#GaiNagusiak

Etxebizitza-eskubidea egiazkoa izateko, erlazio berri bat behar da etxebizitzaren eta merkatuaren artean

Noiz argitaratua: 12/11/21 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak
 Pilar Garrido Gutierrezek Zuzenbide Konstituzionala eta Zuzenbide Autonomikoa irakasten ditu UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. (Argazkia: Andoni Canellada / Argazki Press)

Pilar Garrido UPV/EHUko irakasleak etxebizitza-eskubidea eta Espainiako etxebizitza-merkatuaren baldintza materialak aztertu ditu bere tesian.

Oso zorrotza da Espainiako etxebizitza-merkatuari buruzko araugintzak izandako bilakaerarekin. “Etxebizitza ondasun ekonomikotzat hartzen duen ikusmoldearen mende geratu da Espainian etxebizitza-eskubidea; izan ere, tradizioa du merkatu espekulatzailearen jardunak”, azaldu du; “etxebizitza ez da giza eskubide baten objektu bat balitz bezala egituratu eta, giza eskubide den heinean, babestu behar den ondasuntzat jo”. Ondorio horiek eman ditu, besteren artean, Pilar Garridok “Etxebizitza-eskubidea: Konstituzioaren eta merkatuaren artean” izeneko bere doktoretza-tesian. Zuzenbide Konstituzional eta Zuzenbide Autonomikoko irakaslea da Pilar Garrido UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, eta etxebizitza-eskubide konstituzionalaren esanahiaz gain, eskubide horren araudiaren garapena eta bilakaera ere aztertzen ditu haren tesiak. Bereziki garrantzitsutzat hartzen du Espainiako etxebizitza-merkatuaren baldintza materialen azterketa, eta horiek “etxebizitza-eskubidearen aurka” doazela esan du.

Azterketaren abiapuntua etxebizitza-eskubidea gauzatzeko dagoen zailtasuna da, beste arrazoi batzuen artean, etxebizitza eta merkatuaren arteko harremanak eragin duena. ”Herritarrek etxebizitza bat eskuratu ahal izateko, hainbat ekintza abiarazi behar dituzte botere publikoek, jabego pribatuari dagozkion bi ondasunen gainean esku hartzea dakartenak. Lurra eta etxebizitza dira ondasun horiek, eta, bakoitza bere aldetik, merkatu konplexuak dira. “Azken batean, eskubide handi baten —jabetza-eskubidearen— aurka joatea eragiten du horrek guztiak”, adierazi du. Hala ere, ez du uste bateraezinak direnik jabetza-eskubidea eta etxebizitza-eskubidearen ikuspegi soziala, eta botere publikoak esku hartzera eta etxebizitzen merkatua aldatzera premiatu ditu.

Garridok hiru ezaugarri nabarmendu ditu Espainiako etxebizitza-merkatuaren azterketatik: etxebizitza-zerbitzu publiko baten gabezia (Europako batez bestekotik oso urrun), etxebizitza-merkatuaren finantzaketaren kontrol falta eta etxebizitza-parkearen osaera. Jabetzako etxebizitzek osatzen dute Espainiako etxebizitza-parkearen % 90.

Ezaugarri horiek ez direla idiosinkrasia espainiarraren parte nabarmendu du Garridok. “1950-60ko urteetan, etxebizitza-parkearen % 50 alokairukoa zen. Hau da, botere publikoek erabaki dute, modu kontzientean, herritarrak jabegorantz bideratzea eta etxebizitza-merkatua jabetza-merkatu bihurtzea, eta hori araugintza jakin baten bitartez gauzatu da, “gezur handi batean oinarriturik: etxebizitzaren prezioa inoiz ez zela merkatuko”, dio Garridok. “Dena ederki egokitzen zela zirudien... burbuilak eztanda egin zuen arte”.

Paradigma-aldaketa

Garridok dio “etxebizitzaren gizarte-funtzio nagusia familien bizileku izatea dela”, eta, “jarduera publiko guztia ikuspegi horretatik landuz gero, oso bestelakoak izango liratekeela emaitzak”. Lau hitzetan laburbiltzen du etxebizitzaren gizarte-funtzioarekin bat datorren merkatuaren egitura. Orekatua: “jabetzako etxebizitzez gain bestelakoak ere dituena”. Bidezkoa: “gehiegizko zorretan sartu beharrik gabe, pertsona bakoitzak bere maila ekonomikoarekin bat datorren etxebizitzaz gozatzeko aukera izatea lortu behar dugu”. Jasangarria: “etxebizitza hutsen erabilerari lotzen zaio”. Eta egonkorra eta segurua: “etxebizitzan bizi denari nolabaiteko egonkortasuna eta segurtasuna bermatu behar diogu, han etxea eraiki ahal izan dezan”.

Garridoren aburuz, benetan etxebizitzaren gizarte-funtzioa gordetzeko, arau-esparruko elementu horiek aldatu behar dira. Hala ere, ez du uste bide horretatik goazenik. “Deabruzkotzat” jotzen du gaur egungo egoera, eta Espainiako gobernuak onartutako desjabetzen aurkako neurriak “petatxu hutsak” direla uste du. Ez da erreforma sakonik egin nahi”, nabarmendu du; “neurriek oso muturreko egoeran dauden pertsonei egingo diete mesede, baina, ikuspegi global batetik begiratuz gero, sistema berean gaude oraindik”. Garridoren iritziz, merkantzia eta etekin ekonomikoa balitz bezala ikusten dugu oraindik etxebizitza, eta alde batera uzten gizarte-etekinaren ikuspegia. “Erratuko ahal naiz!” amaitu du.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Euskal Herriko Unibertsitatea
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Pilar Garrido Gutierrezek Zuzenbide Konstituzionala eta Zuzenbide Autonomikoa irakasten ditu UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. (Argazkia: Andoni Canellada / Argazki Press), Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Pilar Garrido Gutierrezek Zuzenbide Konstituzionala eta Zuzenbide Autonomikoa irakasten ditu UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. (Argazkia: Andoni Canellada / Argazki Press), Euskal Herriko Unibertsitatea
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: