#GaiNagusiak

Ikertzaile batzuek Sirex noctilio liztor zur-zulatzailearen migrazioak zehaztu dituzte

Noiz argitaratua: 12/11/21 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 <i>Sirex noctilio</i>

Sirex noctilio liztor zur-zulatzailea da Pinus familiako zuhaitzen etsai handienetakoa. Eurasian du sorlekua, eta handik Australiara, Amerikara eta Hegoafrikara hedatu da XX. mendearen hasieraz geroztik. Haren hedapena kontrolatzeko, funtsezkoa da jakitea intsektuak zer ibilbide egin duen kolonizatzeko.

Beraz, haren migrazioak ezagutzeko asmoz, Hegoafrikako, Suediako, Kanadako, Txileko, Australiako, Espainiako, Argentinako eta Suitzako hainbat ikerketa-zentrok liztor horren hedapen-aldiak eta -ibilbideak zehaztu dituen ikerketa bat egin dute eta, hura egin ahala, berritasun garrantzitsu bat aurkitu. Izan ere, Txiletik eta Hegoafrikatik Europara itzultzen diren liztorrek mikrobilakaera genetiko bat agertzen dute, indartsuago egingo dituena haiek antzutzen dituzten nematodoen aurrean —horiek dituzte etsai naturalak Europan—.

Europan bigarren mailako izurritetzat jotzen da Sirex noctilio liztorra, eskala handian ugaltzea eragotziko dion etsai naturala aurkitu baitu eremu geografiko horretan. Liztorraren sexu-organoetan sartu eta hura antzutzen duen nematodoa dugu etsai hori. Oso izurrite larriak eragin ditu, ordea, etsai natural hori aurkitu ez duen herrialdeetan, hala nola Australian, Amerikan eta Hegoafrikan.

Liztorra zuhaitza hiltzera irits daiteke nahi gabe ekarri den herrialde horietan: emeek zurtoin barruan erruten dituzte arrautzak, eta, aldi berean, hura akabatuko duen onddoa eta muki toxikoa kanporatzen dute. Liztorraren suntsipen-ahalmenaren erakusgarri, datu hau: aurreko mendearen erdialdean Australiara hedatu ondoren, hango pinuen % 40 hiltzera iritsi zen.

Ikertzaileek agerian utzi nahi dute Europan erne jarraitu behar dugula Sirex noctilio liztorraren kudeatze-lanetan. Suitzan egindako azterketa genetikoei esker detektatu denez, Txiletik eta Hegoafrikatik datozen espezimenek mikrobilakaera genetiko bat izan dute. Aldaketa genetiko horri esker, liztorrak gogorragoak dira antzutzea eragiten dien nematodoaren aurrean; hortaz, larriki handitzen zaie ugaltze-ahalmena. Mikrobilakaera agertzen duten ale horiek jatorri genetiko ezezagunekoak dira, baina espezialisten ustez Asiatik edo Ipar Afrikatik etorriak izan daitezke.

Migrazioaren ibilbide eta aldiak

Azterketa molekularrak uztartuta, adituak gai izan dira espeziearen migrazio-bideak identifikatzeko. Haien ondorioen arabera, liztorra bere habitat naturaletik kanpo Zelanda Berrian ikusi zuten lehenengoz, 1900 urtean, eta Australian bigarrenez, 1961an. Europatik eta Ozeaniatik Hego Amerikara hedatzen jarraitu zuen ondoren; 1980an Uruguain finkatu zen, 1985ean Argentinan eta 2001ean Txilen. Amerikako hego-muturretik eta Ozeaniatik Hegoafrikara 1994an sartu zen liztorra. Hurrengo migrazioa Europan eta Hego Amerikan hasi zen, eta Estatu Batuetan eta Kanadan amaitu; bertan 2004an eta 2005ean finkatu zen liztorra, hurrenez hurren.

Ikerketa egiteko, ikertzaileek 500 Sirex noctilio aztertu dituzte genetikoki. Iberiar penintsulan harrapatutako aleak Neiker-Tecnaliak aztertu ditu, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak.

Ikerketaren buru E. Boissim izan da, Pretoriako Unibertsitateko Nekazaritzarako eta Basorako Bioteknologia Institutuaren kidea. Ikertzaile hauek ere parte hartu dute: M. J . Wingfield, B. Slippers eta B. Hurley, Pretoriako Unibertsitatekoak (Hegoafrika); R. Vasaitis eta J . Stenlid, Suediako Nekazaritza Zientzien Unibertsitatekoak; C. Davis eta P. De Groots, Ontarioko Canadian Forest Servicekoak (Kanada); R. Ahumada, Concepcióngo Bioforest S.A.koa (Txile); A. Carnegie, Beecroften dagoen Forest Science Centre-koa (Australia); A. Goldarazena, Gasteizko Neiker-Teknalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundekoa (Espainia); P. Klasmer, Barilocheko Laboratorio de Ecología de Insectoskoa (Argentina); eta B. Wermelinger, Birmensdorfgo Swiss Federal Institute for Forest, Snow and Landscape Research WSLkoa (Suiza).

Informazio osagarria

  • Sirex noctilio, Neiker
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, Neiker
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: