#GaiNagusiak

Aholkularitza zientifikoa EBri ur ozeanikoetan dauden marrazo-populazioen jasangarritasuna bermatzeko

Noiz argitaratua: 12/11/29 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Ingurumena

AZTI-Tecnaliak zuzentzen duen batzorde batek aholkularitza zientifikoa emango die Europar Batasuneko arrantza-politikaren arduradunei, marrazoaren arrantza jasangarria izan dadin.

Euskal zentro teknologikoko ikertzaileez gain, hauek daude aholkulari-taldean: Espainiako Ozeanografia Institutuko (EOI) zientzialariak, Itsasoa Ustiatzeko Frantses Ikerketa Institutukoak (IFREMER), Garapenerako Frantses Ikerketa Institutukoak (IRD) eta Arrantzen eta Itsasoaren Portugalgo Ikerketa Institutukoak (IPIMAR). Marrazoak babesteko Europako Erkidegoko ekintza-planaren barruan kokatzen den lan honek Europako Batzordeko Itsas eta Arrantza Gaietarako Zuzendaritza Nagusiaren finantzaketa eta 15 hilabeteko iraupena du.

Marrazoak horretarako egindako arrantza-aparailuekin harrapatzen dira, bai eta arrantza gehigarri gisa ere, beste arrain-motak harrapatzeko hainbat arrantza-tokitan egiten den arrantzan. Azken urteotan nabarmen egin du gora ozeanoetan marrazoaren arrantzak, eta, beraz, beharrezkoa da haien egoera ondo ezagutzea. Horretarako, Europako Batzordeak CPOA-Shark deritzon ekintza-plana ezarri zuen 2009an. Planaren helburu nagusia da Europar Batasuneko arrantza-flotari laguntzea marrazoaren arrantza era jasangarrian egin dezan, bai erkidegoko uretan, bai nazioartekoetan. Proiektuak berariaz aztertuko du tunidoak harrapatzeko arrantza-jarduerek marrazo populazioetan izan duten eragina, aintzat hartuz jarduera-mota guztiak, nola industria-arrantza, hala kostako artisau-arrantza. Asmo horrekin, munduko atunketari-flotak Ozeano Atlantikoan, Indikoan eta Pazifikoan egiten dituen marrazo-espezieen harrapaketak aztertuko ditu. Harrapaketak arrantza-antolamenduko eskualdeko erakundeko (AAEE) atunketariek kudeatzen dituzte (ICCAT Atlantikoan, IOTCk Indikoan eta IATTCk eta WCPFCk Ekialdeko eta Mendebaldeko Pazifikoan, hurrenez hurren).

Ozeano Atlantikoan, Indikoan eta Pazifikoan itsaso zabalean dauden marrazo-populazioei buruzko ezagutza zientifikoaren maila ez da batere egokia. Beraz, europar planak aholkularitza tekniko berezitua jaso nahi du marrazoen arrantzari buruzko eta marrazo-espezieek itsas-ekosisteman duten rolari buruzko ezagutza zabaltzeko. AZTI-Tecnaliako eta parte hartzen duten beste zentroetako espezialisten aholkularitzak animalia horren arrantza era orekatuan egiten lagunduko du.

AZTI-Tecnalia buru den egitasmo honek “informazioa jaso du orain arte atunketari-flotek hiru ozeanoetan harrapatutako marrazo-espezieen arrantzari, egindako ahaleginei, arrainen tamaina-banaketari, biologiari eta ekologiari buruz. Asmoa arrantza-tokien ezaugarriak, falta diren datuak eta erantzun beharreko lehentasunak identifikatzea da, populazio horien kudeaketa jasangarria bermatuko duen ebaluazioa egiteko”, dio Hilario Muruak, AZTI-Tecnaliako biologoa eta “Marrazoak babesteko Europako Erkidegoko ekintza-plana”ren aholkularitza zientifikoko batzordearen arduradun nagusia bera. “Bigarren fasean, populazio ahul horien jasangarritasuna ziurtatuko duen arrantza-tokien ikerketa- eta jarraipen-esparrua proposatu nahi dugu”.

Harrapaketen gorakada handia

Munduko marrazo-arrantza nabarmen areagotu da: 1980ko hamarkadan harrapatzen ziren 600.000 tonetatik 2003an harrapatutako 900.000 tonetara igo zen. Hura izan zen maximo historikoa; 2007an gutxi gorabehera 800.000ra jaitsi zen, eta 2008an, 750.000ra. Goranzko joera hori marrazo-jatorriko produktuen eskariaren gorakadari zor zaio: batez ere hegalak eskatzen dira, baina baita haragia, azala eta kartilagoak ere, Asiako merkatuetan bereziki.

Europako flotek kostaldeko marrazo txikiak harrapatu izan dituzte tradizioz, eta komunitate zientifikoak badu arrantza horiei buruz nahiko informazio. Hala ere, marrazoen itsaso zabaleko ustiaketak gora egin du azken urteotan Ozeano Atlantikoan, Pazifikoan eta Indikoan, eta horri buruzko informazioa ez da hain zehatz jaso. Arazo horri beste hau gehitzen zaio: hainbat nazionalitatetako atunketariek ere marrazoak harrapatzen dituzte; Asiako arrantza-flotek bereziki, aipatutako ozeanoetan jarduten baitute. Ontzi horiek historian atuna eta ezpata-arraina harrapatu izan badituzte ere, gero eta marrazo ozeaniko gehiago arrantzatzen dituzte.

Marrazoak bereziki ahul daude gehiegizko arrantzaren aurrean, ugaltze-gaitasun txikia dutelako batez ere. Hori dela eta, gehiegizko arrantzatik eta gizakiak eragindako beste inpaktuetatik osatzeko gaitasun txikia duen espeziea da.

 

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, AZTI-Tecnalia
Irantzu Zubiaur

Egilea: Irantzu Zubiaur (AZTI-Tecnalia )

Laguntzailea: