#GaiNagusiak

FIKek eta TECNALIAk garatu duten emozio-detektagailuari esker, norberaren neurrirako hauteskunde-kanpainak presta daitezke

Noiz argitaratua: 12/09/24 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika

Mezuak, janzkerak, keinuak, gaiak, jendearen gustuko melodiak..., horra politikari bati arrakasta bermatzen dioten zenbait faktore. “Emozio-detektagailu” baten bidez (Sentient) ari dira faktore horiek zehazten FIK eta TECNALIA. Jendeak bere inguruko estimuluez duen iritzia positiboa ala negatiboa den adierazten du gailuak. Horren bidez, botoa zein alderdiri eman erabakitzeko faktoreak zehazten, doitzen eta areagotzen ere laguntzen die FIK eta TECNALIAk kanpaina-arduradunei.

Osagai hauek ditu Sentient-ek: bihotz-erritmoaren aldaketak neurtzen dituen pultsometro bat, eta hortik ateratzen diren zenbait parametro. TECNALIAko ikertzaileek sortu duten sistema gailu estandar batez baliatzen da (edonork eskura dezakeen pultsometro komertzial bat) une jakin batean pertsona jakin batek dituen emozioen bizitasuna eta neurria zehazteko, eta bluetooth bidez bidaltzen du informazio hori smartphone batera, hark prozesa dezan.

Ingurune kontrolatuetan erabiltzen da “emozio-detektagailu” hori, alderdi politikoaren premien arabera hautatutako herritar-talde batean. Alderdiek, izan ere, ondo jakin ohi dute gizarteko zer sektoreri zuzendu (“zalantzatiak” deritzenei, alegia). Zenbait parametro bidaltzen ditu Sentient-ek, hauteskunde-kanpainak nolakoa izan behar duen zehazteko lagungarriak. Hartara, alderdi jakin batek boto-emaileen onespena beregana dezake, haiekiko lotura emozional bat sortuz. Horrela, bada, TECNALIAk eta bazkide duen Bilboko publizitate-agentziak (El Bureau de la Comunicación, puntakoa bere alorrean) lagundu egiten diete alderdi politikoei beren helburuekin bat datorren hauteskunde-kanpainarik egokiena prestatzen.

Hautagaiak herritarrengan sortzen duen lehen inpresioa eta haren intentsitatea neurtzen ditu detektagailuak: inpresioa positiboa ala negatiboa izan den, diskurtsoa eraginkorra izan den, gauzak nola esaten dituen jendeari gustatzen zaion ala ez, diskurtsoaren egitura egokia den, hizkera egokia erabilia duen..., eta zenbait hautagairen arteko konparaziozko alderaketa ere egin dezake, gai jakin batzuen gainean (ekonomia, hezkuntza, immigrazioa...). Hartara, Sentient-ek ematen duen informazioa parametro horien arabera egokitu dezakete kanpainaren arduradunek, herritarrengan eragin handiagoa izan dezaten.

Sentient-en beste erabilera batzuk

Emozioen komunikabide automatiko gisara jardutea du jatorrizko helburu gailu honek. Edozein estimulurekiko jendeak zer erantzun emozional izaten duen neurtzeko erabil daiteke teknologia. Zenbait erabilera izan ditzake: marketin-alorrean, adibidez, iragarkiek eta telebistak jendearengan duten eragina neurtzeko; osasun-arloan, komunikatzeko gaitasunik ez duen jendearen emozioak transmititzeko.

Neuromarketineko azterketa batean erabili du Sentient-ek, telebistako zenbait iragarkik eragiten zuten erantzun emozionala neurtzeko, helburu honekin: gai sozialei buruzko publizitatea mezu positiboetara edo negatiboetara bideratu behar den argitzen laguntzea.

Informazio osagarria

  • Prentsa-oharra, gazteleraz, Tecnalia Research & Innovation
  • Prentsa-oharra, euskaraz, Tecnalia Research & Innovation
  • Prentsa-oharra, inglesez, Tecnalia Research & Innovation
Germán Lasa

Egilea: Germán Lasa (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: