#GaiNagusiak

Mundua gizakiek bezala hautematen duten robotak

Noiz argitaratua: 12/10/18 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Humanitateak #Osasuna #Teknologia
 Xabier Barandiaran, IAS-Researcheko ikertzailea eta UPV/EHUko Filosofia Saileko irakaslea. (Argazkia: Juan Carlos Ruiz)

Lehenik hauteman, gero ekin. Kontrol-estrategia hori du oinarri gaur egungo robot gehienen arkitekturak. Baina eSMCs proiektuak paradigma hori aldatzeko asmoa du, konputazio-eredu dinamikoagoak sortzeko, zeinetan ekintza ez baita izango hautematearen ondorio soil bat, baizik hautemate edo pertzepzioaren beraren parte. Roboten portaera hobetu egin nahi da hala, gizakienetik hurbilago dauden hautemate-eredu batzuen bitartez. UPV/EHUko filosofo batzuk roboten pertzepzio-sistemak hobetzeko lanean ari dira, giza ereduak aplikatuz.

“Zientzian honela ulertu izan da adimena, robot bat eraikitzeko edo garunari behatzeko garaian: argazki bat ateratzen duzu, eta gero adimenak, argazki hori ordenagailu batek bezala prozesaturik, patroi-ezagutze edo -identifikazio bat egiten du. Algoritmo eta teknika bat baino gehiago dago objektuak, eszenak eta abar identifikatzeko. Hala ere, hautemate organikoa, gizakiarena, askoz ere aktiboagoa da hori baino. Begiak, esate baterako, mugimendu sakadiko pila bat —begien mugimendu azkar eta txikiak— egiten du guk ikusten ez duguna. Ikustea zera da: ikus-ekintza horren bitartez objektuak egonkortzea eta ezagutzea; jakitea nola aldatzen den mugimenduarekiko gure gorputz-erlazioa eta -sentsazioa”. Horrela mintzo da Xabier Barandiaran, filosofian doktorea eta IAS-Researcheko ikertzailea (UPV/EHUko Filosofia Fakultatea). Barandiaranek parte hartzen ari da, Ikerbasque ikertzaile Ezequiel di Paoloren zuzendaritzapean, Europako eSMCs proiektuan (Extending Sensorimotor Contingencies to Cognition / Kontingentzia Sentsomotorrak Kogniziora Zabalduz).

Orain arte, uste izan da sentsazioak prozesatu egiten zirela lehenik, pertzepzioa sortzeko, eta gero pertzepzio horretatik eratortzen zela arrazoibidea eta ekintza. Barandiaranen ustez, pertzepzioaren beraren parte da ekintza: “Gure ideia nagusia da hautematen dugunean esplorazio aktibo bat egiten dugula, ingurunearekiko koordinazio partikular bat, ikusmena posible egiten duen dantza ikusezin moduko bat bezala”.

eSMCs proiektutik, ideia hori aplikatu nahi da robotetan erabiltzen diren eredu konputazionaletan, haien portaera hobetzeko eta hala giza adimenaren eta animalia-adimenaren izaera hobeki ulertzeko. Horretarako, ikertzaileak kontingentzia sentsomotorrekin ari dira lanean: ekintzen artean dauden erlazio erregularrekin, eta ekintza horiekin loturik gertatzen diren aldaketa sentsorialekin.

Kontingentzia-mota horren adibide dugu hizketan ari garen bitartean ura edaten dugunekoa, ia horretaz ohartu ere egin gabe. Ingurunearekiko interakzioa gertatu da, “eta horretarako ez dugu hori edalontzi bat delako barne-irudikapen bat egin beharrik izan, horren ondotik ekintza bat planifikatzeko”, azaltzen du Barandiaranek; “edalontzia ikusteak ekintzara deitzen du, egarriarekin koordinatzen da, eta aldi berean mahaian ura egote hutsa aski dugu edalontzia ahora eramanez bukatzen den ziklo bisuomotorra koordinatzeko”. Gauza bera gertatzen da eSMCs proiektuko robotekin; “mugimendu etengabean daude, ez dira gelditzen pentsatzeko; ekinean pentsatzen dute, gorputzarekin eta ingurunearekin batera”, gehitzen du.

eSMC proiektuko ikertzaileek diotenez, ekintzek zeregin funtsezkoa dute pertzepzioan ez ezik gaitasun kognitibo konplexuagoak garatzean ere, eta, horregatik, uste dute kontingentzia sentsomotorrak erabil daitezkeela ohiturak, intentzioak, joerak eta egitura mentalak definitzean, hartara robotari portaera konplexuagoa eta jarraituagoa emateko.

Esperimentuetako batean, robot-simulazio bat egiten ari dira (Thomas Buhrmann-ek garatua, bera ere partaide baita UPV/EHUren talde horretan), zeinean agente batek bereizi egin behar baititu akne-pikor izan litekeen bat eta larruazaleko ziztada edo koskor bat. “Akneak muturra du, eta ziztadak ez. Gure agenteak, pertsonek bezala, muturrari erreparatzen dio, eta ezagutzen du aknea dela, eta koskorraren gainetik pasatzean, berriz, ezikusi egiten du. Azaldu eta eredu bihurtu nahi duguna da larruazalaren esplorazio aktiboan eraikitzen den hautemate-une hori, ‘a!, harrapatu dut akne-pikorra’ sentitzen dugunekoa eta atzamarra haren gainetik irristatzen segitzen dugunekoa”, dio Barandiaranek. Eredua saiatzen da identifikatzen zer harreman-mota ezartzen den mugimendu-sentsazio zikloen artean eta zer patroi neurodinamiko simulatzen duten robotaren minigarunean.

Beste robot bat, Zuricheko Unibertsitatearen Adimen Artifizialeko laborategian eraikia, robot-zakur bat da, mugitzen den zoruaren ehundurara egokitzeko eta hura sentitzeko gai dena (zoru irristakorra, likatsua, zimurra…), ibiltzean gertatzen diren kontingentzia sentsomotorrak esploratuz.

Garatu beharreko ereduen alderdi teorikoan ari da lanean UPV/EHUko ikerketa-taldea. “Filosofo garen aldetik, guk egiten duguna, neurri handi batean, kontzeptuak definitzea da. Gure helburu nagusia da kontzeptu teknikoak definitzea: zer den habitat sentsomotorra, zer den koordinazio sentsomotorreko patroia, zer den ohitura, edo adimen-bizitza bere osotasunean”. Kontzeptuak definitzea eta haiei forma matematikoa ematea funtsezkoa da zientzialariek esperimentu konkretuetan aplika ditzaten; ez bakarrik robotekin, gizakiekin ere bai. Hamburgo-Eppendorf zentro mediko unibertsitarioko bazkideak, adibidez, aztertzen ari dira nola aldatzen den denboraren eta espazioaren pertzepzioa Parkinsonen gaitza dutenengan, UPV/EHUko taldearen garapen teorikoekin loturik.

  • Erreferentziak:

    Extending Sensorimotor Contingencies to Cognition: http://esmcs.eu/ IAS-Research Centre for Life, Mind and Society: http://ias-research.net Xabier E. Barandiaran: http://xabier.barandiaran.net/

  • Interneteko helbidea:

    www.ehu.es

Informazio osagarria

  • Xabier Barandiaran, IAS-Researcheko ikertzailea eta UPV/EHUko Filosofia Saileko irakaslea. (Argazkia: Juan Carlos Ruiz), Euskal Herriko Unibertsitatea
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: