#GaiNagusiak

Bakterioak ugaltzea eragozteko, IdABeko ikertzaileek gainazalak aldatzen dituzte erliebe nanoegituratuen bidez

Noiz argitaratua: 12/07/20 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Teknologia

Agrobioteknologia Institutuko ikertzaileek (Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluaren eta Nafarroako Gobernuaren zentro mistoa), laserra aplikatuz, erliebe nanoegituratuak diseinatzen dituzte gainazaletan, gainazalek bakterioen aurkako propietateak bereganatzeko eta bakterio-biofilmen eraketari aurre egiteko. Ikerketaren egileen iritzian, Staphylococcus aureus bakterioarekin orain arte egin diren aurretiko saioek emaitza onak izan dituzte, bakterioen atxikidura % 65-70 murriztu dela frogatu baita.

Azterketan, bakterioen atxikidura hobekien eragozten duten materialak aukeratzeaz gainera, beste alderdi batzuk aztertzen dira. Esaterako, gainazal nanoegituratuei itsatsitako bakterioen desinfektatzaileekiko jasankortasuna, nola eusten dieten gainazalek beren propietateei denbora luzean erabiltzen direnean, eta bakterioek zer portaera duten biomaterialen gainazalean. Halaber, bakterioen atxikidura ahalbidetzen duten topografia-patroiak identifikatuko dira.

Ikerketa honen aplikazioei dagokienez, egileek esparru zabal bat iragarri dute, hasi aldez aurretik laserrarekin tratatutako kirurgia materialetik (protesiak, kateterrak) eta bakterioen atxikidura eragozten duten gainazalak dituzten ur-andel edo akuikultura-tankeetaraino.

Bakterio-biofilmaren sorrera eragoztea

Bakterioak gainazal bati itsatsita hazi eta berek sortzen duten eta jasankorrago bihurtzen dituen matrize batez inguratzen direnean sortzen da bakterio-biofilma. “Bakterioak —azaldu du Jaione Valle Turrillas ikertzaile nagusiak— zeinahi gainazali itsasten zaizkio; dela azala, direla barne organoak, materialen gainazalak, etab., eta biofilm hori sortzen dute, tratamendu antibiotikoekiko, desinfektatzaileekiko eta abarrekiko jasankorrago bihurtzen dituen mintz moduko bat”. Biofilmak hainbat tokitan daude. Esaterako, naturan (ibaietako harrien gainazalari atxikitako bakterioak), gure gorputzean (heste- eta aho-floran), iragazki eta hodietan, ur-andeletan, baserrietan (jezteko gailuetan), esparru klinikoan (protesiak, kirurgia-kateterrak), eta abar.

Agrobioteknologia Institutuko Mikrobio Biofilmen ikerketa taldea bi bakterio hauekin ari da lanean batez ere: S. aureus eta Salmonella. Biofilmak eragoztea edo kentzea helburu duten hainbat ikerketa-lerro daude abian laborategian, hasi txertoen garapenetik, eta biofilmen agente sakabanatzaileen ikerketara. Egun biofilmen sorrera eragozteari begira gainazalak aldatzeko proiektu honetan ikertzen ari dira.

“DLIP teknologiari esker, zenbait laser-sortaren bidez, gainazal batean interferitzen da eskala nanometrikoan eta aldatu egiten da —azaltzen du Jaione Vallek—. Hainbat patroi eta irudi sortzeko aukera dago, periodikotasun desberdinekoak, nanometroetatik mikretara. Hainbat gainazal aztertu ditugu eta bakterioak gainazal horiei atxikitzea eragozten duten material bat eta patroi bat aurkitu ditugu. Bakterioak ez dira erabat kentzen, baina % 65etik %70era bitartean murrizten dira".

Lehendabizi gainazala aldatzen da laserraren bidez, eta gero bakterioak jartzen dira biofilma nola eta zenbateko kantitatean sortzen duten ikusteko. Saioetan hainbat material erabili dira, eta frogatu da, halaber, bakterio-kopurua eta biofilmen sorrera jaitsi egiten dela bakterio-mota eta gainazalari aplikatutako egitura-mota zein den.

Bakterioen murrizketa zenbatzeko eta gainazal nanoegituratuari zein neurritan itsasten zaizkion jakiteko, bakterio bizidunak ukitzen dituenean fluoreszentzia igortzen duen erreaktibo bat erabili dute ikertzaileek (Alamar Blue). “Erreakzio hori fluorimetro batean neurtzen da. Beraz, zenbat eta bakterio-kopuru handiagoa, orduan eta fluoreszentzia handiagoa —dio ikertzaileak—. Arazoa da teknika honen bidez ezin dela bereizketarik egin atxikidura-diferentziak hain txikiak direnean. Horregatik, orain beste metodo bat erabiltzen ari gara: gainazalari itsatsita geratu diren bakterio guztiak jaso eta hazkuntza-inguru batean erein eta kolonia-kopurua zenbatzen dugu; astunagoa da, baina fidagarriagoa”.

Proiektuaren izenburua "Direct Laser Interference Patterning (DLIP) delakoaren bidez sortutako erliebe nanoegituratuak dituzten gainazalen bakterioen aurkako propietateak garatzea eta ebaluatzea" da, hiru urteko iraupena dauka eta 2013ko abenduan amaituko da. “Institut Fraunhofer for Material and Beam Technology” Alemaniako teknologia-zentroarekin ari dira lankidetzan; izan ere, zentro horrek eman du gainazaletan erliebeak sortzeko laser-teknologia. Bestalde, IdABek azterketa- eta esperimentu-saioak egiten ditu. Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak finantzatu du aurrekontua, 179.800 euro osotara.

Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: