldaerak gorabehera, eskualde hori txertoen garapenerako itu potentziala da”.

Ikertzaileari buruzko zenbait datu

Beatriz Apellaniz (Gasteiz, 1983) Biokimikan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (UCM) eta Biokimikan doktoratu zen Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU). Doktore-tesia Biofisikako Unitatean egin du (UPV/EHU eta CSIC zentro mistoan), José Luis Nieva Escandón katedradunaren zuzendaritzapean. José Luis Nieva UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko Departamentuko zuzendaria ere bada. Beatriz Apellaniz, gaur egun, unitate horretako doktoretza ondoko ikertzailea da, eta anti-MPER txertoen garapenean dihardu lanean proiektu honen finantziazioarekin: “Vaccines that Replicate Neutralization-Competent Structures within the Membrane Proximal External Region of HIV-1 gp41” (National Institutes of Health-USA).

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Euskal Herriko Unibertsitatea
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Beatriz Apellaniz Unzalu (Argazkia: Marisol Ramirez/ Argazki Press)., Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Beatriz Apellaniz Unzalu (Argazkia: Marisol Ramirez/ Argazki Press).
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: