#GaiNagusiak

Eguzki-argiarekin interakzioa duten eta gai kutsagarriak ezabatzen dituzten nanopartikulaz osatutako hormigoirako estaldurak garatu dituzte

Noiz argitaratua: 12/05/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Ingurumena #Teknologia
 Ezkerretik eskuinera, Aitor Urrutia, Javier Goicocechea, Miguel Hernáez, Ignacio Matías, Patxi Arregui eta Pedro Rivero ikertzaileak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait ikertzailek eraikuntza-materialetarako estaldura-mota berezi bat garatu dute: eguzki-argiarekin interakzioa duten eta airean dauden gai kutsagarri jakin batzuk erreakzio kimiko baten bidez ezabatzen dituzten nanpartikulaz osatuta dago. Egindako aurreikuspenen arabera, atmosferaren kutsaduraren murrizketa % 90ekoa izan liteke aireratutako nitrogeno-oxidoen kasuan, % 80koa hidrokarburoen kasuan eta % 75ekoa karbono monoxidoen kasuan. Estaldura horiek Ecofotomat proiektuaren emaitza dira. Proiektu horretan, Unibertsitatearekin batera, parte hartu dute L’Urederra zentro teknologikoak eta Obras y Servicios TEX eraikuntza-enpresak.

Javier Goicoechea ikertzaileak azaltzen duenez, estaldurek "efektu fotokatalitikoa duten nanopartikula berezi batzuk dituzte argiarekin interakzioan sartzen direnak;, ondorioz, hainbat erreakzio kimiko sorrarazten dituzte, airea garbitzen eta zikinkeria desegiten dutenak". Proiektu honetan hormigoia hartu da langai, eraikuntzarako oinarrizko materiala baita. L’Urederra enpresak nanopartikulak fabrikatzen ditu, eta egokitu egiten ditu estalduretan jarri ahal izateko; eta TEX enpresak hormigoia eta eraikuntza-materialari buruzko zehaztapen teknikoak jartzen ditu, proiektuaren azken helburua merkaturatu daitekeen produktu bat lortzea baita: "Badira mota horretako estaldurak dauzkaten zeramikak, baina hemen hormigoiarekin eta disoluzio likidoekin lanean ari gara, azken estaldura pintura baten ahalik eta antzekoena izatea interesatzen zaigulako: obran jar daitekeena, ez oso garestia, eta kanpoaldean luze iraungo duena".

Goicoechearen ustez, "hoberena da oso estaldura meheak direla, mikrometro bat (metro baten milioirena) baino txikiagoak, eta materialaren profilera oso ongi egokitzen direnak. Adibidez, hormigoia beti da oso porotsua eta estaldura honek azalera porotsu hori guztia aktibo bihurtuko luke eguzkiaren argia hartzean". Gainera, estaldura gai da azalean itsasten diren konposatu kimiko batzuk degradatzeko ere, eta horrela, eragozten du bakterioak, onddoak, eta abar ugaltzea.

Iraunkortasuna eta probak

Iraunkortasunari dagokionez, estaldura-material inorganiko batez osatua dago. "Kasu hau ez da pixkanaka askatuz doan eta une batean agortzen den bakterioen aurkako eragile batekin egindako estalduraren kasua; honek ez du eraginkortasuna galtzen —azaldu du ikertzaileak—. Kasu honetan, materialak berak dauka propietate hori: eguzkiaren argia jasotzean, aireko gai kutsagarriei, zehazki monoxidoei eta nitrogeno-oxidoei, erasotzen dieten erradikal askeak sorrarazten ditu bere azaleran. Lortu behar duguna da matrize bat aski gogorra eta iraunkorra nanopartikula horiek azaleran geldiarazteko, eta estaldura horrek irautea, eta hori guztia arrazoizko kostu batekin egitea".

Proiektuan jardun duen NUPeko ikertzaile taldea honako hauek osatzen dute: Pedro Rivero kimikariak; Natxo Matías eta Miguel Hernáez telekomunikazio-ingeniariek; eta Patxi Arregui eta Javier Goicoechea industria-ingeniariek. Gasen murrizketa neurtzeko laborategirik ez dutenez, proba estandarizatu bat egin dute, tinta urdinkara bat jarriz estaldura ezarri zaion hormigoiaren azaleran. "Hormigoia argiaren pean jartzen denean, ikus daiteke estaldura duen guneak nola suntsitzen duen tinta, eta aldiz, ez du ia aldaketarik eragiten gainerako gainazalean. Tinta degradatzean, azter dezakegu nola eragiten duen estaldurak argia jasotzean eta nola degradatzen dituen airean dauden gai kutsagarriak eta itsatsita dauden zenbait konposatu", diote.

Ecofotomat diruz lagundu dute Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak eta Eskualdeak Garatzeko Europar Funtsak, eta egiteko epea 2013ko ekainean bukatzen da; hala ere, NUPeko ikertzaileek proiektuan duten egin beharrekoa bukatuta dago. Proiektu hori INNPACTO programan sartzen da, eta programa horretara Ministerioak deitzen du ikerketa-erakundeen eta enpresen arteko lankidetza-proiektuak sustatzeko xedez. I+G+b proiektuak egin nahi dira elkarlanean, jarduera berritzailea sustatzeko, inbertsio pribatua mugitzeko eta enplegua sortzeko.

"Idealena litzateke proiektu honek bigarren fase bat edukitzea haratago joan ahal izateko —adierazi du Javier Goicoecheak—. Gure lana izan da zenbait matrize merke eta iraunkor garatzea, zeren eraikuntzan beti ibili behar baitugu oso irabazi-tarte txikiekin, kostu murritzekin, eta hogei eta hogeita hamar urte bitarteko bermeekin. Esaterako, ez daukagu fatxada oso bat, estaldura jarri eta nola eragiten duen ikusteko. Egiazko zahartzea ikusi nahiko bagenu, denbora pasatzen utzi beharko genuke edo bizi-test azkar bat egin beharko genuke, ikusteko zein estaldurak irauten duen luzeen, eta, beharbada, ikusteko zein estaldura den egokiena klima batean edo bestean".

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, www.unavarra.es
  • Ezkerretik eskuinera, Aitor Urrutia, Javier Goicocechea, Miguel Hernáez, Ignacio Matías, Patxi Arregui eta Pedro Rivero ikertzaileak, www.unavarra.es
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: