#GaiNagusiak

Lehendabiziko pneumatikoak ekoitzi dira Europan kautxu naturaletik abiatuta

Noiz argitaratua: 12/07/18 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika #Teknologia
 Lehendabiziko pneumatikoak

‘Guayule’ eta ‘txikori belar errusiar’ landareetako latex naturalaren bidez lortutako pneumatikoen lehenengo prototipoak aurkeztu dira. Ateratako kautxuaren errendimendu teknikoa eta potentzial ekonomikoa agerian geratu da pneumatikoen lehenengo prototipoen ekoizpenean.

Bi espezieak landu eta kautxua atera eta gero, pneumatikoak egiten dituen eta proiektuan partaide den Herbehereetako Apollo Vredestein enpresak aste honetan lehenengo prototipoak fabrikatu ditu, eta datozen hilabeteetan proba zorrotzak egingo zaizkie horiei, ekoiztera eraman aurretik. Lorpen horrek itxaropena piztu du merkatuan, etorkizun hurbilean asiar monopolioa hautsi bailiteke.

Garapena EU-PEARL europar proiektuaren bitartez landu da, duela 4 urtetik hona, Europarentzat latexaren eta kautxuaren iturri alternatiboak bilatzeko eta, ondorioz, baliabide horretan asiar merkatuarekiko dagoen mendekotasun komertziala eteteko eta Europar Batasunean latexa ekoitziko duten landareen laborea sustatzeko. Proiektua Europako Batzordearen VII. Esparru Programak finantzatzen du, eta zortzi herrialdetako bazkideak ari dira hura garatzen; horien artean da Neiker-Tecnalia ikerketa zentroa, beste 12 erakunderekin batera.

NEIKER-Tecnalia zentro teknologikoa, besteak beste, inportatzen den latex naturala ordeztera datozen bi espezieren genotipoa eta Europan ezartzeko aukerak ikertzeaz arduratu da: guayule zuhaixka (Parthenium argentatum) eta txikori belar errusiar deritzon landarea (Taraxacum kok-saghyz). Badirudi eskualde mediterraneoetan ondoen landatu ahal izango dena guayulea dela, eta txikori belar errusiarra, berriz, egokiagoa dela Europako iparraldeko eta ekialdeko herrialdeetarako.

Kautxu naturala ateratzeko osagai nagusietakoak zenbait latex natural dira: lehengai hori ezinbestekoa da industria guztietan, eta funtsezkoa da eskularru kirurgikoak, preserbatiboak edo pneumatikoak egiteko. Europan erabiltzen den kautxu guztia inportatu egiten da, eta batez ere Hevea brasiliensis arbolatik ateratzen da. Munduko ekoizlerik handienak Malaysia, Indonesia eta Thailandia dira, eta esan daiteke Asiako hiru herrialde horiek dutela kautxuaren monopolioa munduan.

Kautxu naturala bakarra den biopolimero bat da, bere aplikazio nagusietako askotan ordeztu ezin daitekeena: horien artean, produktu medikoak, preserbatiboak, oinetakoak edo itsasgarriak. Izaera bakar hori dela eta, Europar Batasunak saihestu egin nahi du herrialde produktoreek lehengaiaren prezioaren igoera koordinatu bat erabakitzea, hirurogeita hamarreko hamarkadan petrolioarekin gertatu zen bezala.

Hasierako azterketek erakutsi zutenez, txikori belar errusiarra zein guayulea alternatiba egokia ziren kautxuaren arbolaren ordez. Guayulea eskala handiko biomasa egiteko erabiltzen da Espainian dagoeneko, baina txikori belar errusiarra ekoizten zailagoa dela dirudi. Ikerketaren muina txikori belar errusiarraren hazkundea garatzea eta bizkortzea izan da, atera daitekeen kautxu naturalaren edukia handitzeko helburuarekin.

Monopolioaren inguruan aipatutako arazoaz gain, kautxu naturalaren munduko ekoizpenak, batik bat Hevea brasiliensis arbolari lotuta dagoenak, hainbat mehatxu ditu bere gain. Kautxuaren arbola oso ahula da plaga eta gaixotasunen aurrean, eta landaketarako baldintza klimatiko oso zehatzak behar dira, bereziki Asiako eta Hegoaldeko Amerikako eskualde tropikaletan aurkitzen direnak. Arbola horretatik ateratzen den kautxuaren beste arazo handietako bat latexarekiko alergia eragiteko arriskua da, eta hori saihestu egingo litzateke guayulea edo txikori belar errusiarra erabiliz gero. Gainean dagoen beste mehatxu bat da gorabidean dauden herrialdeetan kautxu naturalaren eskaera handitzen ari dela. Egoera hori kokatzeko, kontuan hartu behar da mundu mailan latex naturalaren hornidura murrizten ari dela eta, ondorioz, azken bi urteetan prezioa bikoiztu egin dela.

Ikerketaren emaitzak aurtengo irailaren 24an eta 25ean aurkeztuko dira, Herbehereetako Wageningenen egingo den klausura-konferentzian.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, MBN Comunicación
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, MBN Comunicación
  • Lehendabiziko pneumatikoak, MBN Comunicación
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: