#GaiNagusiak

Doktore-tesi batek mesfidantza politikoa aztertu du demokrazian sakontzeko bide gisa

Noiz argitaratua: 12/11/23 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak
 Noemí Bergantiños, UPV/EHUn Politika eta Administrazio Zientzietan doktorea (Argazkia: Raul Bogajo / Argazki Press).

EHUko doktore Noemí Bergantiñosek mesfidantza politikoaren formak aztertu ditu herritarrek parte hartzeko prozesuetan.

Herritarren parte-hartzea gero eta ohikoagoa da tokiko administrazioetan, baina zenbait ikerketak adierazi du herritarrak instituzio publikoetatik urruntzearen eta mesfidantza politikoa areagotzearen ondorioa dela praktika hori.

Testuinguru horretan, Noemí Bergantiñosek —Euskal Herriko Unibertsitatean Politika eta Administrazio Zientzietan doktorea— doktore-tesi batean aztertu du mesfidantza sortzailea, herritarrek parte hartzeko hiru esperientziatan, bi alditan: trantsizio politikoko azken urteetan eta mende honetako lehen hamarkadan.

Egileak Democracia, participación y desconfianza. Escenarios de desconfianza creativa en procesos de participación local en la Comunidad Autónoma del País Vasco (Demokrazia, pare-hartzea eta mesfidantza. Mesfidantza-sortzaileko guneak Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko parte-hartze prozesuetan) izenburuko tesian adierazi duenez, helburua da “batetik, ikustea mesfidantza politikoa egiazko arazoa den demokraziarentzat, zenbait egilek adierazi duten moduan, eta, bestetik, eta zehatzago, herritarrek parte hartzeko prozesuek mesfidantza hori zuzentzeko aukera ematen duten”.

Herritarrek parte hartzeko hiru esperientzia aukeratu ditu Bergantiñosek aztertzeko, eta, denboran nolabaiteko jarraitutasuna izan dutenez, bi testuingurutan alderatu ahal izan du garapena; zehazki, trantsizio politikoan eta gaur egun. Esperientzia horiek Laudioko Auzo Biltzarrak, Errekaldeko Barruti Kontseilua (Bilbo), eta Olarizuko Udal Kontseilua (Gasteiz) dira.

Noemí Bergantiñosek bi agertoki horiek zergatik aukeratu dituen azaldu du: “Bi aldi horiek alderatu nahi izan ditut, bietan nolabaiteko defizit demokratikoa dagoelako. Trantsizioko azken urteetan, bistan denez, ez zegoen demokrazia formalik, baina bai defizit demokratiko horri buruzko diskurtso bat, eta demokrazia-eskea, nolabait esatearren. Egun, berriz, bada demokrazia formal bat, baina baita egungo demokrazia-formen eskasia eta defizita asko nabarmentzen dituen diskurtso bat ere”.

Mesfidantza sortzailea eta mesfidantza ez-politikoa

Bergantiñosek egindako azterketaren emaitzek trantsizioaren azken urteetako eta gaur egungo mesfidantzen arteko aldea nabarmentzen dute: “Azterketak erakusten du garai haietako mesfidantza sortzailea, erantzukizun proaktibokoa eta desafiatzailea zela; egungoak, berriz, joera ez-politikoa du batzuetan”. Egileak argitu duenez, mesfidantza horrek etsipena eta eszeptizismoa eragiten ditu, eta gizartearen eta politikaren arteko urruntze handia.

Azterketaren ondorioak kontuan izanik, Bergantiñosen iritziz, “azken batean, demokrazian sakontzen saiatzen diren parte hartzeko espazio guztiak positiboak dira, jendeari aukera ematen baitiete kritikatzen duten sistema politikoari lotutako elementuak aldatzeko; baina egiaz positiboa eta eraldatzailea dena bi faktoreren mende dago: batetik, forma positibo horiek aktibatzearen mende, eta, bestetik, eragin positiboa izateko aukera emango duten eta herritarrek parte hartzeko espazioetan sortutako forma sortzaileak itoko ez dituzten erakundeak izatearen mende”.

Informazio osagarria

  • Noemí Bergantiños, UPV/EHUn Politika eta Administrazio Zientzietan doktorea (Argazkia: Raul Bogajo / Argazki Press)., Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Noemí Bergantiños, UPV/EHUn Politika eta Administrazio Zientzietan doktorea (Argazkia: Raul Bogajo / Argazki Press)., Euskal Herriko Unibertsitatea
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Euskal Herriko Unibertsitatea
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, Euskal Herriko Unibertsitatea
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, ingelesez, Euskal Herriko Unibertsitatea
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: