#GaiNagusiak

Begirada nanoskopiko bat itsasadarreko alga berdeei

Noiz argitaratua: 12/06/27 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Ingurumena
 Aitor Alonso, tesiaren egilea.

Pikoa oso unitate txikia da, nanoa bera baino txikiagoa, 10-12ren parekoa baita. Ezin sumatuzko tamaina hori duten alga berdeak aztertu ditu Aitor Alonso biologoak, Bilboko itsasadarrean. Ibaizabalen estuarioaren kanpoaldean daudenei erreparatu die, bereziki. Hala, ur horietan katalogatzeke zeuden zenbait nano eta pikoplankton identifikatzea lortu du: sei genero eta hamaika espezie, zehazki. Gainera, neurri batzuk proposatu ditu, halako analisietan aplikatu beharreko metodologia optimizatze aldera. UPV/EHUn defendatu du tesia, eta izenburu hau du: Algas verdes en el picoplancton y nanoplancton del estuario del río Nervión (Golfo de Vizcaya) (Alga berdeak Ibaizabalen estuarioko [Bizkaiko Golkoa] pikoplanton eta nanoplanktonean).

Alga guztiek dute A klorofila, baina B klorofilak bereizten eta pigmentatzen ditu alga berdeak. “Bioerregaiak ekoizteko erabili izan dira, ur beltzak tratatzeko... Gainera, botiken eta kosmetikoen industrietarako produktuen bila ere egin dira ikerketak haiekin”, dio Alonsok. Baina haren lanaren motibazioak ez du zerikusirik aplikazio praktikoekin. Alga berdeek presentzia erlatibo handia dute Ibaizabalen estuarioko organismo txikienei dagokienez, eta horixe izan da abiapuntua: “Planktoneko alga txikienen artean nagusitzen dira, batez ere; hau da, pikoplanktonean. Bakterioak alde batera utzita, han dauden tamaina horretako organismo gehientsuenak alga berdeak dira”. Horrenbestez, dibertsitate zehatz horri buruz datu gehiago biltzea izan du helburu nagusi. Esaterako, ikusi du alga berde ugarienak klorofitoak direla eta talde hori erabat nagusi dela udan estuarioaren kanpoaldean.

Espezieak eta TSA-FISH teknika

2007 eta 2010 urteen artean bildutako laginei esker, Ibaizabalgo eta inguruko estuarioetako alga berdeen 26 andui isolatzea eta aztertzea lortu du Alonsok. “Bagenekien alga berdeek talde garrantzitsua osatzen dutela, baina ez zer espezie dauden, benetan”, azaldu du. 26 andui horietatik abiatuta, sei genero eta hamaika espezie identifikatu ditu ikerketa honetan: Eutreptiella (E. eupharyngeae eta E. gymnastica), Mamiella (M. gilva), Nephroselmis (N. pyriformis), Pyramimonas (P. orientalis, P. moestrupii, P. grossii, P. robusta eta P. propulsa), Oltmannsiellopsis (O. unicellularis y O. viridis) eta cf. Chlamydomonas.

Bilboko itsasadarreko alga berdeen komunitateko espezieak zein diren argitzea zen Alonsoren helburu nagusia, baina horretarako urratu duen bidea bera ere badu ekarpen tesi honek. Pikoplanktona hain da frakzio txikia, ezen zaila baita bertako organismoak aztertzea, eta kasu honetan hiru teknika konbinatzea erabaki du: epifluoreszentzia (ohiko mikroskopio optikoa baino aukera aurreratuago bat), fluxu-zitometria (likidoetan dauden zelulak sailkatzeko eta zenbatzeko erabiltzen da) eta TSA-FISH teknika (algen markatzaile gisa baliatzen diren seinale fluoreszenteak areagotzen ditu, beste teknika batzuek baino gehiago, eta, hala, sentikortasuna handitu eta analisia errazten du). Teknika horien errendimendua hobetzea eta haien bidezko emaitzen interpretazio zuzena egitea helburu, proposamen batzuk egin ditu ikertzaileak.

Tyramide Signal Amplification (TSA)-FISH delakoaren aplikazioari erreparatu dio, batez ere, Alonsok; aplikazio horrek dakartzan arazoei eta irtenbide posibleei. Ondorioztatu duenez, fitoplanktonaren zenbaketa ahalik eta unibertsalena izan dadin, teknika horretan oinarritutako protokoloak zenbait premisa bete behar ditu. Esaterako, TSA-FISH metodoarekin zailtasunak izaten dira laginen zenbaketa egin behar denean, eta, horregatik, egiteko zehatz horretarako fluxu-zitometria baliatzea aholkatu du. Era berean, ikerketan ikusi denez, aztergai izan diren espezie-kultibo batzuetan iragazkortasun-akatsak agertu dira. Horrek arazoak ekar ditzake, komunitatean berez esanguratsua izan daitekeen mikroalga talderen bat edo besteren garrantzia behar bezala ez neurtzea eta aintzat ez hartzea eragin dezakeelako, oharkabean. Arazo hori saihesteko, entzima bidezko tratamendu batekin iragazkortasuna handitzea proposatu du. Neurri horiei esker, TSA-FISHarekin neurketa erraza, kuantitatiboa, zehatza eta fidagarria egin ahal izango litzateke, eta fitoplankton-populazioak kontrolatzeko aukera emango luke horrek.

Egileari buruz

Aitor Alonso González (Basauri, 1983) Biologian doktorea da, eta Ingurumen Kutsadura eta Toxikologiari buruzko master bat egin du. Emma Orive Aguirre eta Sergio Seoane Parra UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko irakasleen zuzendaritzapean idatzi du tesia. Unibertsitate horretako Fitoplankton Laborategian egin du ikerketa.

Informazio osagarria

  • Aitor Alonso, tesiaren egilea., Monika del Valle / Argazki Press
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: