#GaiNagusiak

Hondakinen kudeaketa, marketin-tresna eraginkorra

Noiz argitaratua: 12/10/31 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Ingurumena
 Ikerketaren egileak, ezkerretik eskuinera: Azucena Vicente, Unai Tamayo eta Julen Izaguirre. (Argazkia: Luis Jauregialtzo / Argazki Press).

Iazko uztailean berritu zuten Espainiako hondakinen kudeaketa-legea. Ordura arte, kontsumitzaileari egozten zitzaion produktuek sortutako hondarren erantzukizuna. Araudi berriak hori kolokan jartzen duela azaldu du Unai Tamayo UPV/EHUko ekonomialariak: “Sistema itxiak eraikitzea bultzatzen du, tabernetan bezala: euskarria eramatea eta, gero, bueltatzea. Gainera, ekoizleak produktu bat merkaturatzen duenean, eta kontsumitutakoan, haren enbalajea hondakintzat jotzen da, eta erantzulea ekoizlea da. Erantzukizun horiek ere zehazten ditu legeak”. Hondakinen kudeaketari ikuspegi berri horretatik erreparatzen dion ikerketa bat egin du Tamayok, Azucena Vicente eta Julen Izaguirre unibertsitateko lankideekin batera. Araudia martxan jarri baino dezente lehenago ekin zioten, eta EAEko enpresek hondakinen kudeaketaren aurrean nola jokatzen duten aztertu dute, besteak beste. Investigaciones Europeas de Dirección y Economía de la Empresa aldizkarian azaldu da lana.

2006ko abenduan ISO 14001 ziurtagiria (ingurumen-kudeaketarako sistemei dagokie) zuten EAEko irabazi asmodun enpresei luzatu zieten galdeketa, hondakinen kudeaketari zergatik ekin zioten eta ondorioz zer onura izan duten jakiteko. Guztira, 254 enpresak hartu dute parte azkenean. Haiek esandakoetatik ondorioztatu dutenez, “nahiz eta pausoa ematen aitzindariak izan, lehen motibazioa zera da, legeak eskatzen duela edo etorkizunean eskatuko duela. Ez dago etikari edo merkatuari lotutako argudiorik. Dena dela, gero ikusten da merkataritza-onurak ere lortzen direla horrela, harremanak hobeak direla administrazioarekin eta hornitzaileekin…”.

Inbertsioak egin

Ikerketaren datuek nabarmen erakusten dute enpresek hondakinak kudeatzeko duten motibazio nagusia legedia dela. Etika eta irudia dira bigarren eta hirugarren motibazioak; elkarrengandik hurbil, baina aurrenekoa baino dezente garrantzi txikiagoarekin. Tamayok azaldu duenez, badago nolabaiteko lotura aldagai legalaren eta etikoaren artean: “Ez badigute eskatzen, ez dugu hori egiteko motibaziorik, baina, eskatzen digutenean, ikusten dugu nolabait bidezkoa dela eskatzea”.

Ingurumen-kudeaketarako sistema bat ezartzeak askotariko lorpenak dakarzkie aztertutako EAEko enpresei: hondakinen murriztea eta desegite segurua da lehena eta nabarmenena. Baina ez hori bakarrik: erakundearen kanpo-irudia hobetu egiten da, bai eta administrazioarekin dituzten harremanak ere. Horrenbestez, ikerketan azaldu bezala, hondakinen kudeaketa irudi aldetik emaitza positiboak sorrarazten dituen marketinerako tresnatzat jo daiteke.

Ikerketan agertutako aurreikuspenek diotenez, kostu ekonomikoa gutxitzea ere ekarri behar luke hondakinen kudeaketak, baina ikergai izan diren enpresen emaitzetan, horri dagokionez, ez da hobekuntzarik ikusi. Tamayok azaldu duenez, epe laburrerako estrategiak darabiltzate, etorkizunean uzta emango lukeen inbertsiorik egin gabe, eta, horregatik, ez da onurarik ikusten alor horretan: “Honek guztiak bitarteko gehiagoren beharra du, materialen zein pertsonen aldetik; ahalegin handiagoa. Orduan, inbertsioak ere egin behar dira. Enpresa askok goi-kudeaketaren jardunean barneratu nahi izan ditu ingurumen-kontuak; bitartekorik gabe, edo beste funtzio batzuk zeuzkan norbaiti funtzio horiek ere esleituta. Eta, noski, batere kosturik hartu gabe, ezin da ezer egin”.

Badirudi enpresa askok hondakinen barne-kudeaketa dirua xahutzearekin lotzen dutela, eta, horregatik, “kultura-aldaketa” bultzatzea beharrezkoa dela aipatu dute UPV/EHUko ikertzaile horiek. Hau da, ez da pentsatu behar hondakinen kudeaketa legez bete beharreko baldintza bat dela, besterik gabe, enpresari merkatuan lehiatzeko abantaila emango dion bereizgarria baizik. Eta, horretarako, inbertsioak egin behar dira, epe laburrerako ikuspegia baztertuta. “Gaur egin eta biharko lortu nahi badugu, ez da emaitzarik ikusiko. Gauzek heltze-prozesu bat behar dute”, dio Tamayok.

Informazio osagarria

  • Ikerketaren egileak, ezkerretik eskuinera: Azucena Vicente, Unai Tamayo eta Julen Izaguirre. (Argazkia: Luis Jauregialtzo / Argazki Press)., Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Ikerketaren egileak, ezkerretik eskuinera: Julen Izaguirre, Azucena Vicente eta Unai Tamayo. (Argazkia: Luis Jauregialtzo / Argazki Press)., Euskal Herriko Unibertsitatea
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: