#GaiNagusiak

Biodibertsitatearekin zorretan

Noiz argitaratua: 12/10/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Ingurumena #Lurraren zientziak
 Leire Urkidi, David Hoyos Ekopoleko taldekidearekin, UPV/EHUko Sarrikoko campusean. BioRes proiektuan ari dira biak. (Argazkia: Luis Jauregialtzo / Argazki Press)

Euskal Autonomia Erkidegoak inportazioen bidez asebetetzen du bere material-eskaeraren % 83, eta horrek badu inpakturik hornitzaile dituen herrialdeen ingurumenean eta gizarte-kondizioetan. Horren harira, euskal ekonomiak munduko biodibertsitatearen galeran zer erantzukizun duen aztertu duen proiektu batean parte hartu dute UPV/EHUko zenbait ikertzailek, eta ateratako ondorioekin gurean gizarte-kontzientzia piztea dute helburu orain. Leire Urkidi Ingurumen Zientzietan doktorea eta Geografia Saileko irakaslea da BioRes izeneko egitasmo honen parte-hartzaileetako bat, eta EAEk kanpoko materialekiko duen mendekotasuna oso handia dela azpimarratu du: “Badirudi azken hogei urteotan asko hobetu dela gure uraren eta airearen kutsadura, baina horren atzean zera dago: material eta ekoizpen kutsagarri handiak kanpoan egiten direla, gure kalteak kanporatu egin ditugula”.

 

UPV/EHUko Ekopol ikerketa-taldeko kidea da Urkidi. Ekonomia Ekologikoa eta Politikoa du aztergai talde horrek. Ekonomialariek ez ezik, ingurumen-zientzietan (Urkidi bera), ingeniaritzan, politika-zientzietan eta bestetan adituak diren pertsonek ere hartzen dute parte bertan. BioRes proiektuan, Ekologistak Martxan elkartearekin batera ari dira lanean Ekopoleko zenbait kide, Eusko Jaurlaritzaren Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Funtsak finantzatuta.

Hartu, eman baino gehiago

“EAEren zor ekologikoa aztertzea zen helburua. Hau da, gaur egun gure ekonomiak zer harreman duen beste herrialdeekin, eta gure jarduerak eta inportazioek zer kalte eragiten dituzten haietan, ingurumenean eta gizartean”, esan du Urkidik. Horretarako, EAEko fluxu materialak, inportazioak eta horien jatorria ikertu dituzte, bai eta nagusienak sei ataletan sailkatu ere: erauzketa bidezkoak (mineralak eta energia), agroerregaiak, arrantza, nekazaritza/abeltzaintza, egurra eta espezieen merkataritza. “Gure inportazioek biodibertsitatean zer eragin duten ikusi dugu, eta helbide fiskala EAEn duten enpresek zer inbertsio eta kalte egiten dituzten toki horietan. Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzak zer eragin duen ere aztertu dugu: lankidetza biodibertsitate handiko zonaldeetan egiten ote den, hori kontuan hartzen den edo ez…”, dio.

Ateratako ondorioek nabarmen erakusten dute EAEk hartu egiten duela, eman baino askoz ere gehiago. Hegoaldeko herrialdeetatik, pobretuenetatik, hartu ere, askotan: petrolioa eta gasa Nigeriatik, agroerregaiak Indonesiatik, mineralak Mozambike edo Boliviatik, atuna Kenya eta Seychelles uharteetatik (ondoan, Somalian, gosete ikaragarria dagoen bitartean)… Inportazio horien artean, oso aipatzekoa da energia-baliabideen (hidrokarburoak, petrolioa eta gasa) erauzketa, EAEn kontsumitutako energiaren % 90 kanpotik baitator. Eta, horren gainetik, mineralak (eztainua, nikela, aluminioa): batetik, asko inportatzen delako, eta bestetik, material horri lotutako prozesuek kalte bereziki handiak eragiten dituztelako jatorrizko herrialdeetan. Gainera, Urkidik dioenez, egiten diren kanpo-inbertsio zuzenek ez dute, inolaz ere, balantza orekatzen: “Gure enpresen % 85 finantza- eta energia-sektoreetakoa da. Gizarte- eta ingurumen-gatazka handia eragiten dute herrialde horietan”.

Horrek guztiak eragiten duen paradoxa azaldu dute Urkidik eta BioReseko beste kideek, proiektuaren lehen ondorioetan: baliabide naturalek, aberastasuna ekarri beharrean, pobrezia areagotzen dute hegoaldeko herrialdeetan, herritarren artean zein biodibertsitatean. Nazioarteko elkartrukeak gaur egun dituen kondizioei, enpresa transnazional askok duten “zigorgabetasunari” eta agintarien “konplizitateari” egotzi diote hori. Era berean, kezka agertu dute EAEk lehengaiekiko kanpo-mendekotasun handia duelako, eta bertan gehiago ekoizteko politikak behar direla azpimarratu dute.

Dokumental bat

2011n egin zuten ikerketa-lan hori guztia BioReseko kideek, eta proiektua osatzeko, datuon dibulgazioan eta gizarte-kontzientziazioan ari dira, buru-belarri, 2012an. Horren harira, besteak beste, dokumental bat osatu dute, sakonago aztertu dituzten hiru inportazio-kasurekin. Batetik, bioerregaien —eta batez ere palma-olioaren— ekoizpena Indonesian. Bestetik, mineralen ustiapena Bolivian; eztainuarena, batez ere, Arabar Errioxako ardo-botilen kortxo gaineko estalkia egiteko erruz inportatzen baita material hori. Eta, azkenik, arrantza Kenyan eta Seychelles uharteetan, euskal atun-industriak Indiako Ozeanoaren ustiapenean duen eraginaren harira. Urkidik azaldu bezala, “hiru ikertzailek bidaiatu genuen toki horietara, bertatik bertara aztertzeko jarduera horiek duten inpaktua eta eragiten dituzten kalteak. Hiru analisi horiek bertan filmatu eta dokumentala sortu dugu”.

Horrez gain, zenbait jardunaldi eta ikastarorekin ari dira osatzen BioRes proiektuaren dibulgazio-lana, eta kanpo-ebaluazio bitartez egindako txostena kaleratzeko asmoa ere badute.

Informazio osagarria

  • Leire Urkidi, David Hoyos Ekopoleko taldekidearekin, UPV/EHUko Sarrikoko campusean. BioRes proiektuan ari dira biak. (Argazkia: Luis Jauregialtzo / Argazki Press), Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Leire Urkidi, David Hoyos Ekopoleko taldekidearekin, UPV/EHUko Sarrikoko campusean. BioRes proiektuan ari dira biak. (Argazkia: Luis Jauregialtzo / Argazki Press), Euskal Herriko Unibertsitatea
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Euskal Herriko Unibertsitatea
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, Euskal Herriko Unibertsitatea
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: