#GaiNagusiak

NanoFTIR, aro berria kimika analitiko modernoan

Noiz argitaratua: 12/07/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 None

NanoGUNEko (Donostia, Espainia), Munich-eko Unibertsitateko (LMU, Alemania) eta Neaspec GmbH-ko (Martinsried, Alemania) ikertzaileek garapen tekniko berri bat aurkeztu dute materialen ikerketan eta nanoteknologian oinarrizko galdera bat argitzen duena: nola identifikatu materialak eskala nanometrikoan (F. Huth et al., Nano Letters, 2012, DOI:10.1021/nl301159v).

Kimika modernoaren eta materialen zientzien azken lorpenetako bat da materialen eskala nanometrikoko mapatze kimiko ez-inbaditzailea. Egun, bereizmen handiko irudiak lortzeko teknika asko daude (mikroskopia elektronikoa edo ekortze-zundako mikroskopia). Zoritxarrez, haien bereizmen kimikoak ezin ditu ase kimika nanoanalitiko modernoaren beharrak. Espektroskopia optikoak, bestalde, sentikortasun kimiko oso handia eskaintzen du, baina difrakzioak gutxi gorabehera uhin-luzeraren erdira mugatzen du haren bereizmena. Ondorioz, ezin da nanoeskalako mapatze kimikorik lortu.

Materialen nanoeskalako identifikazio kimikoa eta mapatzea, orain, posible da nanoFTIRarekin. NanoFTIRa teknika optiko bat da s-SNOM (eremu hurbileko ekorketa-mikroskopia optikoa) eta FTIR (Fourierren transformatuaren bidezko espektroskopia infragorria) teknikak uztartzen dituena. Indar atomikoko mikroskopio baten punta metalikoa banda zabaleko laser infragorri batekin argiztatuta eta atzerantz barreiatutako argia Fourierren transformatuan bidezko espektroskopio berezi batekin aztertuta, ikertzaileek 20 nm baino gutxiagoko bereizmen espazialeko espektroskopia lokal infragorria gauzatu ahal izan dute. “NanoFTIRak, beraz, aukera eskaintzen du nanometroaren eskalan egon litekeen edozein material infragorrian aktiboren identifikazio kimiko azkarra eta segurua egiteko” dio Florian Huth-ek, esperimentuen egileak.

Aipatzeko alderdi bat da, garrantzi praktiko handikoa, nanoFTIR espektroa oso ondo uztartzen dela ohiko FTIR espektroarekin, eta bereizmen espaziala 300 aldiz baino gehiago handitzen da ohiko espektroskopia infragorriaren aldean. “Konposizio kimikoarekiko sentikortasun handiari eta, bereizmen ultrahandiari esker, nanoFTIRa erreminta paregabea da ikerketarako, garapenerako eta kalitate-kontrolerako polimeroen kimikan, biomedikuntzan edo industria farmazeutikoan” dio Rainer Hillenbrand nanoGUNEko nanooptika-taldeko buruak.

Adibidez, nanoFTIRa laginen eskala nanometrikoko kontaminazioa identifikatzeko erabil liteke. Lehenengo irudiak PMMA film baten AFM-irudia erakusten du siliziozko gainazal batean. AFM fase-kontrasteak erakusten du 100 nm-ko kutsadura duela laginak, baina irudiaren bidez ezin da jakin zein den haren osagai kimikoa. NanoFTIRa erabiliz partikularen erdiko espektro infragorri lokal bat lortzeko, eta hura ohiko FTIRarekin lortutako espektroen datu-basearekin alderatuz, kutsadura PDMS partikula bati dagokiola jakin daiteke.

  • Oharrak:

    Contact: Rainer Hillenbrand Nanooptics Group CIC nanoGUNE Consolider Tolosa Hiribidea 76 200018 Donostia - San Sebastian, Spain r.hillenbrand@nanogune.eu www.nanogune.eu

  • Erreferentziak:

    F. Huth, A. Govyadinov, S. Amarie, W. Nuansing, F. Keilmann, R. Hillenbrand Nano-FTIR absorption spectroscopy of molecular fingerprints at 20 nm spatial resolution Nano Letters, 2012, DOI: 10.1021/nl301159v

  • Interneteko helbidea:

    www.nanogune.eu

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Press release, NanoGUNE
Itziar Otegui

Egilea: Itziar Otegui (CIC nanoGUNE)

Laguntzailea: