#GaiNagusiak

Neiker-Tecnaliak frogatu du injekzio-metodoa dela onena nekazaritzako lurretan minda zabaltzean sortzen diren amoniako-emisioak gutxitzeko

Noiz argitaratua: 12/11/07 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak
 Minda platerez edo haizemaile-eran zabaltzeko metodoa. Nekazari bat, minda-zurrusta zabaltzeko platera jartzen.

Lehen sektorea garatzen eta ingurumena zaintzen laguntzeko, Neiker-Tecnaliak, Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak, nekazaritzako lurretan minda zabaltzeko moduak aztertu ditu, ikusteko zein metodo den egokiena atmosferara amoniako gutxiago isurtzeko.

Hiru metodo aztertu dira: alde batetik, ohiko metodoa, minda-zurrusta platerez zabaltzen duena; eta, bestetik, hodi esekien bidezkoa eta injektore bidezkoa. Injekzio-metodoa gertatu da ingurumenarekiko egokiena, hain zuzen, amoniako-emisioak (NH3) % 93 gutxitzea lortzen baitu ohiko metodoarekin alderatuta.

Nekazaritzako lurretan mindak eta gorotzak botatzean NH3-emisioak gutxitzea funtsezkoa da ingurumenarentzat; izan ere, kalkuluen arabera, Europako NH3-emisioen % 90 nekazaritzako jardueren ondorio da. Emisio horietatik, % 30-40 bitarte zelaietan mindak eta gorotzak zabaltzean gertatzen dira. Horregatik aztertu du Neiker-Tecnaliak, Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutuarekin batera, nola eragiten duten amoniako-emisioetan nekazaritzako lurretan mindak zabaltzeko teknikek.

Ikerketa hori FER-GIR izeneko proiektu zabalago baten barrenean egin da, Espainia-Frantzia-Andorra lurralde-lankidetzarako 2007-2013 programa operatiboaren esparruan (POCTEFA), zeina FEDER Eskualde Garapenerako Europako Funtsak eta EAEko eta Nafarroako gobernuek finantzatzen baitute. Ikerketa Nafarroako eta Arabako hiru herritan egin da: saiakuntza bana Ubagon eta Erriberrin (Nafarroa), eta hirugarren bat Legardan (Araba). Kasu guztietan, zereal-landak ziren, uztondoarekin eta landu gabe zeudenak, eta zerri-minda bota zen, zabaltzeko zenbait makina erabiliz.

Ubagoko saiakuntzan, platerezko ohiko metodoa eta hodi esekien metodoa alderatu ziren. Platerezko metodoan (haizemaile-erakoa ere esaten zaio), zisternatik zorrotan botatzen da minda plater baten kontra, eta orduan haizemaile baten moduan irekitzen da eta da lur-azalera guztian barreiatzen. Hodi esekien metodoan, zisternatik ateratzen den minda-emaria hodi-sare baten bitartez bideratzen da lurrera, hodiak bata bestetik 30 bat zentimetrora daudela. Hodiek minda-lerro edo arrasto bat uzten dute lurrean. Proba horretan minda oso likidoa erabili zen, dosi altu samarrean, eta, hala, berdinean zabaldu zen lur guztian, platerez zabaltzen denean gertatzen den antzera. Beraz, teknikariek ez zuten alde handirik aurkitu, airera amoniakoa isurtzeari dagokionez, bi metodoen artean.

Erriberrin, Ubagon bezala, platerezko ohiko metodoa eta hodi esekiena alderatu ziren, baina minda-dosi txikiagoa erabiliz; hala, minda lerrotan banatu zen, azalera guztia hartzera iritsi gabe. Probaren amaieran, teknikariek ikusi zuten hodi esekien metodoarekin amoniako-emisioa % 26 txikiagoa izan zela platerezko metodo ohikoarekin alderatuta. Beraz, Neiker-Tecnaliak hodi-sistemaren erabilera egokia gomendatzen du, minda ez dadin erabat barreiatu eta lur-azalera guztia hartu.

Emaitzarik onenak hirugarren saiakuntzan lortu ziren, Legardan. Platerezko metodoa injektoreen metodoarekin alderatu zen. Injektoreen metodoarekin, makina batek 15 zentimetro sakoneko ildoxka batzuk egiten ditu, 35 bat zentimetroko tartearekin. Injektore bakoitzaren atzean, minda jaisteko hodia jartzen da. Ildoa sakona izanik, lurrak estali egiten zuen hoditik erortzen zen minda. Hartara, ingurumenera isurtzen zen amoniakoa asko jaitsi zen, % 93, ohiko metodoarekin alderatuta.

Informazio osagarria

  • Minda platerez edo haizemaile-eran zabaltzeko metodoa. Nekazari bat, minda-zurrusta zabaltzeko platera jartzen. , Neiker
  • Minda platerez edo haizemaile-eran zabaltzeko metodoa. Minda halako moduan zabaltzen da non lurraren azalera guztia hartzen baitu ia., Neiker
  • Minda hodi esekiekin zabaltzeko metodoa. , Neiker
  • Minda injektoreen bidez zabaltzeko metodoa, Neiker
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, Neiker
  • Minda injektoreen bidez zabaltzeko metodoa. , Neiker
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: