#GaiNagusiak

Q sukarraren aurkako tratamendu antibiotikoaren eta txertoaren eraginak ardi-aziendan aztertu ditu Neiker-Tecnaliak

Noiz argitaratua: 12/05/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak

Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko zientzialariek Q sukarra kontrolatzeko tratamendu antibiotikoaren eta txertoaren eragina neurtu dute ardi-aziendetan. Patologia horrek batik bat abortuak eragiten ditu; zenbaitetan garaiz aurreko erditzeak eragiten ditu ardietan, baita bildotsak pisu gutxirekin eta ahul jaiotzea ere. Gaixotasun hori kontrolatzea oso garrantzitsua da abeltzaintzarako. Izan ere, erraz transmititzen da animalia batetik bestera eta galera ekonomiko handiak sortzen ditu. Gainera, infektatutako ganadu edo aziendarekin kontaktuan dauden pertsonak ere kutsa daitezke.

Q sukarra munduan zehar hedatua dagoen eta Coxiella burnetii bakterioak eragiten duen zoonosi bat da —animalietatik gizakira transmititzen den gaitza—. Animalietan, normalean, ugalketa-arazoak sortzen ditu. Pertsonetan, berriz, litekeena da Q sukarrak sintomarik ez eragitea eta gripe arin bat balitz bezala nabaritzea. Dena den, zenbait kasutan gerta liteke pneumonia edo hepatitis bat balitz bezala, edota biak aldi berean, azaltzea.

Neiker-Tecnaliaren ikerketa ardi-aziendetan oinarritu da, infekzioaren gordailu nagusienetako bat baitira Euskal Herrian. Ikertzaileek egiaztatu dute Euskadiko artaldeen % 74k gutxienez animalia bat duela Coxiella burnetii bakterioaren aurkako antigorputzekin. Animalia batek antigorputz horiek edukitzeak bakterioarekin kontaktuan egon dela esan nahi du. Horrek ez du esan nahi, hala ere, nahitaez Q sukarra izan duenik. Ehuneko horiek zertxobait baxuagoak dira ahuntz-azienden kasuan (% 45) eta behi-azienden (% 43) kasuan.

Lehendabizi, antibiotikoa oxitetraziklinarekin aplikatu zuten Q sukarraz jotako artalde batean. Ikertzaileek antibiotikoa umea egiteko zeuden ardiei eman zieten ernaldiko 100. eta 120. egunetan, eta abortu-kopurua gutxitzea lortu zuten. Dena den, artaldea osotasunean hartuta, oxitetraziklina ez zen eraginkorra suertatu infekzioa murrizteko, ez eta bakterioa ezabatzen duten animalien kopurua murrizteko ere ez. Horrenbestez, Neiker-Tecnaliak indar egiten du albaitari-medikuntzaren alorreko ikerketa areagotzeko. Izan ere, ardi-espeziearentzat baimendutako antibiotiko gutxi daude bakterio intrazelularren aurka eraginkorrak, hala nola Coxiella burnetiiren aurka eraginkorrak.

Txertoa, etorkizun handiko kontrol-metodoa

Inaktibatutako txerto bat aplikatu zuten, eta emaitza oparoagoak eskaini zituen. Coxevac ® txertoa erabili zuten, eta haren eraginkortasuna epe motzean ( urte bat) eta epe luzean (4 urte) aztertu zuten. Lehenengo urtean, ez zuten berehalako efekturik atzeman, aztertutako artaldeen infekzio-maila altua baitzen. Hala ere, urtez urteko txertoekin infekzioa gutxitzea lortu zuten, lau urtean infekzioa erabat desagerrarazteraino.

Txertoak ondorio onuragarriak izan zituen abortuen kontrolari dagokionez. Izan ere, txertoa hartu eta urtebetera, nabarmen murriztu ziren abortuak (<2%). Q sukarrak % 6 eta % 10 bitarteko abortu-tasa eragiten du ardi-aziendan.

Lau urtez ardi-aziendak txertatu ostean, nahiz eta animalietan infekzioa nolabait desagertu, Coxiella burnetii bakterioa ez zen errotik desagertu ardi-aziendan. Izan ere, bakterio horrek iraun egiten du ingurumenean, eta, horrenbestez, ardi-aziendaren instalazioetan (gainazaletan, zoruan, aerosoletan) denbora luzez egon zen. Beraz, Q sukarraz infektatutako artaldeei gutxienez bost urtean txertoa jartzea gomendatzen du Neiker-Tecnaliak. Txertoa jartzean, arreta berezia jarri behar da animalia gazteetan eta txertoa lehenbailehen jarri, ahalik eta azkarren immunizatzeko.

Coxiella burnetii ezabatzeko bideak

Coxiella burnetii bakterioa ezabatzeko bide nagusiak baginako fluidoak eta gorozkiak direla, eta neurri txikiago batean, esnea, egiaztatu zuten Neiker-Tecnaliako teknikariek. Esnearen bidezko ezabatzea batik bat erditu osteko lehenengo hilabetean gauzatzen da; baginako iraizketak eta gorotz-iraizketek, ordea, luzaroago irauten dute. Ezabatze horrek instalazioetan bakterio horren presentzia areagotzea eragiten du. Horrenbestez, gaixotasuna Q sukarrarekiko sentikorrak diren animalietara eta haiekin lanean diharduten pertsonetara transmititzeko arriskua areagotzen da.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Neiker-Tecnalia
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: