#GaiNagusiak

Tumoreen aurkako proteinak identifikatu ditu Neiker-Tecnaliak Euphorbia trigona landarearen latexean

Noiz argitaratua: 12/06/21 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 Latex tanta

Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak Euphorbia trigona landarearen latexean dauden tumoreen aurkako proteinak identifikatu, isolatu eta karakterizatu ditu. Neiker-Tecnaliaren Bioteknologia Sailak erauzitako proteinek tumore-zelulak kaltetzeko ahalmena erakutsi dute. Horrenbestez, landare horren latexaren proteinak minbiziaren aurkako entsegu klinikoetan erabil daitezke. Ikerketa-lan hori Oviedoko Unibertsitatearekin elkarlanean egin dute, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak finantzatu du.

Latexa hainbat substantziak osatzen dute, hala nola proteasa, kitinasa, oxidasa eta lektina proteinek; proteina horiek guztiek landarea babesten laguntzen dute. Lektina proteinak oso aproposak dira mintzen egitura aztertzeko eta eraldaketa gaiztoak detektatzeko, besteak beste. Horrenbestez, interesgarria da oso biomedikuntzan aplikazio ugari izan ditzakeen latexa duten landare emankorrak eta aklimatazio errazekoak identifikatzea. Testuinguru horretan, Neiker-Tecnaliak Euphorbia trigona landarearekiko apustua egin du; afrikar jatorriko landare ederra da, Euphorbiaceae familiakoa.

Neiker-Tecnaliako eta Oviedoko Unibertsitateko zientzialariek Euphorbia trigona landarearen latexean RIP (Ribosome Inactivating Protein) familiako hiru proteina aurkitu zituzten. Proteina horiek eukariotoen erribosomak inhibitzeko gai izan ziren, eta, gainera, jarduera zitotoxikoa —zelulak kaltetzeko gaitasuna— erakutsi zuten zenbait tumore-zelarekin.

Tumoreen aurkako jarduera ez ezik, latexean zeuden lektinek onddoek eragindako infekzioei aurre egiteko gaitasuna zutela ikusi zuten ikertzaileek. Onddoei aurre egiteko ahalmen horrek bide berriak irekitzen ditu latexaren proteinen aplikazio berrien aurkikuntzan, zenbait gaixotasunen aurkako borrokaz ari garela.

Lektinak, gaur egun, erabilera anitzeko landare-proteinak dira biologiaren eta biomedikuntzaren oinarrizko ikerketan eta ikerketa aplikatuan. Hamaika aplikazio dituzte bioteknologiaren alorrean, batik bat hiru arlotan: proteina bioaktibo gisa, harrapariei aurre egiteko defentsa-sistema hobetzeko eta biomedikuntzan, diagnostiko eta tratamendu terapeutikorako. Hain zuzen, mihuratik erauzitako lektina bat erabiltzen da gaur egun minbiziaren aurkako tratamenduan printzipio aktibo gisa, eta Iscador eta Isorel izenekin merkaturatzen da. Lektinek, halaber, bestelako funtzioak ere badituzte; izan ere, birusen, bakterioen, onddoen eta intsektuen aurkako jarduera dute.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Neiker-Tecnalia
  • Latex tanta, Neiker-Tecnalia
  • Euphorbia trigona, Neiker-Tecnalia
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: