#GaiNagusiak

Existitzen den zuntz optikozko sentsoreen sarerik luzeena garatu dute, urrutitik azpiegitura handiak monitorizatzeko

Noiz argitaratua: 12/08/09 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Montserrat Fernández

Montserrat Fernández Vallejo NUPeko telekomunikazio-ingeniariak azpiegitura handiak urrutitik monitorizatzeko zuntz optikozko hainbat sentsore garatu ditu, esperimentu baten bidez, bere doktoretza tesian. Zehazki, multiplexatzeko gaitasuna duen orain arteko sarerik luzeena garatu du, 250 kilometrokoa (bi informazio-kanal edo gehiago transmisio-bide bakar batean konbinatzeko aukera ematen du).

Urrutiko komunikazioaren esparruko teknologia-garapenari esker, ikerketa-lerro berriak eta aplikazio praktiko ugari ireki dira. Haien artean, aipatzekoak dira azpiegitura adimendunen edo neurri handiko azpiegituren monitorizazioa, eta horretarako oso baliagarriak dira sentsore-sareak. Montserrat Fernándezek azaldu duenez, “urrutiko monitorizazioaren bidez egitura bat edo azpiegitura handiak –itsas plataformak, esate baterako– analizatzen dira estazio zentral batetik. Estazio hori azpiegituratik dozenaka edo ehunka kilometrora dago, eta sentsoreek azpiegiturara informazioa igortzen dute elikadura-iturri baten beharrik gabe”. Erregistro horri esker, egitura- edo ingurumen-parametroei buruzko neurriak hartzen dira, egoera kritikoak aztertzen dira, azpiegiturak egoki mantentzen dira eta istripuei aurrea hartzen zaie.

Zuntz optikoa datu-sareetan erabili ohi den transmisio-bide bat da. Beiraz edo material plastikoz eginiko hari oso mehe bat da, eta, haren bidez, transmititutako datuak ordezkatzen dituen argia igortzen da. Zuntz optikozko sentsorea parametro baten aldaketei antzemateko gai da, gailu horrek argiaren ezaugarri batzuetan eragiten duen aldaketari esker. Balioetsi nahi den azpiegituran bertan edo azpiegituratik oso gertu jarritako sentsore-multzoak osatzen du sentsore-sarea.

Erronkak

Honako hau da tesiaren izenburua: Contribution to the development of optical networks for fiber Optics sensors using fiber lasers (Zuntz laserrak erabiliz zuntz optikozko sentsore-sareak garatzeari egindako ekarpena). Manuel López-Amo Sainz NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektroniko Saileko katedradunak zuzendu du, eta kalifikaziorik handiena lortu du, Gai cum laude, Europako Doktorea aipamenarekin.

Sentsoreen sare optikoek dituzten hiru erronka nagusiak aztertu ditu Montserrat Fernándezek bere ikerketan: sentsoreak sare bakar batean multiplexatzea, etenik gabeko zerbitzu bat bermatzea akatsen bat gertatzen bada, eta urrutiko monitorizazioa egiteko aukera ematea.

Lan honetan, halaber, multiplexatzeko gaitasuna duen orain arteko sarerik luzeena garatu du. Sareak 250 kilometro ditu. Multiplexazioari esker, sistemak eta kostuak sinplifikatzen dira. “Multiplexazioaren bidez —dio ikertzaileak—, alde batetik, transmisio-bide bera erabiltzen dugu sentsore desberdinek bidalitako informazioa igortzeko, eta, bestetik, igorgailu eta hargailu berak erabiltzen ditugu”. Zuntz optikozko urrutiko sareei dagokienez, zuntza bera da transmisio-bidearen lana egiten duena: sentsoreek haren bidez igortzen dute informazioa, eta estazio zentralean jasotako informazio guztia aztertzen da.

Zuntz optikozko sentsore-sareen aplikazio nagusiak lotuta daude kasu hauekin: monitorizatu behar den egiturak kostu ekonomiko handia duenean (oliobideak, tentsio-lineak), gizakiari heriotza eragiteko arriskua dagoenean (zentral nuklearrak, produktu kimikoen biltegiak, zubiak, urtegiak, etab.) edo perimetro bat kontrolatuta eduki behar denean.

Montserrat Fernández Vallejok 2008an amaitu zituen Telekomunikazio Ingeniaritzako ikasketak NUPen. Orduz geroztik, proiektuetan laguntzaile eta lankide aritu da Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailean. Bi ikerketa-egonaldi egin ditu erakunde hauetan: Università degli studi di Parma unibertsitatean (Italia) 2009an, eta Institute of Photonic Technology erakundean (Jena, Alemania) 2010ean.

Lanaren ondorioz, 15 artikulu argitaratu dira eragin handiko nazioarteko aldizkarietan, 12 ekarpen egin dira nazioarteko biltzarretan eta 3 ekarpen estatu mailako biltzarretan.

  • Erreferentziak:

    M. Fernandez-Vallejo, D. Olier, A. Zornoza, R. A. Perez-Herrera, S. Diaz, C. Elosua, C. Bariain, A. Loayssa, and Manuel Lopez-Amo, “46 km long Raman amplified hybrid double-bus network with point and distributed Brillouin sensors,” IEEE Sensors Journal, Vol. 12, No. 1, art. no. 5737748, pp. 184-

  • Interneteko helbidea:

    www.unavarra.es

Informazio osagarria

  • Montserrat Fernández, NUP
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, NUP
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, NUP
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: