#GaiNagusiak

Aerosorgailuetako torlojuen karga orekatzeko eredu bat garatu dute

Noiz argitaratua: 12/08/14 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Teknologia
 Tesiaren egilea, Mikel Abasolo.

Sinplifikatutako simulazio-eredu bat eraiki du UPV/EHUko ikertzaile Mikel Abasolok aerosorgailuentzat. Dorreak eta horren elementuek izango dituzten ezaugarriak eman, eta segundo gutxi batzuen buruan aurresaten du torloju bakoitzari zer karga eman behar zaion. Horrek abantaila handiak dakartza eraikitze-prozesuaren eta mantentzearen aldetik. Izan ere, halako instalazio handietan, behin eta berriz doitu behar izaten dira torlojuak haien arteko karga behar bezala orekatu arte; eredu honi esker, berriz, lanean hasi aurretik jakin daitezke datu horiek. Abasolok Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko ADM (Analisi eta Diseinu Mekanikoa) taldean egin du lana, energia berriztagarriei buruzko lerroan. Horren harira, tesia egin du: Metamodelo para la simulación y optimización de secuencias de atornillado en uniones de torres de aerogenerador (Aerosorgailu-dorreetako torloju bidezko loturen sekuentziak simulatzeko eta optimizatzeko metaeredua).

Aerosorgailuen dorreak oso garaiak direnez, bi edo hiru zatitan egin behar izaten dira, eta gero torloju bidezko loturekin elkartu. Baina halako dimentsio eta torloju-kopuru handiak dituzten elementuak lotzea lan konplexua da. “Torloju guztiek karga bera izatea da helburua, berdin lan egin dezaten. Baina, praktikan, karga uniforme hori lortzea ez da erraza. Estutze-sekuentzia batean, torloju bat estutzen duzunean aurrekoek karga galtzen dute”, azaldu du Abasolok. Beraz, estutze-sekuentzian torloju guztiei banan-banan 100 puntuko (adibidez) karga ematen bazaie, sekuentzia bukatutakoan gehienek ez dute karga hori izaten jarraituko, hain zuzen ere, bat estutzean aurrez estututakoek karga galtzen dutelako. Ikertzaileak azaldu bezala, torloju gutxi batzuek besterik ez dute izango 100 puntuko karga, eta gainerakoak azpitik egongo dira: “Orduan, zer egiten da guztiak 100 puntuan egotea lortzeko? Ba, torloju guztiak behar beste aldiz estutu (normalean, hiruzpalau aldiz), harik eta guztietan 100 puntuko karga izatea lortzen den arte. Eta noski, hori galera da, denbora zein diru aldetik”.

Torloju bakoitzari, karga zehatza

Horregatik da horren baliagarria garatu duten eredu sinplifikatu hau. Izan ere, aurresan egiten du zer karga eman behar zaion torloju bakoitzari instalazioa muntatzeko unean, prozesua bukatutakoan torloju guztien karga uniformea izan dadin. Hodien geometria, kanpo- eta barne-diametroa, torlojuen metrika eta erresistentzia, lortu nahi den azken karga eta gisa horretako beste zenbait datu eman behar zaizkio ereduari, eta horrekin aski du segundo gutxi batzuen buruan emaitza zuzena emateko. “Torloju bakoitzari eman beharko zaion karga bukaeran lortu nahi dena baino handiagoa izango da, sekuentzian galdu egiten duelako. Azken karga 100 izatea nahi bada, batzuei 110 eman beharko zaie, beste batzuei 120... Ereduak esaten digu torloju bakoitzari azkenean zer karga zehatz eman behar zaion. Horrela, iraganaldi bakarrean edo asko jota bitan lortuko dugu bukaerako karga hori”, dio Abasolok.

Mantentze-lanetarako ere erabil daiteke eredu hau. Izan ere, denboraren poderioz lasaitu egiten dira aerosorgailuen dorreetako torlojuak, eta, eraikitzean bezala, orduan ere denbora eta diru asko xahutu behar izaten da torlojuak behin eta berriz doitzen, harik eta karga uniformea izan arte.

Abasolok azaldu duenez, eredu sinplifikatu hau aitzindaria da erabat, aurrez ez baita halakorik egin aerosorgailuei aplikatzeko moduan: “Antzeko gauzak egin izan dira presiopean lan egiten duten hoditerientzat, baina aerosorgailuen loturetan ez zegoen ezer. Horretarako, orain arte arlo honetan erabili ez den metodologia erabili dugu”. Ereduak emaitza onak eman ditu zenbait programa komertzialetan egin dituzten simulazioetan, eta, beraz, egiaztatu dute baliagarria dela. Gerora begira merkatuan aplikazioak izan ditzakeela uste du ikertzaileak.

Egileari buruz

Mikel Abasolo Bilbao (Bilbo, 1982) industria-ingeniaria da. Josu Aguirrebeitia Celaya irakasle titularraren eta Rafael Avilés González katedradunaren zuzendaritzapean egin du bere ikerketa; Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Ingeniaritza Mekanikoa Saileko kideak dira biak. Hor defendatu du tesia Abasolok, bai eta lana bertan egin ere, UPV/EHUko Analisi eta Diseinu Mekanikoaren (ADM) ikerketa-taldean. Gaur egun, irakasle lanetan dihardu, Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan, eta ikertzen, Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Mikel Abasolo., Luis Jauregialtzo / Argazki Press
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: