#GaiNagusiak

NUPeko zenbait ikertzailek begiradaren jarraipenerako sistema merkeago eta zehaztasun handiagoko bat garatzen dihardute

Noiz argitaratua: 12/06/13 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Ezkerretik eskuinera, Rafael Cabeza Laguna, Leonardo De Maeztu Reinares, Arantxa Villanueva Larre, Juan José Cerrolaza Martínez eta Mikel Ariz Galilea ikertzaileak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Biomedikoko ikerketa-taldeko zenbait kide lanean ari dira "Begiradaren jarraipenean oinarritzen diren ordenagailuen interfazeen unibertsalizazioa" izeneko proiektuan. Helburua da gailu merkeago bat garatzea, bereizmen handikoa eta orain arte mota horretako sistemekin lortutakoa baino zehaztasun handiagokoa. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du proiektua, eta Kopenhagueko IT Unibertsitatearekin lankidetzan garatzen ari dira. Egiteko epea, hiru urtekoa, 2012aren amaieran bukatzen da; hala ere, beste ikerketa-lerro bat ireki da eye tracking (begiradaren jarraipena) sistema kanpoaldeetara zabaltzeko.

Funtsean, begirada jartzen den puntua (begira gauden puntua) ebaluatzeko aukera ematen duen prozesu bat da eye tracking. Arantxa Villanueva Larre proiektuaren ikertzaile nagusiak dioenez, orain arte, eye tracking sistemen aplikazioak nahiko mugatuak ziren, eta ezintasuna duten pertsonei laguntzeko erabiltzen ziren gehienbat; eye tracking sistemak bidea ematen du ordenagailuaren teklatua eta sagua ordezteko, pantailaren zein aldetara begira ari garen atzematen duen sistema batekin, eta begia kliskatuz edo begirada denbora batean ezarriz, ordenagailuaren kurtsorearekin elkarreraginean jarduteko. "ELA (albo-esklerosi amiotrofikoa) duten gaixoekin erabiltzen da; izan ere, adimenez gaitasuna duten baina mugitzeko ezintasuna duten pertsonak dira, eta gaixotasunaren azken faseetan ere begien mugimendu kontrolatuari eusten diote", azaldu du.

Halaber, merkatu-ikerketetan eye tracking sistema erabiltzen da (pertsona batek supermerkatu batean dabilenean arreta zein produktutan jartzen duen jakitea, web-orrialde bat nola irakurtzen duen eta arreta zein unetan jartzen duen jakitea, eta abar). "Azken urteotan, teknologia honek garapen zabalagoa izan du, eta beste aukera batzuk aztertzeko aukerak zabaltzen ari dira: bideojokoetarako aplikazioetatik kanpo-sistemetaraino, esaterako, ibilgailuak gidatzeko laguntza".

Kostu txikiagoa eta zehaztasun handiagoa

Badira hainbat enpresak merkaturatutako eye tracking sistemak, hardware oso espezifikokoak eta zehaztasun handiko emaitzak lortzen dituztenak, baina beren prezioak hain dira handiak eta funtzionatzeko eskakizunak hain zorrotzak, ezen zailak baitira etxean aplikatzeko. "Gure proiektuaren ideia—dio Villanueva irakasleak— kostu txikiko eye trackinga egitea da, erabiltzaileak instalatu ahal izatea softwarea bere gailuan eta ohiko web-kamera bat erabiltzea, argiztatzaile gehigarririk gabe eta optika oso garestiaren beharrik gabe".

Hauek osatzen dute proiektuan jarduten duen NUPeko ikertzaileen taldea: Arantxa Villanueva Larre, Rafael Cabeza Laguna, Sonia Porta Cuellar, Juan José Cerrolaza Martínez, Laura Sesma Sánchez, Mikel Ariz Galilea, Leonardo De Maeztu Reinares eta Victoria Ponz Sarvise. Aurkitu dituzten arazoak, hain zuzen ere, optikarekin eta irudiak atzemateko gailuekin lotuak daude. "Web-kamera arrunt batekin jarduten duzunean, irudia ez da hain kalitate handikoa, eta begi-ninia atzematea zailagoa da. Esaterako, irisaren erdigunea ia kalkulatuta daukagu, baina eragiketa- eta kalkulu-multzo oso bat berregin behar dugu, erabiltzailea pantailaren zein puntutara begira ari den zehazteko".

Proiektuaren esparruan, ehun erabiltzailetik gora dituen datu-base bat prestatu dute —hainbat puntutara begira zeudela grabatu dituztenak—, eta proba-banku eta erreferentzia gisa erabiliko da. "Era berean, hainbat algoritmo garatu behar ditugu, eta buruaren kokapenak eta ikusmen-angeluak nola eragiten duten atzeman, zeren emaitza horiek funtsezkoak izango baitira begiradaren jarraipen zehatza lortzeko. Adibidez, begien ertzak atzemateko algoritmoetan emaitza onak lortu ditugu begiaren kanpoko ertzari dagokionez, baina emaitzak ez dira hain onak barneko ertzean atzematen saiatzen garenean".

Gainera, proiektua landu duen taldeak beste helburu bat ere ezarri du: eye tracking sistema kanpoaldeetara zabaltzea eta hainbat ingurutan izan ditzakeen aplikazioak aztertzea, esaterako, ibilgailu batean. "Probak egin ditugu kanpoaldeetan grabatutako bideoekin, eta lortutako emaitzek ildo horretatik jarraitzera animatzen gaituzte. Ibilgailuen kasuan, zailtasun handienetako bat da kanpoko argiztatze-maila etengabe aldatzen dela, eta ezaugarri hori funtsezkoa da irudiak aztertu nahi direnean. Hala ere, irisaren erdigunea finkatzea lortu dugu, baina begia zein puntutara begira dagoen zehaztea falta zaigu".

Ikertzaileek uste dute lerro honek emaitza asebetegarriak sorraraziko balitu aukera berriak zabalduko liratekeela: "Pentsa gidatzen ari zarela eta irudi-kopuru jakin batean sistemak ez dituela zure begiak atzematen. Kasu horretan alarma bat aktibaraz genezake, ulertuko genuelako ez zaudela aurrera begira edo zerbait gertatu zaizula. Mota horretako aplikazioez ari gara, ibilgailuaren edo kanpoaldeko zein aldetara begira ari zaren zehaztasunez atzemateko aukera ematen duten sistemez, gero informazio hori erabili ahal izateko".

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, www.unavarra.es
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, www.unavarra.es
  • Ezkerretik eskuinera, Rafael Cabeza Laguna, Leonardo De Maeztu Reinares, Arantxa Villanueva Larre, Juan José Cerrolaza Martínez eta Mikel Ariz Galilea ikertzaileak., www.unavarra.es
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: