#GaiNagusiak

Altzari adimendunak garatzen ari da Tecnalia

Noiz argitaratua: 12/09/18 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Teknologia
 Altzari adimendunak

TECNALIAk beste urrats bat egin du etorkizuneko altzarigintzan. GRUMAL, NUEVA LINEA, ELSON ELECTRONICA eta EKOLEDS enpresekin batera, WoodTouch proiektuaren barruan, altzariarekiko eta zurezko gainazalekiko ukimenezko interakzioaren kontzeptu berri bat landu du, etorkizunean gure inguruko altzariak adimendun bihurtzeko baliatu ahal izango dena.

Proiektuak WoodTouch du izena, eta, zuraren ukitu beroa aprobetxatuz, altzaria kontrolgune adimendun bihurtzen du, haren bitartez izateko etxeko gailu elektriko guztien gaineko agintea, modu erraz eta intuitiboan. Altzarigintza-sektoreko enpresa-partzuergo batekin elkarlanean garatu du proiektua TECNALIAk. Hala, etxeko altzarien kontzeptu berri bat sortu du, hari esker funtzionaltasun berriak eskuratzen baitituzte altzariek.

Tradizio handiko sektore bat —halakoa baita etxerako altzarigintza— berrikuntza teknologikoetan sartu dela esan nahi du horrek. Hartara, negozio-aukera berriak sortzen dira sektorerako. Une zailean da altzarigintza, eta, ideia iraultzaile honi esker, egoerak hobera egin lezake.

Erabiltzaileak botoirik sakatu gabe piztu ahal izango du gela bateko argia edo berogailua, edo sare elektrikotik elikatzen diren gailu batzuen indarra graduatu.

Teknologia honetaz hornitutako altzariek kalitate oneko itxura dute, akabera bat baino gehiagokoa, eta altzariaren gainazal beroan ukituz zenbait aplikazio kontrolatzeko eremu bat dute.

Ideia berritzaile honi esker, erantzuna eman dakioke gero eta handiagoa den eskaera bati: etxeko tresna elektrikoei eragiteko interfaze errazak izatea. Proiektuaren asmoa da altzariak ez izatea elementu apaingarri eta euskarri hutsak, baizik eta funtzionaltasun erantsi batzuk dituztenak.

Azpeitiko bi enpresa ari dira proiektuan: GRUMAL, Mondragon Korporazioko Altzari Taldekoa, eta NUEVA LINEA, diseinuko eta abangoardiako altzarien fabrikatzaile ezaguna. Orobat dira partaide ELSON ELECTRÓNICA, ekipo elektronikoak ekoizten eta garatzen dituen enpresa, EKOLEDS enpresa (Bizkaikoa) eta TECNALIA zentro teknologikoa.

Informazio osagarria

  • Altzari adimendunak, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, Tecnalia
  • Bulegoa, Tecnalia Research & Innovation
Anais Silban

Egilea: Anais Silban (Tecnalia Eraikuntza Unitatea)

Laguntzailea: