#GaiNagusiak

Nekazaritza eta industriako hondakinak, ontzi biodegradagarriak ekoizteko oinarri

Noiz argitaratua: 12/06/21 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Pedro Guerrero

Soja-proteina isolatua soja-olioaren ekoizpenaren azpiproduktua da, eta UPV/EHUko Pedro Guerrero doktoreak prestatutako material biodegradagarrien lehengaia izan da.

Gaur egun, plastikoen erabilera oso hedatuta dago, hainbat arlotan. Hala ere, plastiko sintetikoak ekoizteko baliabide ez berriztagarriak erabiltzeak ingurumen-eragin handia dauka. Zehazki, ontzien sektoreak ez biodegradagarriak ez berriztagarriak ez diren polimeroak modu intentsiboan erabiltzearen ondorioz, arazo larria sortzen ari da hondakinen kudeaketan, nagusiki hiri-hondakinen kudeaketan. Izan ere, helburu horretarako erabilitako materialak, normalean, behin erabili eta bota egiten dira.

Biopolimeroetan oinarritutako ontzien diseinuak hainbat alderdi izan behar ditu kontuan, nahi den aplikaziorako eskatutako propietateak dituzten materialak ekoitzi ahal izateko. Horren jakitun izanda, Pedro Guerrero ikertzaileak material biodegradagarriak lortu ditu, material sintetikoak lortzeko erabiltzen diren prozesatze-teknikak baliatuta, industria-azpiproduktu bat (soja-proteina) baliarazita elikagaien ontziak fabrikatzeko. UPV/EHUn aurkeztu duen nazioarteko doktorego-tesiaren izenburua Processing and characterization of soy protein-based materials da, eta Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko Material Berriztagarrien Ingeniaritzako doktorego-programan inskribatuta dago.

Soja-proteina lehengai gisa

Landare-proteinak kopuru handian daude eskuragarri, eta soja-industriako hondakinak dira bolumen handiena dutenak, bereziki olio-ekoizpenean sortutakoak. Solbatzaile bidezko erauzketa industria-prozesua da, eta gaur egun soja-olioa lortzeko erabiltzen da; prozesu horretan, soja bi frakziotan banatzen da: olio gordina (sukalde-olio izateko transforma daiteke), eta proteina-frakzio bat, soja-irina (isolatuan eta kontzentratuan transformatzen da).

Proteinak ontzien esparruan aplikatzeko propietate potentzialak dituzten biopolimeroak dira; izan ere, egoera lehorretan hesi-propietate onak dituzten filmak eratzeko gaitasuna daukate. Horrez gain, biodegradagarriak direnez eta baliabide berriztagarrietatik datozenez, abantaila handiak eskaintzen dituzte ingurumen- eta ekonomia-ikuspuntutik. “Hala ere, proteinetan oinarritutako filmak hauskorrak dira, eta hezetasunarekiko erresistentzia txikia daukate. Beraz, aldatu egin behar dira, zerbitzu-kondizioetan erabilgarri diren materiak ekoizteko. Tesiaren xedea hau izan da: hezetasunaren xurgapena murriztea, eta, aldi berean, soja-proteinarekin ekoitzitako materialen propietate mekanikoak hobetzea. Horretarako, proteinaren talde polarrekin elkarreragina izan dezaketen substantziak gehitu behar dira; horrela, bere izaera hidrofilikoa eta hezetasunaren xurgapena murriztuko lirateke, eta, aldi berean, plastifikatzaile modura jardun ahal izango dute, ekoitzitako materialaren hauskortasuna murriztuz. Horrez gain, prozesatzearen baldintzek ere eragiten dute materialaren propietateetan. Beraz, prozesatzearen optimizazioa tesiaren beste helburu bat izan da”, azaldu du Pedro Guerrero ikertzaileak.

Zerbitzuan propietate egokiak dituzten produktu biodegradagarriak

Lan horretan funtzio-propietate bikainak dituzten material gardenak lortu dituzte, eta horiek ohiko industria-teknikekin prozesatu (estrusioa, konpresioa). “Horrez gain, materialen propietate mekanikoek aldatu gabe jarraitzen dute bi hilabetez biltegiratuta egon ostean; hori oso interesgarria da material horiek ontzietarako aplikatzeari begira. Bestalde, argi ultramorearekiko erresistentzia bikaina da, eta horrek adierazten du material horiek ahal handia daukatela elikagaietarako ontzitzat erabiltzeko. Izan ere, ontziratutako produktuan argiak eragiten duen oxidazioa atzeratu egiten dute. Nabarmendu behar da, era berean, lortutako materialak oxigenoarekiko duen iragazkortasuna eguneko 10 g/m2 baino txikiagoa dela; horrek adierazten du material iragazgaitzak direla”, esan du, amaitzeko, Guerrerok.
 

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, UPV/EHU
  • Pedro Guerrero, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: