#GaiNagusiak

Tunelgintzan parametroak kalkulatzeko eredu berritzaile bat garatu dute

Noiz argitaratua: 12/10/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Teknologia
 Javier Gallo Laya, tesiaren egilea. Argazkia: Marisol Ramirez / Argazki Press).

Javier Gallo ingeniariak UPV/EHUn defendatutako doktore-tesian aurkeztu duen modelo berritzaile batek aukera ematen du tunelak zulatzeko makinen zulatze-erritmoa aurreikusteko, hala harkaitzean nola lurrean, denbora errealean neur daitezkeen aldagai erraz batzuen bitartez. Lanaren izena hau da: Definición de un modelo para la estimación de la fuerza de arranque en la excavación mecánica de túneles en suelos y rocas (Eredu bat tunelak lurrean nahiz harkaitzean makinaz zulatzean erauzte-indarra kalkulatzeko).

Garrok garatutako eredu horrek konponbidea dakarkio tunelak egiteko makinen eta mikromakinen benetako arazo bati. “Izan ere, tunelak egitean, zulatzeko tresnen hausturak gertatzen ziren ustekabean, eta orain arteko baliabideekin ez zegoen horren azalpenik”, dio tesiaren egileak. Arazo hori konpontzeko, gaur egungo makinek lehengoen aldean datu asko biltzen dutela baliatuz, datu horiek analizatzea erabaki zuen. Gallok 6,5 km tunel zulatzeko lanen datuak aztertu ditu. Datuak lortzeko, bide bat baino gehiago erabili zen, baina, batez ere, ikerketa-lan bat: Reducción del consumo de agua de red en el proceso de microtunelización (Mikrotunelgintzan sareko uraren kontsumoa gutxitzea), Grupo Mecanotubo SAk egina, CDTI Garapen Teknologiko eta Industrialerako Zentroaren laguntzarekin (Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren mendekoa). Tesiaren egileak parte hartu zuen proiektu horretan, proiektu-ingeniari gisa.

“Halako gauza baten benetako premia dago. Adibidez, nik lan egiten dudan enpresan, arazoa izaten da ebaketa-tresnak noiz hautsiko diren aurreikustea edo makina baten lan-muga non dagoen jakitea: noraino iritsiko ote gara makina honekin?”, dio Gallok. Tesigileak garatutako eredu matematikoarekin, jakin daiteke zein den makinaren lan-muga, edo makinari zer buru-mota jartzea komeni den.

Aurreikustearen garrantzia

“Pentsa dezagun mailu bat harkaitza jo eta jo ari dela”, hasi da azaltzen Gallo. “Bada, jakin behar dugu mailu horrekin zer martxatan egin dezakegun lan, eta noiz hautsiko den. Bi gauza horiek interesatzen zaizkigu”. Hain zuzen ere, ereduak halako gauzak aurreikusteko balio du: noiz hautsiko den mailua, zenbat estutu daitekeen, eta abar. “Aurrerapena kolpeari ematen zaion indarrarekiko proportzionala denez, jakin dezakezu mailuak jasateko moduko kolpea emanda zenbat aurreratuko duzun. Hala, kalkula dezakezu, adibidez, hirurehun mailu beharko direla, eta lana bi hilabetean amaitu ahal izango dela”.

Aurreko ereduekin ere egiten ziren halako aurreikuspenak, baina emaitzak ez zetozen bat errealitatean ikusten zenarekin. Gallok dioenez, “hori, neurri batean, gertatu da makinek ez dituztelako datuak denbora errealean eman 2000. urtera arte. Lehen, makinek ez zuten hainbeste datu jasotzen, eta laborategiko saiakuntzak egiten ziren. Baina, datu erreal askorik gabe, ereduak ez ziren hain fidagarriak.

Horretaz gainera, Gallok software bat garatu du makinistari harkaitzaren erresistentziari buruzko informazioa ematen diona. Programa horrek makinaren datuak prozesatzen ditu, eredua aplikatzen du, eta zulatu beharrekoaren erresistentziari buruzko informazioa ematen dio makinistari denbora errealean.

Bestalde, eredua oso lagungarri izan daiteke tresna berriak garatzeko, zeren eta, eskaintzen dituen kalkuluen arabera, fabrikatzaileek aleazio berriak egin ditzakete edo mekanismoak aldatu. Eraikuntzako enpresentzat ere baliagarria izango da, harekin ekuazio fidagarriago bat izan baitezakete hondeatze-erritmoa neurtzeko eta hondeatze-prozesuaren kalitate-kontrola eramateko.

Egileari buruz

Javier Gallo Laya (Bilbo, 1973) Meatze Ingeniaritzako lizentziaduna da (Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa) eta Ingeniaritza Mekanikoko doktorea (UPV/EHU). Tesi-zuzendariak Eduardo Roji Chandro eta Jesús Cuadrado Rojo izan ditu, biak ere UPV/EHUko Industria Ingeniarien Goi Eskola Teknikoko irakasleak. Tesia zentro batean baino gehiagotan egina da: UPV/EHUko Industria Ingeniarien Goi Eskola Teknikoa eta Meatze Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola, Grupo Mecanotubo SA, Zona Norte (Mungia), Garapen Teknologiko Industrialeko Zentroa (Bartzelona), Herrenknecht A.G. Schawnau (Alemania), WIRTH GmbH. Erkeletz (Alemania), eta Palmieri Spa (Italia). Javier Gallo, gaur egun, Mecanotuboko Mikrotunelen zuzendari teknikoa da, Meatze eta Metalurgia Ingeniaritzako eta Materialen Zientziako irakasle elkartua Meatze eta Herrilanetako Ingeniari Teknikoen Unibertsitate Eskolan (Barakaldo) eta Cartonajes Lantegi Slko aholkulari teknikoa.

Informazio osagarria

  • Javier Gallo Laya, tesiaren egilea. Argazkia: Marisol Ramirez / Argazki Press)., Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Javier Gallo Laya, tesiaren egilea. Argazkia: Marisol Ramirez / Argazki Press)., Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Javier Gallo Laya, tesiaren egilea. Argazkia: Marisol Ramirez / Argazki Press)., Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Tunela egiteko makina bat, tunel batean lanean. (Argazkia: Javier Gallo)., Euskal Herriko Unibertsitatea
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: