#GaiNagusiak

Patata olio esentzialekin tratatzea, biltegiratzean ernamuindu ez dadin, tratamendu kimikoen ordezko ona izan daiteke

Noiz argitaratua: 12/10/03 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Teknologia
 David Gómez Castillo

Patataren kalitateari begira, une garrantzizkoenetako bat da biltegiratze-garaia, une horretan ernamuintzeko edo usteltzeko arriskua delako, bakterio, onddo eta bestelako eragile patogenoengatik. Hori gerta ez dadin, David Gómez Castillo nekazaritza-ingeniariak, bere doktoretza tesian, ikertu du ea alde batera utz ote daitezkeen gaur egun erabiltzen diren tratamendu kimikoak, eta horien ordez olio esentzialen bidezko tratamenduak baliatu, menda, txarpoil, martorri, eukalipto edo iltze-belarraren olioak erabiliz, "atzeman diren arazo nagusien aurkako ahalmen inhibitzaile handia erakutsi baitute".

Gaur egun, produktu kimiko bat (CIPC: Clorprofam) erabiltzen da gehien patata, biltegiratzen denean, ernamuindu ez dadin. Hala ere, produktu sintetiko horien ordezkoak bilatu behar dira, hainbat arrazoirengatik: batetik, onartzen diren erabilera-dosiak gero eta txikiagoak dira, eta bestetik, merkatuak eta kontsumitzaileak presioa egiten dute produktu osasungarriagoak eta ingurumenarentzat hain kaltegarri ez direnak bilatzeko, patatak merkataritzari, sukaldaritzari eta teknologiari begira daukan kalitatea galdu gabe.

Testuinguru honetan ulertu behar da David Gómez Castilloren ikerketa-lana. Menda, txarpoil, martorri, eukalipto edo iltze-belarraren olioen bidezko aukerako tratamendu bat ebaluatu du. Hauxe egin zuen: olio horiek aplikatu sukalderako pataten zenbait barietateri (Agata eta Monalisa patatak), eta industria-pataten beste batzuei (Agria eta Kennebec). Gero, tratamendu horren eta tratamendu kimikoaren emaitzak alderatu zituen.

Aukera ona

Ikerketan, merkataritzarako kalitatearen parametroak neurtu ziren (tuberkuluaren ernamuintzea, testura eta kolorea), eta sukalderakoak zein teknologiaren aldetikoak (patata-xerren kolorea eta testura, gai lehorra, solido disolbagarriak denera, azukre erreduzitzaileak, zentzumen-azterketa). Era berean, biltegiratu eta 10, 25, 40, 55 eta 70 egunera ebaluazioak egin ziren, eta olio esentzialek fitopatogeno nagusien aurka (onddo eta bakterioen aurka) daukaten eragin antimikrobianoa ebaluatu zen.

David Gómezek azaltzen duenez, "martorriaren eta mendaren olio esentzialen tratamenduetan ernamuintzea galarazteko gaitasun handia ikusi dugu, bai industria-patatarentzat, baita sukalderako patatarentzat ere. Ahalmen inhibitzaile handia erakutsi zuten aztertu ziren arazo fitopatologiko garrantzizkoenen aurrean. Beraz, olio horiek erabiltzea aukera ona da patatak biltegiratzean CPCIren erabilera ordezkatzeko".

Beste alde batetik, ikusi da eukaliptoaren olio esentziala, sukalderako pataten aldaeretan ernamuintzea galarazteko gaitasun handia daukanez, "beste aukera on bat izan litekeela arazo fitopatologikoengatik gertatzen diren uzta ondorengo galerak gutxiagotzeko. Tratamenduak are emaitza hobeak lortzen ditu iltze-belarraren olio esentziala gehitzen bazaio".

Ikertzaile honen iritziaren arabera, olio esentzialen bidezko tratamenduak erabiltzeak patata biltegiratzean "ernamuintzea galarazteko tratamenduari balio erantsia emango lioke, fitopatogeno garrantzizkoen garapena kontrolatzeko eraginkorra baita".

  • Erreferentziak:

    Gómez, D. Trujillo, Y. Arroqui, C. Vírseda, P. 2008. Estudio del comportamiento antimicrobiano de un tratamiento de naturaleza orgánica basado en el uso de NAC como agente conservante en patata mínimamente procesada. Póster. Libre. II Food and Health II International conference of food science

  • Interneteko helbidea:

    www.unavarra.es

Informazio osagarria

  • David Gómez Castillo, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: