#GaiNagusiak

Hiru dimentsioko irudiak denbora errealean kapturatzeko teknika hobea

Noiz argitaratua: 12/11/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Teknologia
 Ezkerretik eskuinera, Rafael Cabeza, Leonardo de Maeztu eta Arantxa Villanueva ikertzaileak

NUPeko zenbait ikertzailek teknika bat garatu dute hiru dimentsioko irudiak denbora errealean kapturatzeko modua hobetzen duena. Lana Konputazio eta Adimen Artifizialari buruzko aitzindaria den aldizkari zientifiko batean argitaratu da, eta aplikazioak izan ditzake aeronautikan, automobilgintzan eta kirofanoetan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile-talde batek teknika bat garatu du aukera ematen duena hiru dimentsioko irudiak denbora errealean prozesatzeko modua hobetzeko. Lanak aplikazioak ditu 3D bideoan, aeronautikan, automobilgintzan eta kirofanoetarako sistema adimendunetan, eta AEBko IEEE Transactions on Pattern Analysis and Machine Intelligence aldizkarian argitaratu da. Aldizkari hori aitzindaria da konputazioaren eta adimen artifizialaren zientzien eremuan.

Ikerketa doktoretza-tesian egin du Leonardo de Maeztu Reinaresek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio ingeniaria bera. Artikuluaren egilekide dira Rafael Cabeza Laguna eta Arantxa Villanueva Larre ere, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak.

Lana ikuspegi estereoskopikoan oinarritzen da, hori baita hiru dimentsioko irudiak atzemateko teknika. "Estereoskopiaren oinarria da, gizakien begienaren antzera, eszena bera hainbat ikuspuntutatik aldi berean hartzen duten kamera bi edo gehiago erabiltzea —azaldu dute egileek—. Horrela, denbora-tarte bakoitzerako, bi irudi edo gehiago atzematen dira, eta alderatu egiten dira, objektuetatik kameretarainoko distantzia ondorioztatzeko eta horrela argazki klasikoek ematen ez duten sakonera atzemateko, klasikoak bidimentsionalak baitira".

Bi irudi estereoskopikoen alderatze hori egiteko, eta emaitza zehatzak lortzeko, "konputazio-lan handia eta konplexutasun algoritmiko handia" behar dira, egileek diotenez. Eta argitaratutako lanak, hain zuzen ere, algoritmoen hiru aldaketa proposatzen ditu (eragiketa edo jarraibide gisa ulertuta), eta, horien bidez, lehendik ere ezagutzen den teknika bat, difusio anisotropiko izenekoa, erabiltzeko aukera ematen du, irudi estereoskopiko pareak alderatzeko xedez.

"Proposatutako algoritmoak —dio Leonardo de Maeztuk— egin izan diren mota horretako beste batzuek baino emaitza hobeak lortzen ditu eta, gainera, lehiakortasun-abantaila oso interesgarria dauka: denbora errealean inplementatzen dela txartel grafiko estandar batean. Kalkulu-ahalmen handia behar duten algoritmoak diren arren, gaur egungo prozesatzaile grafikoen potentzia guztia erabiltzen bada, denbora errealean egin daitezke, hau da, kamera bakoitzak segundoko hartzen dituen irudiak bezainbeste argazki prozesatu".

Ikuspegi estereoskopikoaren aplikazioak

Ikuspegi estereoskopikoari buruzko ikerketa hauek aplikazioak dituzte hainbat eremutan: bideo grabazioak 3D-n, inguruaren monitorizazioa ibilgailuetan (hegazkinak eta tripulatu gabeko helikopteroak, autoak, e.a.) edo kirofanoetarako sistema adimendunak.

Munduko aldizkari zientifikoak ebaluatzen dituen Journal Citation Reports (JCR) aldizkariak egindako sailkapenaren arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileen artikulua jasotzen duen IEEE Transactions on Pattern Analysis and Machine Intelligence aldizkaria aitzindaria da mundu mailan konputazioaren zientzien eta adimen artifizialaren gaiari buruzkoetan, duen inpaktuagatik. IEEE (Institute of Electrical and Electronics Engineers) munduko mailako erakunde profesionalak argitaratzen du. Erakundeak Estatu Batuetan du egoitza eta teknologia berrietako ia 400.000 profesional biltzen ditu.

Informazio osagarria

  • Ezkerretik eskuinera, Rafael Cabeza, Leonardo de Maeztu eta Arantxa Villanueva ikertzaileak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: